Urte eta erdi baino gehiago zain

Duela hiru urte inguru, Irungo Udalak, oposizioko taldeen eta gizarte-eragileen ekimenez, gure hiriko herritarren parte-hartzea arautuko zuen araudi bat lantzeko, talde eragile bat jarri zuen martxan. 2019ko otsailean, Partaidetzako Araudia amaitutzat eman zen, talde guztien, udal-teknikarien eta gizarte-ordezkarien adostasunarekin. Behin hau amaitu zenean, dokumentua behin betiko onartua izan zedin, Udalbatzara eraman besterik ez zen eraman behar. Baina, hori ez da egun arte gauzatu.

2019ko irailean, hauteskundeak pasa ondoren, gobernuko eta oposizioko egitura berriekin, Aurrekontu Parte-hartzaileen prozesuaren berri emateko bilera bat deitu zen. Bilkura horretan, laster, beste bilera bat deituko zela jakinarazi ziguten, bertan adostutako Araudiaren testua berriro onartzeko. Hitzak ordea hitz besterik ez ziren izan, osoko bilkurara ez eramateaz gain, egun oraindik ez zaigu atzerapenaren inguruko inolako azalpenik eman eta.

Ez da gaia jorratzen dugun lehen aldia, galderak eta kontsulta dezente egin ditugu, eta guztietan Udalbatzara laster eramango dutela erantzun zaigu. Oraindik esperoan gaude. Are gehiago, aurtengo uztaileko azken Batzorde Informatiboan, Irungo Herritarren Foroko kide batek horren inguruko galdera egin zuen, eta hauek Covid19ak eragin duen egoerarekin ezinezkoa izan zaiela adierazi zuten. Ez dugu ahaztu behar, 2019ko otsailetik 2020ko otsailera ez zela Covid-ik izan. Zergatik ez da oraindik araudia onartu, honek udal-teknikarien, talde desberdinen eta gizarte-ordezkarien adostasuna eta oniritzia baditu? Akaso gobernuari ez zaio interesatzen, Udalaren gardentasuna eta hiriko proiektu garrantzitsuetan herritarren parte hartzea sustatzen dituen araudi bat indarrean izatea? Gure ustez, ezinbestekoa da Araudi hau lehenbailehen Osoko Bilkurara eraman eta guztion artean onartzea. Guztion lanari esker eta adostasunarekin osatu den araudia baita hau.

Gainera, gure taldeak ekarpen baliotsuak egin zizkion araudi horri. Besteak beste; dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako informazio guztia eskuragarri jartzea eta unibertsalizatzea, udal-plataformetan udaleko talde politiko guztien ekimenei eta proposamenei buruzko informazioa eta xehetasunak esleitzea, eta hiriko partaidetza-prozesuak antolatu eta ebaluatzeko ordezkari politikoek, gizarte-eragileek eta teknikariek osatutako talde eragile egonkor bat sortzea. Era berean, herritarren parte-hartzea eta horren inguruko elkarteen dinamikak integratuko dituen partaidetza-eredu bat lortzea, hala bi dinamikak osagarriak izan daitezen.

Era berean, araudi honen bitartez Aurrekontu Parte-hartzaileen ahalmena handitzea lortzeaz gain, gardentasun handiagoa eta udal jarduerari buruzko informazio osatuagoa emango zaie herritarrei. Izan ere, uste dugu, aurrekontu parte-hartzaileak zentzu zabalagoan eta irekiagoan eratu behar direla, eta ez gaur egun egiten dena soilik jaso. Lan taldeko kide guztiek (talde politikoak, udal-teknikariak eta elkarteetako ordezkariak) onartutako ekarpen hauekin, etorkizunerantz begiratu eta erabakietan eta proiektuetan parte hartzearen eta informazioaren gardentasunaren aldeko apustua egiten dugu. Horrela, Irungo herritarren erabakitzeko ahalmena handitu eta parte-hartze aktiboa sustatuko da. Halaber, Partaidetzarako Araudi berri honek hiritar guztientzat eskuragarri egon beharko luke. Baita “irakurketa erraza” deritzon bertsioan ere, hala eskatu genuen egindako bileretan. Informazioaren erabilerraztasunaren alde egin behar delako. Ezin ditugu horrelako gai garrantzitsuak hainbeste lardastu.

Horregatik, Araudi hau izapidetzen has dadila eskatzen dugu, ahal bezain pronto behin betiko onar dadin. Covid19a ezin da izan aurrera ez egiteko arrazoia edo aitzakia. Are gehiago, udal gobernuak dagoeneko onartuta eta jardunean izateko urte eta erdi baino gehiago izan duenean. Aurrerapausoak ematen jarraitu behar da, eta gardentasunaren eta herritarrek Irungo proiektuetan parte hartzearen aldeko benetako apustua egin behar da.

Euskararen aldeko apustuak ez luke hitz hutsetan geratu behar

Duela bi urteko Euskaraldiari jarraipena emateko asmoarekin, aurten ere 2020an Euskaraldiak Irunen leku izango du. Urrats berria dakarren edizioa izango da hau gainera, norbanakoek ez ezik entitateen parte hartzea sustatuko duena, hizkuntza praktika berriak bultzatzen jarraitzeko asmoz. Honen harira, esan nahiko genuke hitzez gain ekintzek ere zer esan handia dutela euskaran zein edozein alorretan. Euskara sustatzen dugula esaten badugu, hau bultzatzen duten ekimenetan parte hartzeak beharrezkoa izan beharko luke. Horregatik, gu, Irungo EAJ-PNV, arigune izango gara datorren azaroak 20an hasiera izango duen Euskaraldian. 

Pixkanaka bada ere, aurrera pausoak eman behar ditugu Irunen. Euskarak gero eta erabilpen maila handiagoa du gure inguruan, baina oraindik asko da egiteko, eta zoritxarrez, gobernuarengan ez dugu euskara sustatzeko interes errealik ikusten. Euskara sustatzea ez da orain arte aurrera eraman diren ekimenak behin eta berriro martxan jartzea, euskara sustatzea ekimen berriak hiriaren beharretara egokitzean datza. Berritzearen aldeko apustua da euskarak behar duena.

Askok oinarriak etxean ditugu, beste askok ordea ez. Horregatik da garrantzitsua Udaletik eskaintzen diren laguntza eta aukerak behar bezala helaraztea, hiritar guztiengana iristea. Bide horretan, Euskaraldiak eskaintzen duen aukeraz baliatzeko dei egin nahi diegu irundar guztiei. Euskarak hizkuntza-aniztasunari egiten dion ekarpena berezia baita. Egin dezagun benetan euskara babestearen eta sustatzearen alde, euskal ohitura linguistikoa indartu dezagun eta utz dezagun alde batera hanka sartzeko beldurra. Euskara gizarte osoarentzako elementu onuragarria eta aberasgarria da.

Halaber, eta honen harira, haur eta gazteei dagokienean, hauen aisialdian arnas guneak sortu eta euskarari lekua egiteko premia dagoela ere uste dugu, hauek euskararekin duten harremana askotan akademikoa baita soilik. Euskararen erabilera, eskolaz kanpoko ekintzetan indartu eta hirian ditugun auzo desberdinetan egitasmo berriak antolatu daitezkeela uste dugu. Esaterako; auzo elkarteekin eta haurtxokoekin elkarlanean, eremu egoki batean, euskararen erabilpena sustatzeko egitasmo bat antolatu liteke. Egungo egoerara egokituta eta behar diren prebentzio neurriak hartuz; haurrei tenperatura hartzen, jolastu aurretik eskuak garbiarazten, bederatzi haurreko taldeak osatzen, taldeak ez nahasten, distantzia soziala mantentzen, etab.

Nahiz eta egoera ez den erraza, aukera desberdin berri asko garatu daitezke, leku egokietan edota online. Euskararen aldeko apustuak ez luke hitz hutsetan geratu behar. Udala, euskararen hilabetearen harira, ikastetxeekin elkarlanean aritzen bada ere, euskara behar bezala sustatzeko, bi arlo hauen arteko elkarlanak iraunkorragoa beharko lukeela uste dugu, are gehiago berrogeialdiaren ostean. Hala adierazi genuen gainera Euskara Batzorde Informatiboan. Azken finean, euskara erabiltzeko guneak eskaintzea da garrantzitsuena. Euskara guztion ongi kulturala da.

Korrokoitz, orain dela bi urteko akordio eta antolamendu bera

Bi urte baino gehiago pasa dira legealdiak ahanzturan zeramatzan eta Korrokoitzeko eremua suspertzen zuen antolamendu akordioaren berri eman genuenetik. Hirigintza arloko udal teknikarien eta Korrokoitzeko jabetzak berak izendatutako arkitektoen arteko akordioa. Bere momentuan, alkateak eta udal-gobernuak ukatutako erabakia. Are gehiago, honen inguruan hirigintzaren legezkotasunetik kanpo zegoela eta ez zuela balio ere adierazi zuten. Orain, ordea, 2020ko irailaren 15ean, alkateak berak akordio eta antolamendu berak, gaur goizean egindako komunikazio batean onetsi ditu. Komunikazio horretan, jakin dugunez, datozen hilabeteetan proiektua garatzeko eta eraikitzeko lehen urratsak emango direla adierazi du. Pozten gara, azkenean, gure taldeak, Alde Zaharra garatzeko apustu argia egin ondoren, protagonismoak alde batera utzi eta hain beharrezkoa den eremu horretan urrats sendoak eman direlako.

Antolamendua

Korrokoitzeko egungo antolamendua 2017. urtearen amaieran adostutako antolamendu bera da, nahiz eta batzuk kontrakoa ikusarazteko tentazioa izan, hirigintza proiektu guztiek dituzten  eta antolamendua aldatzen ez duten xehetasunei eta ohiko aldaketa txikiei garrantzia emanez.

Beraz, bi antolamendu dokumentuak, duela bi urte baino gehiago aurkeztutakoa eta oraingoa aztertzen baditugu, ikusiko dugu biek datu berdinak jasotzen dituztela: Urdanibia plazaren eta Dunboako kanalaren arteko hiri-egitura bera, Dunboako kanala hiri-egituraren elementu definitzaile gisa mantentzeko planteamendu bera, metro koadro berberak, etxadi eraikigarri berberak, oinezkoentzako kale berberak, eraikuntza-erregimen bera, eta abar. 

Gure egitekoa beti izan da eta izango da, pandemia garaian egon ala ez, Irun erantzukizunez eta eraginkortasunez garatzea. Gobernuan zein oposizioan. Izan ere, guretzat politika gure gizartea hobetzeko tresna da. Hitz egitean, negoziatzean eta akordioak lortzean oinarritzen dena.

 

Orainari aurre egin behar zaio, etorkizuna begi bistatik galdu gabe

Hasi berri den ikasturte politiko berri hau gidatuko duten ildo edo ekimenak azaldu aurretik, Covid 19ak eragindako salbuespenezko egoera honen aurrean, irundarrek hilabeteotan egindako ahalegina eta erakutsitako konpromisoa aintzatetsi nahi ditugu. Egoera honetan, udal-politika gehienak sortu diren edo sortuko diren behar guztiei erantzutera bideratu beharko dira seguruenik. Baina horrek ez du esan nahi gure hiriaren onerako izan daitezkeen proiektu guztiak garatzen jarraitu behar ez dugunik.

Hiriak aurrera egin dezan beharrezko ikusten ditugun hainbat esparru sustatzearen aldeko apustua egiten dugu, hala nola; mugikortasun iraunkorra sustatzea, tokiko merkataritza eta ostalaritza bultzatzea, eta eskaintzen diren gizarte-laguntzak hobetzea eta osatzea. Era berean, etorkizuneko proiektu handiak garatzea funtsezkoa dela uste dugu, besteak beste, trenbidearen berroneratzea, Via Irun proiektua, 2021-2025 urte bitarteko PMUSa, Irun Hondarribiarekin eta Hendaiarekin lotzen duen bidegorria, kirol-instalazioak Txenpereneara eramatea. Lankidetza eta akordioa behar duten proiektuak. Izan ere, beti defendatu izan dugu: hiri-proiektu handiek adostasun politiko handia bildu behar dutela, eta etorkizunaren ikuspegi globalean oinarritu behar direla.

Mugikortasun iraunkorrari dagokionez, etorkizuna kontuan duen Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plan oso bat lantzea beharrezkoa ikusten dugu. Honen  harira, gainera, joan den uztailean jada, gure taldeak Kolon pasealekuan bidegorri zabal eta seguru bat jartzeko proposamena plazaratu zuen. Bidegorrien Sare osatu eta bateratu bat gauzatzeko proiektuaren lehen fasea izango litzateke hau. Halaber, funtsezkoa iruditzen zaigu energia berriztagarrien erabilera sustatzeko laguntzak ematen hastea ere.

Bestalde, merkataritza eta ostalaritza laguntzeari dagokionez, hiriko bi sektore hauekin harremanak izaten eta sendotzen jarraituko dugu. Hala dituzten beharrak lehen eskutik zeintzuk diren jakiteko aukera izango dugu, eta horrela, neurri egokiagoak eta eraginkorragoak planteatu ahal izango ditugu. Era berean, “Irun Aurrera” ekimenak eskaini zituen laguntza batzuen inguruko balorazioa eta hausnarketa egitea ere beharrezkoa ikusten dugu. Gure ustez, udal gobernuak, merkatari, aditu eta gainerako talde politikoekin batera, maiatzean abian jarritako “merkataritza-bonuen” eredua aldatzea eta moldatzea aztertu beharko luke.

Halaber, uste dugu ezinbestekoa dela orain arte eskainitako gizarte-laguntzek izan duten erantzunaren eta udaleko gizarte-zerbitzuen egoeraren inguruko hausnarketa bat garatzea. Arreta berezia eskaini behar diegu gizarteko pertsona ahulenei, badakigulako krisiak gehien behar dutenak zigortzen dituela.

Ekonomiari dagokionez, gure proposamena 2020ko aurrekontua birformulatzea da. Are gehiago, egoera honek urtebete baino gehiago irauteko aukera eduki dezakeela kontuan badugu. Gure planteamendua, hiriaren ongizatea hobetuko duten berehalako proiektuak lehenestea da. Ez dezagun ahaztu, urte hasierako egoerak ez duela zerikusirik egungoarekin. Horregatik, tamalez, bere garaian lehentasunezkoak ziren proiektu asko, orain, bizi dugun egoera dela eta, ez dira hala.

Orainari aurre egin behar zaio, baina ez dugu etorkizuna bistatik galdu behar. Horretarako, Irungo herritarren bizi-kalitatea eta ongizatea hobetuko duten hiri-proiektuak landu eta indarrean jarri beharko dira. Gure taldea, Irungo Udaleko bigarren indarra, prest dago, beti bezala, ideiak eta hobetzeko proposamenak proposatzeko eta guztiekin akordioa lortzeko. Horrela egin dugu beti.

Irunen kontzientziazio eta prebentzio kanpaina bat egitea proposatu dugu

Irungo EAJ-PNV udal taldetik, koronabirusari dagokionez eta udan honek izan ditzakeen eraginak kontuan izanez, alkateari eta udal gobernuari zuzendutako eskaera bat erregistratu dugu; hiritarrak kontzientziatzeko, prebenitzeko eta sentsibilizatzeko kanpaina bat abian jar dadin eskatuz.

Normaltasun berri honetan, behin pandemiaren latzena pasa dugunean eta hilabeteak konfinatuta pasa ondoren, Irungo kaleetan, nahiz eta jaiei buruzko zehaztasun ezak eta udal gobernuak izan ez dituen prebentzio neurriek ez batere lagundu, hiritarren zati handi bat prebentzio eta segurtasun neurriak behar bezala betetzeak duen garrantziaz lasaitu egin dela iruditzen zaigu; higienea, distantzia soziala, maskaren erabilera… Azken egun hauetan gure kaleetan gertatutakoa ikustearekin nahikoa da; ekainak 20, 26, 27, 28 eta 30, besteak beste. Halaber eta tamalez, Irun zenbait komunikabideetako protagonista izan da bai, egunotan izan ziren pilaketa eta derrigorrezko distantzia ez betetzearen ondorioz. Gure ustetan, udal gobernuak bere baliabide guztiak martxan jarri izan balitu, saihestu edo prebenitu zitekeen egoera da hau. Horregatik, udaran zehar izan daitezkeen egoerak egoki saihestu edo kudeatu ahal izateko, neurri zehatz batzuk hartu beharra ikusten dugu. Egoera hura ezin da berriro gertatu.

Udan murgilduta gaude, egunak luzeagoak dira eta eguraldia ere hobea da garai honetan. Ondorioz, pertsona askok denbora gehiago pasatzen du kalean, aire zabalean. Familian, lagunen artean, bikotean zein banaka. Egoera honen aurrean, koronabirusari aurre egiteko, oso garrantzitsua da norbanakoaren erantzukizuna, noski, baina baita erakundeena ere.

Horregatik, nahiz eta neurriak jaiak edo ez jaiak baino lehen hartu behar ziren, batez ere beste herri batzuetan izandako gertakariak ikusi ondoren, eta gipuzkoarren %45,5ak maskara erabiltzen ez duela adierazten duten datuak kontuan izanik, EAJ-PNVtik uste dugu premiazkoa dela ahalik eta lehen uda honetarako informazio, prebentzio, sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpaina bat abian jartzea. Bai kaleetan eta baita sare sozialetan ere hedatu beharko litzakeena eta abiapuntu gisa honako neurriak kontuan eduki ditzakeena; posta bidezko informazio banaketa orokor bat, birusa eusteko bermerik onena banakako erantzukizun jarraitua mantentzeak duen garrantzia jasotzen duen informazioa helaraztea, gizarte distantzia mantentzea oso zaila den eremuetan informazio panel zehatzak jartzea, esparru itxietan maskarak erabili beharrari buruzko tamaina handiko informazio kartelak, etab. Eta nola ez, esan bezala, milaka irundarrek parte hartzen duten sare sozialetan ere prebentzio kanpaina bat martxan jartzea.

Kolon pasealekuan bidegorri zabal eta seguru bat

EAJ-PNVtik Udal gobernuri gure hiriaren erdigunean dagoen Kolon pasealekuan bidegorri bat ahalbidetzeko aukera azter dezala eta kontuan izan dezala proposatu diogu gaurkoan. Bidegorri horrek, herritarrek gehien errepikatzen duten beharretako bati erantzuteaz gain, hiri garbiago, seguruago, adeitsuago eta ingurumenarekiko begirunetsuago baterantz urratsak emateko aukera eskainiko lioke Iruni.

Urteak daramatzagu mugikortasun politikak jasangarritasunerantz doazela ikusten; oinezkoei, garraio publikoari eta bizikletari lehentasuna ematea dutenak dira hauek. Pandemiaren ondoren, bizkortu egin da, gainera, bizikleta gure eguneroko bizitzan integratzeko prozesua. Jada ez da kirol eta aisialdi jardueretarako soilik erabiltzen, garraiobide seguru eta osasungarri bihurtu da lanera, ikastetxera, inguruko hiri edo herrietara ere mugitzeko.

Irunen, ordea, ildo horretako jarduerak egin diren arren, etorkizuna kontuan hartu ez izanak eragindako gabezia, adabaki eta inprobisazio asko ikusi ditugu. EAJ-PNVtik uste dugu, hiri proiektu handiek, adostasun politiko handia biltzeaz gain, hauek hiriaren ikuspegi orokorrean oinarritu behar dutela. Baita hiriaren etorkizuna eta hiriak zein pertsonek izan ditzaketen beharrak aurreikusi ere. Hiri bat diseinatzerakoan, haren mugikortasuna edo hirigintza birplanteatzerakoan, etorkizunean hiriak zein hiritarrek beharko dutenari begiratu behar zaio. Zoritxarrez, Irunen ez da horrela egin. Kolon pasealekura begiratu besterik ez dago. Berriro urbanizatu zenetik, oinezkoek behin eta berriro adierazi dute beraien kexa, bizikletek eta patineteek beraientzako bidegorri esklusiborik eduki ezak sortzen duen segurtasun eza. Kolon pasealekuaren diseinuak ez zuen aurreikusi garai hartan jada aurreikusi zitekeen mugikortasun jasangarriaren garrantzia.

Beraz, zetorrena aurreikusi ez zenez, eta sortu zen arazoari irtenbidea emateko asmoz, udal gobernuak Irun 30 neurria ezartzea erabaki zuen. Errei berean bizikleten, patinete elektrikoen eta ibilgailu motordunen arteko elkarbizitza oinarri duen neurria. Hamarkada bat pasa ondoren, neurri honek, tamalez, ez ditu espero ziren emaitzak lortu. Bizikleta ibilgailu motordunen ondoan erabiltzeak ez du lehen hauen segurtasuna bermatzen. Are gehiago, debekatuta egon arren, bizikleta erabiltzaile askok nahiago dute espaloietatik mugitu oinezkoenganako segurtasun arazoak sortuz.

Gure taldeak gero eta ugariagoak diren kexa eta salaketa horiei erantzuna emateko lanean hasteko beharra ikusten du. Eta hor gaur aurkezten dugun proiektu zabalaren lehen fasearen zergatia.  Irungo bidegorrien barne sarea hobetzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, horregatik, lehen pausoak ematen hasi ahal izateko lehen fasea Kolon pasealekuan finkatu dugu. Gure hiriko komunikazio arteria nagusian bizikletei, patineteei, eta VMPei zuzendutako bide esklusibo bat. San Juan plazarako noranzkoan errepidearen eskuineko bidean kokatuko litzakeen bidegorria, bi noranzkotakoa, neurri zabalekoa, autoetatik eta motorretatik ondo babestutakoa eta ongi seinaleztatutakoa. Kolon pasealekuak hiru errei dituela aprobetxatuz, horietako bat bi norabideetako bidegorri batera bideratu, eta beste biak, egun bezala, ibilgailu motordunak bi noranzkoetan ibiltzeko mantentzeko erabiliko lirateke. Proposamen horrek ez du ia aldaketarik eragingo ibilgailuen zirkulazioan, baina oinezkoengan eta bizikleta edo patineteen erabiltzaileengan segurtasuna bermatuko du.

Irunen dugun bidegorrien eskasiari erantzuna ematen hasteko garaia da. Eta oraingoan ongi egin behar dugu. Guztion artean, mugikortasun seguru, iraunkor eta orekatsuaren aldeko apustua da gurea. Egin dezagun aurrera etorkizunari begira, pertsonen iritzia kontuan izanik.

Irungo Batzokiko ateak ireki ditugu posta bidezko botoarekin laguntzeko

Irundarrei Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetarako posta bidezko botoa tramitatzen laguntzeko batzokia prestatu eta ireki dugu. Edozein arrazoirengatik (lana, aisialdia, etab.) uztailaren 12an hautestontzietara hurbiltzeko aukerarik ez baduzu, posta bidez botoa emateko laguntza eta erraztasun guztiak eskaintzen dizkizugu.

Hilabeteak dira egoera zaila bizi dugula. Horregatik, ireki den ziklo ekonomiko eta sozial berriak ekarriko dituen beharrei eta erronkei egoki eta baliabide guztiekin erantzuteko, ezinbestekoa da, guztion artean gaitasun eta baliabide operatibo guztiak dituen Legebiltzarra eratzea.

Era berean, gogoratu ezinduta edo gaixorik dauden pertsona guztiek aukera dutela ere etxetik notario aurrean botoa emateko. Zure egoera edo ezagun eta/edo senitartekoren batena hori bada, jakinaraz iezaguzu, eta botoa izapidetzen ere lagunduko dizugu.

Guzti honetarako eta lagundu zaitzakegun gai gehiagotarako, hurrengo telefonoak ahalbidetu ditugu; finkoa 943 243049 – mugikorra 639261619, edo bestela, aurrez aurre, datorren ekainak 8tik aurrera Irungo BATZOKIAN izango gara (Kale Nagusia 11, 1) ASTELEHENETIK OSTIRALERA: goizez 11:00 – 13:00 / arratsaldez 18:00 – 20:00.

Udaleku irekiak, beti bezala, uztailean eta abuztuan eskaini ahal izateko ahalegina eskatu diogu udal gobernuari

EAJ-PNV udal taldetik, pasaden astean izan genuen Bozeramaile batzordean gobernuari eskatu genion bezala, udarako udaleku irekien inguruan hausnarketa egin duelako eta azkenean hauei uko egin ez dielako, gure poztasuna adierazi nahi dugu. Krisi ekonomiko eta sozial baten erdian gaude, eta familia askok, hainbat arrazoi direla medio, familia eta lana ezin dituzte behar bezala uztartu. Horregatik, Irungo Udalak egoera horri erantzutea ezinbestekoa iruditzen zaigu, betiere pertsonen segurtasuna eta osasuna lehenetsiz.

Joan den astean, estatuko araudiaren bermearekin eta Osasun Sailaren eta Osasun Ministerioaren oniritziarekin, Eusko Jaurlaritzak eguneko haur udalekuak baimendu zituen,% 50eko edukierarekin. Begiraleak barne, espazio itxietan gehienez 80 pertsona eta itxietan berriz 200 elkartu daitezkeela azpimarratu zuten bertan. Halaber, atzo, ekainak 8, Gipuzkoako Foru Aldundiak, alde batetik, mota horretako jardueretarako diru-laguntzak mantentzeko konpromisoa zuela aditzera eman zuen, eta, bestetik, jakinarazi zuen udalen esku uzten zuela bere udalerrian udaleku irekiak antolatzeko erabakia.

Errealitate horren aurrean, eta jasotako eskaeren ondoren, udal gobernuak, inguruko beste udal askok bezala, berriro aztertu du Irunen Solas Jolas eta Uda Giro bezalako udaleku irekiak martxan jartzeko aukera. Orain da unea. Irungo familiek ezin dute gehiago itxaron, eta Udalaren erantzun ausarta eta arduratsua merezi dute. Ez dugu ahaztu behar, gainera, udaleku irekiek eta eguneko udalekuek haur askok izan ditzaketen hainbat behar lantzen eta indartzen laguntzen dutela. Besteak beste, behar sozialak, afektiboak, emozionalak eta baita euskararen sustapen eta erabilera ere.

Egia da Udalak zenbait doikuntza eta nahitaezko aldaketa egin beharko dituela osasun-neurriak betetzeko, baina uste dugu Irungo familiek eta haurrek hala behar eta merezi dutela. Horregatik, Irungo EAJ-PNVtik, gure laguntza eta lankidetza eskaintzeaz gain, gobernu sozialistari, beti egin izan den bezala, udalekuak uztailean eta abuztuan eskaintzeko ahalegin bat egin dezala eskatzen diogu. Halaber, izena eman zuten haur guztiak ez badira, gutxienez gehienek Solas udaleku irekietan parte hartzeko aukera izateko aukera ere kontuan izateko beharra helarazi nahi dugu.

Kredituen Aldaketaren aldeko botoa emango dugula jakinarazi dugu

Gobernu sozialistak proposatutako Kreditu Aldaketaren aldeko botoa emango dugu ostiral honetan. Duela hilabete Irungo Udaleko alderdi guztiek onartutako Txoke Plana osorik garatzeko helburua duen kreditu aldaketa. Egoera zaurgarria bizi duten pertsonen, merkatarien, autonomoen, eta ostalarien egoera hobetzeko gizarte eta ekonomia laguntzak barneratzen dituen plana.

Irungo herritarren ongizatea eta gure hiriaren susperraldia dira gure lehentasunak, eta gure taldeak argi dauka ezin dugula denbora galdu. Talde guztiok, elkarrekin egin behar dugu aurrera, indarrak batuz egoera zail hau gainditzeko eta Iruni ahalik eta etorkizun onena eskaintzeko. Liskar antzuak, pertsonalismoak eta interes indibidualak alde batera uzteko garaia da, horregatik kreditu aldaketaren alde bozkatuko dugu ostiraleko ohiko osoko bilkuran.

Baina ezin gara hemen geratu. Orain, inoiz baino gehiago, gure helburu bakarra pertsonen ongizateak izan behar du, eta laguntzek haratago joan behar dute. Txoke-planak sortzen joan diren behar batzuei erantzuten die, baina ez ditu dauden gabezia guztiak betetzen. Bizi dugun eta laster biziko dugun krisi-egoera hau ahalik eta ondoen konpontzeko udalak gehiago egin dezake, eta hala egin behar du. Oraindik bete gabe dauden behar guztiei erantzuna eman behar diegu. Era berean, eta aurrera egoki egin ahal izateko, 2020ko aurrekontua birformulatzeko plan bat beharko dela ere adierazi dugu. Udalak hurrengo jarduketen egutegia aurreikusi eta landu behar du horretarako. Indarrak batu eta guztien arteko akordioak lortu behar ditugu. Has gaitezen lanean batasunetik, gure hiriak laster beharko dituen bultzadatan. Gure taldea, beti bezala, laguntzeko eta indarrak batzeko prest dago, hala beharrezkoa den berreraikuntza ekonomikoa eta soziala indartzeko eta ziurtatzeko.

Amaitzeko, lankidetzaren eta koordinazioaren garrantzia azpimarratu nahi izan dugu. Egoera honek erantzukizuna eta koherentzia eskatzen digu. Irunek aurrera egin dezan, gure udalerritik haratago joan behar dugu. Gure ekintzak eta ekimenak gainerako erakundeekin koordinatu behar ditugu. Denok bat egiten badugu, udal taldeek, erakundeek eta herritarrek, lortu dezakegu.

Aurrekontua birmoldatzea eta laguntzetarako 2.500.000 euro gehiago bideratzea proposatu dugu

Irundarrek bizi duten eta datozen hilabeteetan bizi dezaketen egoera aztertu ondoren, gure taldeak beharrezkotzat jotzen du, urte honen hasieran onartutako aurrekontua osorik birmoldatzea. Irungo egungo beharrei erantzuten ez dien aurrekontua da egun duguna, horregatik, une honetan premiazkoak ez diren proiektuetara bideratutako zenbait partida ekonomiko, pertsonak, merkataritza, ostalaritza, eta autonomoak laguntzeko bideratzea planteatzen dugu.

Udalak datozen hilabeteetan eman beharko duen erantzuna hobetu eta osatzeko landu ditugun proposamenek 2.500.000 euro inguruko kopurua batzen dute. Irun aurrera atera dadin eta bizi dugun egoera eraginkortasunez gainditu dezagun funtsezko ekintza-multzoa da.

Gure proposamenak

Gure hiria bultzatzera, berriro ere berpiztera, 1.000.000 euro gehiago bideratzea proposatzen dugu. Tokiko merkataritza, ostalaritza eta kultura bultzatzeko bonoak sustatuz, baita jada martxan den Txoke Planean ematen diren zuzeneko laguntzak zabalduz ere. Hori bai, ezinbestekoa iruditzen zaigu laguntza zuzen horiek Lanbidek eskaintzen dituenekin bateragarriak izatea, gaur egun ez da halakorik aurreikusten eta.

Era berean, funtsezkoa iruditzen zaigu gizarte arloari laguntza gehiago bideratzea. Adinekoei, egoera zaila bizi duten familiei, egoera delikatuak eta ahulak bizi dituzten pertsonei zuzendutako gizarte-laguntza poltsak 1.000.000 eurotan handitzea proposatzen dugu. Diru kopuru hau GLLetarako eta laguntza berezietara, Etxez Etxeko Arreta Zerbitzura, Gipuzkoako Elikagaien Bankura, Gazteekin eta Gurasoekin programetara, bideratzea proposatzen dugu. Halaber, funtsezkoa iruditzen zaigu adinekoentzako laguntze-zerbitzu bat sortzea.

Bestalde, beharrezkotzat jotzen dugu alde batetik, konfinamenduan indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeei zuzendutako laguntzak sortzea eta bestetik, Erosi eta Ikasi programaren partida handitzea. Hala beharra duten familien arreta hobetzeko, eta, gainera, laguntza horren bidez eskura daitezkeen materialen zerrenda zabaltzea ere garrantzitsua iruditzen zaigu.

Era berean, eta amaitzeko, azpimarratu nahiko genuke, orain inoiz baino gehiago, oso garrantzitsua dela aurrekontua birformulatzearen helburua, pertsonen ongizatea izatea. Ezin gara gutxieneko erabaki eta neurriekin konformatu, maximoetara joan behar dugu. Etor daitekeena aurreikusi eta hauei erantzun azkar bat eman behar diegu. Udalak ematen dituen aurrera pausoak eredugarriak izan behar dira, ez da inprobisatzeko garaia. Guztion artean Irunen alde egin behar dugu. Lor dezakegu, baina horretarako beharrezkoa da egungo beharrei eta etorkizunean etor daitezkenei aurre hartu eta erantzuna ematea. Ezin dugu denbora galdu. Behar batzuk ez badaude beteta, orain da erantzuteko momentua.