• Udal aurrekontuetarako parte-hartze prozesuaren inguruan

    Irungo udal gobernuak 2015eko aurrekontuetarako martxan jarri duen parte-hartze prozesuak zeresan handia eman du azken asteotan. Santano jaunak 1,5 milioi euro mahai gainean jarri ditu hiritarrek zein proiektutan inbertitu erabaki dezaten. Oposizioko taldeok komunikabideen bitartez jakin genuen irailean egitasmo horren berri; beraz, talde politikoekin adostu gabeko ekimena jarri du abian, berriro ere, minorian gobernatzen duela ahaztuta. Begi bistakoa da alkate sozialistak, beregan ohikoa den moduan, komunikabideetako titularrak eta marketing-a lehenetsi dituela gainerako korporazioko kideekiko errespetuaren aurrean.

    Iraila amaieran Ogasuneko batzorde berriemailean parte-hartze prozesu horren berri galdetu genuen eta erantzuna horretan lanean ari zirela izan zen. Ez genuen prentsan irakurritakoaz haratagoko informaziorik jaso eta PSEk ez zuela ez metodologiarik ezta funtzionamendu araurik ere salatu genuen publikoki. Gobernu sozialistaren gardentasun falta eta inprobisazioa agerian geratu ziren batzorde hartan.

    Horrelako prozesu garrantzitsu batek udal talde politikoen adostasunarekin abiatu behar zuela deritzogu, eta kasu honetan ez da horrela izan. Alkate sozialistak ez du adostasunik bilatu nahi izan. Udalbatzaren eskumena da aurrekontu partidak zehaztea, ez alkatearena. Halaber, ez dugu ekarpenik egiteko aukerarik izan, bozeramaile batzordean prozesuaren metodologia aurkeztu eta handik ordu gutxitara Irungo elkarte desberdinekin bilera antolatu baitzuen egitasmoaren nondik norakoak azaltzeko. Zein da ekarpenak egiteko dugun tartea, publikoki alkateak bere parte-hartze prozesua zalaparta handiz saldu duenean eta, jada, eragile desberdinei horren berri eman dienean? Berriro ere, Santano jaunaren formak erabat deitoratzen ditugu.

    Abiapuntu egokia izango litzateke parte-hartzera bideratutako diru-partidaren zenbatekoa eta prozesua zehaztuko lukeen metodologia talde politiko guztien artean adostea. Ondoren, kopuru hori −edo beste kopuru bat− aurrekontu-proiektuan sartu, eta behin 2015eko udal aurrekontuak onartuta, parte-hartze prozesua martxan jarriko genuke guztion artean erabakitako diru-partida hori hiritarrek zertara bideratu nahiko luketen erabakitzeko.

    Sistematizatutako eta araututako hiritarren parte-hartzean sinesten dugu, eta ideiak emanez eta iradokizunak eginez, hiritarrak hiriaren eraikuntzan eta hobekuntzan parte aktibo izatearen aldeko apustua egiten dugu. Horretarako ezinbestekoa iruditzen zaigu gizarte antolatuan oinarrituta, prozesuak sistematizatzea eta arautzea.

    Horrekin lotuta, Hiritarren Parte-hartze Kontseilua eratzea proposatuko dugu gure hauteskunde programan; kontseilu anitza eta irekia, non alderdi politikoak, gizarte eta kultur eragileak, kirol elkarteak, auzo elkarteak eta hiritarrak ordezkatuak dauden. Bere betebeharrerako eta erabakiak hartzeko Udalak emandako boterea izango lukeen kontseiluaren alde egiten dugu. Esate baterako, urtero, gastuaren lehenestearen eta burutuko diren inbertsioen beharrak eta irizpideak zehaztuko lituzke, aurretik egoeraren azterketa eginda, horiek aurrekontu proiektuan sartzeko aukerarekin, xedatutako kontrol eta irizpideak kontuan hartuta, baina beti arauak lehenago ezarrita eta arbitrariotasunera lotu gabe. Laburbilduz, denok denon beharrak entzungo lituzketen kontseilua izango litzateke, hiria egiten lagunduz. Parte-hartze prozesutik ateratako proposamenak erakunde eskudunak aukeratuko lituzke.

    Azkenik, argi utzi nahi dut EAJ-PNVn hiritarren parte-hartzea sustatzearen ideiarekin erabat ados gaudela, baina ondo egin behar dela uste dugu, etxea teilatutik eraikitzen hasi gabe, aurretik helburu argi batzuk eta prozesuari sinesgarritasuna emango dion metodologia zehaztuz.

    Utzi zure erantzuna →

Utzi zure erantzuna

Cancel reply

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies