EAJ-PNVk 2020ko Aurrekontua birformulatzeko maximoen akordio baten alde egiten du

Bizi dugun krisi-egoera dela eta, eta pandemia honek gure hiriko ekonomian eta gure pertsonen eta familien bizitzan eragiten dituen kalte eta ondorioen aurrean, Irungo EAJ-PNVtik elkartasuna adierazi nahi diegu gaixotasunaren ondorioak gehien pairatzen ari diren pertsona zaurgarrienei. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiegu egunero, etengabe, laguntzeko helburu bakarrarekin, lanean ari diren profesional guztiei.

Hala ere, Irungo Udalak abian jarri eta gure taldeak babestu duen Txoke Planaren lehen fasetik haratago begiratu eta etorkizunerantz aurrera egiteko beharra ikusten dugu. Udalak denborak bizkortu behar ditu, datozen hilabeteetan sortuko diren behar ekonomiko eta sozial berriei egoki erantzuteko.

Jakin dugunez maiatzean Irungo Udaleko ohiko osoko bilkurei berriro ere ekingo zaie, eta aurreikuspenen arabera, lehen bilkura honetan, talde politiko guztien arteko negoziaketa beharko duen, 2020ko Aurrekontuaren berregituraketa onarpenera eramango da. Gure ustetan, Irungo pertsona eta familia askok bizi duten egoerari erantzuna eman beharko liokeen berregituraketa izan beharko luke honek. Halaber, beti egin dugun bezala, desberdinekin hitz egiteko eta maximoen akordio baten alde lan egiteko prest gaude. Irunek eta bere pertsonek hala merezi dute.

Horregatik, aurrekontuaren birformulatzeak, sortu daitezkeen behar berriak erantzun ditzan, arduratsuena eta zuhurrena, garrantzitsuak izan badaitezke ere premiazkoak ez diren inbertsio handiak atzeratzea dela uste dugu. Erantzukizunez jokatuz, eta bizi dugun ziurgabetasun egoera nabarmena dela ikusirik, pertsonen ongizatea ardatz hartuta eta izan daitezkeen interes politikoak nagusitu gabe, proiektuak lehenetsi eta hauek aldizkatzea beharrezko ikusten dugu. Hala, proiektu horien diru publikoa, pertsonek une honetan behar dituzten laguntza egokietara bideratzeko aukera izango luke Udalak.

Halaber, eta bukatzeko, gure taldean ziur gaude lehen txoke-plan honek ekimen, jarduera eta injekzio ekonomiko berriak beharko dituela. Bai GLLekin edo laguntza bereziekin estaltzen ez diren gizarte-ekintza berriak abian jartzeko, baita dendak, ostalaritza eta autonomoak beraien negozioak ixtera behartuta egon ez daitezen ere. Ez ditugu alde batera utzi behar, egoera kritikoak saihets ditzaketen beharrezko gastuak.

Aurrean dugun erronkak, ezohiko neurriak hartzera behartzen du Udala. Talde politikoek egoerak eskatzen duen eta herritarrek behar duten neurrira jokatu behar dugu.

Guztion hobe beharrez, laguntzeko garaia da

Irungo udal-gobernuari, Covid 19 birusaren hedapenari eusteko beharrezko erabakietan gure babesa helarazi nahi diogu. Baita hainbat administrazio-mailatan hartzen ari diren neurriei ere, hala nola Euskadiko udalerrien elkartea, Eudel, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua. Salbuespen egoera baten aurrean gaude, eta honek erantzukizun politikoak ditugunon ardura eskatzen du, baita talde-lana eta koordinazioa lehenestea ere. Gure eginbeharra, erantzukizunez eta zentzuz jokatuz, bizi dugun krisi egoera gainditzen eta honen ondorioak arintzen lagun dezaketen erabaki onenak hartzen laguntzea da. Ekarpen desberdinen, proposamen eraikitzaileen eta egonkortasuna eskainiko duen babesa eskainiz.

Era berean, denok batera egon behar dugu, helburuak beti izan behar du berdina; Irun eta bertakoen ongizatea. Hiritarren jarrera eredugarria izan da egunotan, kasuak kasu, hartutako neurriak behar bezala bete dituzte. Horregatik, guk ere, politikariok, neurria emateko unea da. Birusaren aurkako borroka da gure aurrean duguna, horregatik, edozein sumindura eragin dezaken egoera saihestu behar da. Irteera bakarra adimen partekatua da, eta ez autoritate monopolizatua. Koordinatzeko unea da, eta ez batzuen ezta besteen protagonismoarena. Izango da denbora aurrerago egin den kudeaketari buruzko balorazioak egiteko. Halaber, aukera aprobetxatuz, esker oneko mezua helarazi nahi diogu hiritar guztiei; hartu diren neurriak bete eta errespetatu dira, elkarlanerako eta lankidetzarako mugimendu ikaragarria egon da, enpresek beren ekoizpena eten dute maskarak eta biserak egiten laguntzeko, 200 pertsonak 24 ordu baino gutxiagotan boluntario-lanak egiteko izen eman zuten. Harro nago gure hiriaz, eta uste dut, ikusitakoak ikusita, denok egon gaitezkeela eta egon behar dugula harro.

Horren harira, pandemia horren ondorioak pairatzen dituzten pertsona guztiei elkartasuna adierazteko mezua plazaratu nahi izan dugu. Lehen minututik laguntzeko prest egon gara, eta hor jarraituko dugu. EAJ-PNV gure hiriari mesede egingo dion eta inor atzean utziko ez duen beharrezko neurri guztiak aurrera eramateko prest dago eta egongo da. Egoera honetatik aterako garelako, aurrera egingo dugu eta elkarrekin begiratuko dugu etorkizunerantz.

Gure udal taldeak hasieratik pertsonen beharrak entzun ditu, eta hainbat proposamen jarri ditu mahai gainean. Era berean, Udalak proposatu dituen neurriak aberasten eta hobetzen saiatu gara. Laguntzeko asmoarekin, gure hiriaren eta Udalaren esku jarri gara. Alkateak badaki gure taldearekin kontatu dezakeela, eta badaki, halaber, gure erabateko laguntza duela.

2019ko likidazioak, Udalaren esku 9 milioi euro inguru jarriko ditu

2019ko ekitaldiko aurrekontuen likidazioa martxoan jakingo da. Ikuspuntu ekonomikotik, gure hiriarentzat une garrantzitsua da hau. Udalak jarduketa berriak martxan jartzeko zer baliabide izango dituen jakin ahal izateko aukera izango dugu orduan. Likidazioa kontu baten guztizko ordainketa zehaztea, kalkulu bat doitzea edo zerbaiten egoera jakin bat amaitzea da. Irungo Udala bezalako erakundeen kasuan, likidazioak lortutako diru-sarrerak egindako gastuekin alderatzen ditu. Gure hiriari dagokionez, 2019ko likidazioak baliabide kopuru handia jarriko du udalaren esku.

Ildo beretik, baina gaian gehiegi sakondu baino lehen, 2019an zehar, gure udal-gobernuak, Irunen hobe beharrez negoziatzeko duen gaitasun eza eta horrek hirian eragin zituen ondorio ezkorrak, behin eta berriro salatu dituela gogorarazi dugu. Nahiz eta gobernuak, Irunek 2019.en urtean jasan zuen paralisi egoerari garrantzia kentzeko ahaleginak egin, pasaden urtean bizitutako egoera desberdinek, gobernuaren eta honen alkatearen ezintasuna eta ahultasuna argi eta garbi agerian utzi zituen. Izan ere, nahiz eta udalak baliabideak eduki, hauek erabili ahal izateko gobernuak ezberdinekin akordioak eta udalbatzaren babesa lortu behar zituenez, nahiago izan zuen ez ezer egin. Hain zuzen ere horregatik, harrokeriagatik eta desberdinekin akordioetara iristeko interes faltagatik, Irunek 2019 urte osoa aurrekontu luzatuekin pasatu zuen. Urte osoa, jardun eta ekimen berriak martxan jartzeko aukerarik gabe. Hala izan ginen, urrian ospatu zen kreditu aldaketako udalbatzara arte, non blokeatutako edo gordetako baliabideak mobilizatzeko aukera izan zuten, Elkarrekin Podemosek eskainitako babesarekin.

Hala ba, lehen aipatu bezala, Irungo Udalak hilabete honetan egingo den likidazioan alderatuko ditu 2019. urtean zehar egindako gastuekin lortutako diru-sarrerak. Alde batetik, diru-sarrerei dagokienean, hauek oso modu positiboan jokatu dutela baieztatu dezakegu. FFFMren likidazioa oso baikorra izan da, eta, oro har, aurreko urteekin alderatuta, diru sarrerak 3 milioi baino gehiago hazi dira. Gastuen aldeari dagokionez, pasaden urtean leku izan zuen paralisia islatzen duela esan genezake, baita kudeaketa-arazoen areagotzea ere. Ez dago aurreikusitako denboran gauzatu den inbertsio bakar bat ere. Horren ondorioz, aurreko urteko partidak gehitu behar zaizkio hurrengoari. Horrela urte bat eta bestea. Egun oraindik, martxan dauden jarduera guztiak amaitu gabe daude. Urtetik urtera “motxila” hori hazten doa. Are gehiago, 2019ko motxila 21 milioitik gorakoa izan zen. 2020ari dagokionez, ia 23 milioiko motxila espero dugu. Urteko aurrekontuaren ia heren batez ari gara. Eta egoera honek kudeaketa eskasa du jatorri bakartzat.

Inbertsioen gauzatzean, 2019a bereziki urte txarra izan da. 2018an 13 milioi euroko inbertsioak izatetik 2019an 9,6 milioi eurokoak izatera igaro da. Nola azaltzen da guzti hau? Ez da errekurtso gutxiago edukitzeagatik; alderantziz, Irunek dauzkan baliabideak gordeta izan direlako izan da. Hori dela eta, diru-sarreren portaera positiboa ikusita, eta gastuetan izan diren atzerapenak eta paralisia ikusita, 2019ko likidazioa oso garrantzitsua izango da Irunentzat. Are gehiago, urtarrileko osoko bilkuran ezagutu genituen aurrekontu-exekuzioaren zifren arabera, 9 milioi euroko likidazioa espero da gutxi gorabehera.

Hitz egiteko, akordiotara iristeko eta likidazioak Udalaren esku jartzen dituen baliabideak zertan inbertituko diren erabakitzeko unea dela. Irun plurala dela eta ideologia guztiek bertan leku dutela erakusteko garaia da. Gure jarrera, beti bezala, baikorra eta eraikitzailea izango da. Irungo herritarren bizitza hobetzeko jarrera eta proposamen interesgarriak ditugu, eta hauek ez dira hitz hutsak. Esaten duguna egin egiten dugu. Guztia beti ekintzekin frogatzen dugu. Begirada atzera bota besterik ez dago. Esaterako, urte hasieran udal gobernuari, aurrekontuetarako akordio bat proposatu genion, honek ordea, atzera bota zuen. Hori ez da gure politika egiteko modua, eta uste dugu ez dela Irunek behar duena. Irun hiri anitza da, guztiona, eta, beraz, bazterketek ez lukete lekurik izan behar.

Amaitzeko, datorren kreditu aldaketara eramango ditugun hainbat proposamen aurkeztu ditugu. Besteak beste, San Migueleko kirol-instalazio berritzaileak, aparkalekuen plana eta 2020ko aurrekontuetarako proposatu zituzten behin-behineko aparkalekuak, GJHen sozializazio-kanpainarako partida bat, oinezkoen bidea Jaizubiatik Txingudi Ikastolara egokitzeko beste bat, Joaquin Gamonen segurtasuna bermatzeko kamera baten instalazioa, etab. Espero dugu oraingoan gobernu sozialistak publikoki erakutsi nahi izaten duena, ekintzekin frogatzea “talde guztiekin akordioak egiteko prest dagoela>> benetan gauzatzea. Guk, beti bezala, Irunentzat eta bertako hiritarrentzat onak diren gaiak adosteko, talde guztiei eskua luzatzen diegu.

Irunen GJHak garatzeko parte-hartze metodo berriak sortzea proposatzen dugu

Azken urte hauetan garapeneko agenda berri bat eraikitzeko dagoen beharraren lekuko izaten ari gara. Pertsonen oinarrizko beharrak asetzeko, eta egungo belaunaldiei eta batez ere etorkizunekoei bizitza duina bermatzeko, gizarteak lortu behar dituen helburuak definituko dituen metodo berria. Horren harira, Irungo Udalak garatuko dituen egitasmoetan GJHen, Garapen Jasangarriko Helburuen ikuspegia barneratzeaz gain, hiritarrek helburu horiek egoki identifikatzeko modua eta praktikan jartzearen garrantzia zein den jakitea ezinbestekoa dela azpimarratu dugu.

Gaur egungo arazo sozialen aurrean, herrialde ezberdinek hurrengo 15 urteetarako lan esparru berri bat jorratzea erabaki zuten, hala Irungo Agenda 21ean barneratuta zeuden milurteko helburu ezagunak ordezkatuz. Garapen Iraunkorreko 17 helburu biltzen dituen esparru berria da hau. Justizia sozialaren eta iraunkortasunaren ikuspegitik, giza  komunitateek eremu ezberdinetan duten egoera baloratzen eta herritarren ongizatea hobetzen lagunduko duena.

Hortaz, erakundeek eta udalek, zein sektore pribatuek eta gizarte zibilek, lankidetzaren bitartez sustatu beharko dituzten helburuak dira GJHak. Irundarren etorkizuna eta bizi-kalitatea hobetzeko aukera baten aurrean gaude; horregatik, gure taldeak, helburu horiek ezartzeaz gain, Udalak hiritarrak informatu eta kontzientziatu behar dituela uste du. GJHak ezagutzera eman behar ditu baita hauek dituzten funtzioak azaldu ere. Egun oraindik, kontzeptu erabat ezezagunak bai dira gehiengo hiritarrentzat.

2007an Agenda 21eko I. Ekintza Plana onartu zuen Udalak. 2015eko apirilean, berriz, Irungo Iraunkortasunerako II. Ekintza Plana onartu zen (2015-2025). Era berean, jada duela bost hilabete gutxi gorabehera, Jose Antonio Santano alkateak 2019-2023 urteetako eta GJHen ikuspegia jasoko zuen Mandatu Plana laster aurkeztuko zutela aipatu zuen. Tamalez, nahiz eta guk hainbatetan eskatu, gaur egun oraindik, Irunek ez du aipatutako plana ezagutzen. Zer helburu eta proiektu garatzeko asmoa du udal gobernuak datozen urteetan? Ez dakigu… Halaber, ondo dago Udalak GJHak lan-tresna gisa erabiltzea, baina, gure ustez, horretaz gain, ezinbestekoa da hauek ezagutzera ematea. Irundarrek zertaz ari garen jakin behar dute, zer erabilera eman dakieken hauei. Garapen Iraunkorreko Helburuak gizarteratzen hasteko unea da, elkar ulertu, identifikatu, onartu eta erabiltzen hasteko.

Hiritarrek eta erakundeek, oraindik ez dituzte ezagutzen 2030erako sortu diren Garapen Jasangarriko Helburuak”. Hala ba, honako hau gaineratu du, “euskal erakunde guztietan erabiltzen ari den tresna interesgarria da (Agenda Basque Country 2030ean, GFAren 2019-2023 Kudeaketa Plan Estrategikoan, Etorkizuna Eraikiz ekimenean, udal desberdinetan, etab.). Horregatik funtsezkoa iruditzen zaigu Irunen ere GJHak behar bezala sustatzea eta gizarteratzea.

Horretarako, hiru sozializazio tresna proposatu dituzte jeltzaleek; lehenik eta behin, hiritarrei GJHei buruzko informazio kanpaina bat sortzea proposatzen dugu, bigarrena, Udalak hiriko erakunde desberdinei hauei buruzko prestakuntza eskaintzea, eta azkenik, hirugarrena, prestakuntza fasea amaitu ondoren, 2030erako Eztabaida Gune bat ezartzea. Udal talde politikoek eta prestakuntza jaso duten erakundeek osatutako foroa izango litzake hau. Irungo GJHen egoera baloratuko lukeena, haien bilakaeraren inguruan eztabaidatzeko aukera eskainiko lukeena eta baita helburu horiek lortzera bideratutako proposamenak egiteko aukera emango lukeena. EAJ-PNVren nortasun-ezaugarrietan oinarritzen den proposamena; jasangarritasunan, justizia sozialean, lankidetzan eta parte-hartzearen balioetan.

Garapen jasangarriko helburuak geratzeko etorri dira, eta ezinbestekoa da, erantzukizunez jokatzeko eta baita hiritarren eta Udalaren funtzionamenduarekiko harremana hobetzeko ere, irundarrek zertaz hitz egiten ari garen eta helburu hauek zer onura dituzten jakitea. Hala, irundarrek GJHen bitartez, hiriaren egoera zein den identifikatzeko aukera izango dute. Irungo etorkizunerantz begira gaude, hiriaren hobetzearen alde lanean gabiltza, eta herritarren partaidetza, irekia eta gardena bezalako oinarrizko alorrak indarrean jarri nahi ditugu.

Beharrezkoa ikusten dugu San Juan plazako eraikin berria diseinatzeko, parte hartze prozesu bat martxan jartzea

Gure hiriko eraikin esanguratsuen eta leku historikoen eraldaketei edo eraikuntzei ekiteko planteamendu berri baten berri eman dugu gaur goizean. EAJ-PNVtik uste dugu badela garaia Irunen politika irekiagoa, gardenagoa eta batez ere, parte-hartzaileagoa egiteko. Etorkizunak egiteko modu berrietara bideratzen gaitu, eta politikak behar hauetara egokitu behar dira gure hiria diseinatzeko orduan. Halaber, ideia oparoak eta aberatsak jaso ahal izateko, eztabaida eraikitzaileak sustatzea ere ezinbestekoa da.

Hilabete hauetan zehar, EAJ-PNVtik ideiak proposatu ditugu, Irun etorkizun hobe baterantz bideratzeko. Politika irekiak eta berritzaileak proposatu ditu, egungo gizartearen beharrei behar bezala erantzuteko. Baina badirudi egungo gobernu sozialistak nahiago duela entzungor egin, eta iraganeko eta iraungita dauden politikak aplikatzen jarraitu. Irun bete gabeko promesa politikoz betea dago, ekintzekin baino, hitz gehiagorekin, eta iristen ez diren aldaketekin. Izan ere, ez dezagun ahaztu egungo alkate den Jose Antonio Santanok, ekainaren 15ean, bere inbestidura-hitzaldian esan zuena, “parte hartzeko eta entzuteko bide berriak irekitzea. Iritzi bakoitza garrantzitsua delako, denon artean konponbide hobeak hartzen ditugulako”. Tamalez, oraindik irundarrak esandakoa gauzatzeko esperoan daude.

Gobernu sozialistak oraindik ere, arkitektonikoki udaletxearekin eta San Martzial baselizarekin lehiatzen den eraikin baten aldeko apustua egiten duela nabarmendu dugu.  Ekarpen zaharkituak eta prekarioak jasotzen dituen proiektua da hau, 2003-2004 urteetan, duela 15 urte, 62.000 irundarretatik 2.000ak parte hartu zuten prozesu batek ezarri zituenak. Proiektu honek, estetikatik haratago joanda, neurriz kanpoko dimentsioak jasotzeaz gain, San Juan Harriko zutabe delikatua neutralizatzen du. Irunek Hondarribiaren aurrean duen independentziaren irudia, gure historiaren sinbolo garrantzitsuenetako bati, protagonismoa kentzen dio. Are gehiago, eraikin honek San Juan Plazatik San Martzial ermitaren ikuspegia ere betiko ezkutatuko luke. Badirudi alderdi sozialistak bere horretan jarraitzen duela, eztabaida publikoari ihes egiten, eta jarrera horrek asko kezkatzen gaitu. Hiri bat ez da irizpide partikularren arabera eraiki behar. Zer pentsatzen dute irundarrek? Prest al zaudete gure ondare historikoa, bulego-eraikin baten ondorioz, baztertuta eta baliogabetuta gera dadin? Guk argi daukagu, herritarrek iritzia eman behar dute, eraikin berriek, hala nola gune historikoen eraldaketak, ezin dute gure hiriaren esentzia eta nortasunaren kontra joan.

Hala nola, udal-gobernuak 2019 urte amaieran 2020rako aurrekontu-proiektua aurkeztu zuela kontuan izanik, eraikin horri zuzendutako 8 milioi euroko urte anitzeko partida bat bideratzen zuena, proiektua urtebete atzeratzea proposatu genuen. Ondorioz, premiazkoagoak, sozialak, mugikortasunekoak, tokiko merkataritzakoak eta abar diren beste gai batzuk jorratu eta konpondu ahal izateko. Halaber, 2020an herritarrei kontsulta ireki bat egiteko planteamenduaren beharra plazaratu genuen. Belaunaldien urratsak eta gure hiriaren garapenak aurrera egin dute, eta ezin gara konformatu duela hainbeste urteko planteamendu batekin. Hasiera batean gobernuak atzera bota zuen proposamen hau, baina, azkenean, Aurrekontuen Osoko Bilkuran, udal gobernuak ahoz eta publikoki konpromisoa hartzea lortu genuen. Dagoeneko esleituta zegoen enpresari proiektuaren alternatiba bat baino gehiago eskatzeko konpromisoa hartu zuten. Orain emandako hitza betetzea espero dugu, eta batez ere herritarrek, talde politikoek bezala, iritzia eman ahal izatea. Izan ere, Irungo erdigunean kokatuko den eraikin batek, herritarren parte-hartzea jaso behar du, garrantziagatik, zenbatekoagatik, eta sinbolismoagatik.

Ildo beretik, urteetan gobernu sozialistak, hirian garatuko diren proiektuen inguruko parte-hartzeaz hitz egiten duenean egiaztatu ahal izan dugu, bere proposamenen legitimazioaz ari dela. Hau da, jendeari beren asmoen berri ematen diote, eta beren interesak betetzen dituen proposamen batekin zundaketaren bat egiten dute. Baina hori ez da parte hartze gardena, hori espedientea betetzea da. Hori ez da parte-hartzea sustatzea, ez da politika egiteko modu berri bat, ez da etorkizuna, ez da progresioa, ez da pertsonek eskatzen dutena. Parte-hartzeak funtziona dezan eta kultura bihur dadin, benetakoa izan behar du: herritarren esku-hartzeak, aktiboa izan behar du prozesuaren fase guztietan. Adibidez; arazoak eta beharrak identifikatu, lehentasunak zehaztu, helburuak zehaztu, diseinuan esku hartu… 

Amaitzeko, hori ez dela kasu isolatu bat helarazi dugu. Gauza bera gertatzen da Junkal plazatxoarekin, Terma erromatarren eraikin berriarekin, Ikust-Alaiko liburutegi zaharraren birgaitzearekin… Gobernu sozialistak inolako parte-hartze ekintzarik egin gabe eta adostasun eta akordio politikorik gabe egingo dituen lanak dira. Hau ez da hiria egiteko modua, ez da elkarlanaren adibide, eta ez da Irun izatea merezi duen hiria izateko bidea.

Kirol gune moderno eta berritzailea proposatzen dugu Irunen

Irunek historikoki, eta bere osaerari dagokionez, pluraltasuna, harrera-jarrera eta dinamismo ekonomikoa izan ditu ezaugarri. Hiriaren nortasun hori, bere kokapen geografikoari esker sortu da, igarobide eta elkargune hiria bihurtuz, baita mugaren existentziaren ondorioz ere. Baina, horretaz gain, Irun kirola lehenesten duen hiria izan da betiere. Are gehiago, maila oso altuko eta modalitate desberdinetako kirolari asko ekarri ditu. Hala ere, dena ez da eliteko kirola, Irunek ere gizarte-sare aktibo garrantzitsua du, egunero eta maila desberdinetan kirola egiten duena.

Hala ere, gaur egun, Irunek oraindik ez ditu dauden eskariei erantzuten dieten kirol-instalazio nahikoak eta egokiak. Bi kiroldegi, 62.000 biztanlerentzat. Eskaintza eskasa eta pobrea, irundarrei egunero zuzenean eragiten diona. Horregatik, 15.000 biztanleko, gutxi gorabehera 2.500 lagunentzako edukiera duen kiroldegi bat izatea gomendatzen duten kirol arloko kirol teknikarien azterlanak aztertu ondoren eta hainbat aukera desberdinetan lan egin ondoren, ondorioztatu dugu Irunek hirugarren kiroldegi bat baino gehiago behar duela. Horregatik, gaur gure proposamena aurkeztera gatoz. Eko-parke osasungarria eta estalitako zonaldea duen kirol-instalazioa. Energia kontsumo txikiko instalazioa izan daiteke, ingurumena errespetatzen duena, eta, gainera, auzoko elementu integratzaile gisa balio lezakeena. Era berean, gure taldetik uste dugu funtsezkoa dela Irungo instalazio berriak ahalik eta jasangarrienak izan daitezen lan egitea, hala ekonomiaren eta gizartearen arteko oreka gero eta handiagoa izan dadin.

Horregatik, etengabeko lana egiten aritu gara. Alde batetik, hiriko egungo kiroldegiek eskaintzen duten zerbitzua aztertuz, eta ondoren, erabiltzaileek beren kexekin eta iradokizunekin agerian uzten dituzten beharrak aztertuz. Tamalez, beste behin agerian geratu da udal gobernuak urteetan garatu dituen politikak ez direla zuzenak izan, ez dute hiriak bizi duen egoera hau konpontzeko erantzun egokirik ematen jakin. Asko esan da, baina gutxi egin da. Eta honek mesfidantza handia sor dezake jendearengan, hau Udalarentzat eta hiriarentzat ezkorra izanik. Ildo horretan, eta irtenbideak eta erantzunak eman nahian, hiriaren mendebaldean kirol-instalazio berri bat eraikitzea proposatzen dugu, zehazki, San Migel auzoan. Inguru horretan, gainera, 1.200 etxebizitza eraikiko dira, eta milaka pertsona inguru bizi litezke bertan. Eta egia da horiek guztiek ez dutela kirola egingo, nahi ez dutelako edo ezinezkoa zaielako, baina auzoan behar besteko masa sozial zabala egongo da guk iradokitzen dugun bezalako establezimendu bat beharrezko dela aurreikusteko.

Adin guztietarako pertsonentzako aukerak sortu nahi ditugu. Kirola pertsona guztientzat sarbide errazeko ikasgaia izatea nahi dugu. Irundarrek kirola aire librean zein estalian egin ahal izatea nahi dugu. Eko-parke jasangarri batean, eskaladarako bulderetan, workout edo kalistenia eginez, edo gimnasio-gela batean, igerileku irekian, erabilera anitzeko aretoetan, edo erabilera anitzeko kantxetan.

Eta ez gara hor geratzen, haratago goaz, adierazi du bozeramaile jeltzaleak, instalazioek gizarte-jarduerak ere integratzearen alde egiten dugu. Hala nola, ikastaroren batean seme-alabak dituzten gurasoak bateratzeko kostu ekonomikorik gabeko kirola praktikatzeko aretoa edota liburutegi bat. Bada garaia, etorkizuneko proiektu baten bitartez, hainbeste urtetan agertu diren beharrei erantzuteko, eta gure hiriari kirol-gune moderno eta berritzaile bat emateko.

Irunen aparkatzeak arazo izateari utzi behar dio

Hiri inteligente edo adimentsu baten aldeko apustua egin behar dugu, Irun irisgarria eta lagunkoia, gaur egungoa eta etorkizunekoa, eta ingurumena kontuan duen hiria izatea nahi badugu. Irun hiri adimentsu batean bihurtzea da gure helburua, Smart City bezala ezaguna den hirian. Hau da, besteak beste, Irungo hiri-garapena iraunkortasunean oinarritu beharko litzatekeela uste du EAJ-PNVk. Hiriaren eta bertako pertsonen oinarrizko beharrei behar bezala erantzuteko gai izango den iraunkortasuna.

Irun etorkizuneko hiri jasangarria, atsegina, eta irisgarria izan dadin, Udalak pertsonei, alderdi sozialei, energia- eta garraio-azpiegiturei eta komunikazio-teknologiei zuzendutako inbertsioen alde egin beharko luke. Azken batean, bizi-kalitate handia, ekonomia- eta ingurumen-garapen jasangarria, gobernantza parte-hartzailea, natura-baliabideekiko kudeaketa zuhurra eta herritarren denboraren aprobetxamendu egokia jaso eta sustatu beharko lituzke.

Baina, etorkizuneko hiri hori lortzeko, Irunek hainbat egoera erantzun behar ditu, hala nola, hiriko aparkalekuen kudeaketa eta eskaintza. Gaur egun, auzo askok lur gaineko aparkalekuen falta pairatzen dute, eta ibilgailu partikularra aparkatzeko leku bat aurkitzea odisea bat izan ohi da askorentzat. Azken urteotan, gobernu sozialistak eta Santano alkateak garatu dituzten politikek, arazoa lagundu eta arindu beharrean, areagotu egiten dute. Gaur egun, oraindik, ibilgailu pribatuaren erabilera beharrezkoa da askorentzat, eta horregatik, inolako neurririk ezarri aurretik, nahiz eta hau oso baikorra izan, lehenik pertsonak kontzientziatu egin behar dira eta, ondoren, alternatiba bideragarriak eskaini. Aldaketak ezin du inoiz bat batekoa izan, ez du balio, bai ala bai esateak.

Gaur egun, Irungo aparkaleku eta mugikortasun politikak okerrak direla egiaztatzeko aukera izan dugu. Erantzuna eman behar zaion egoera baten aurrean gaude, eta EAJ-PNVtik epe labur eta luzerako irtenbideak landu eta planteatu ditugu. Ezinbestekoa da, Irungo garraiobide publiko eta partikular guztien arteko elkarbizitza bilatuko duen mugikortasun eredu iraunkor bat ezartzea. Horregatik, bide horretan, aurrera eraman beharko liratekeen hainbat neurri landu ditugu; epe laburrean, udal zabalguneetan aparkalekuen “poltsak” egokitzea, nahiz eta hauek behin-behinekoak izan. Esaterako; Iparralde Hiribidean, Villa Madariagaren lursailean, Miguel de Ambulodi kalean (Txenperenean) eta Plaiaundi Institutuaren aurrean. 2020ko Aurrekontuari egin genizkion hiru proposamen bideragarri dira aipatutako azken hiru hauek. Tamalez, gainerako taldeek atzera bota zituzten. Epe ertainera, aparkalekuaren gaineko txoke plan bat egitea proposatzen dugu, baita TAOren lehen orduetarako tarifa murriztuak sustatzea, aparkaleku express guneak egokitzea eta egoiliarrentzako plazak handitzea ere. Eta azkenik, epe luzera begira, jeltzaleek hirian zehar aparkaleku berrien eraikuntza aztertzea (Belaskoenean, Dunboan, eta Artian, Belartza magalaren azpian) eta Arbesko Egoitza berriaren ondoan dauden lursailak lagatzeko, Aldundiarekin negoziatzea proposatzen dute.

Irundarrentzat Irunen aparkatzeak arazo izateari utzi behar dio, eta guk, egoera honen aurrean, irtenbideak proposatzen ditugu. Gure hirirako sarbideak erraztu behar direla argi dugu. Hiria, etorkizunari begira diseinatzeko garaia da, eta ez gara neurri labur eta inprobisatuekin konformatzen. Horrek Irun grisa bihurtzen du, eta Irun berdea edo urdina ere izan daiteke. Aiako Harria edo Bidasoa. Irundarrek zer nolako hiria nahi duten erabakitzeko ahalmena izan behar dute. Urteak daramatzagu erabaki okerren menpe, etengabeko inprobisazioen menpe. Horregatik da guretzat hain garrantzitsua Irun partaidetzatik eraikitzea, denek beraien iritzia emateko aukera izateko. Erabaki indibidualetatik eta interes alderdikoietatik urrun.

Irunen euskararen aldeko apustua, gizarte kohesiorako ezinbesteko elementua da

Azken hamarkadan euskarak udalerri askotan izan duen aurrerakada, neurri handi batean, gizartearen atxikimenduari zor zaio, euskara biziberritzeko ahaleginari. Horregatik, euskararen aldeko eta Irunen, jendartearen kohesioa sustatuko lukeen apustu irmoa egin behar dela uste dugu. Ezinbestekoa da euskara hiritar guztion arteko elkar harremanetako eta gizarte kohesiorako ardatza izatea. Pertsona guztiak baitira hiriaren alor garrantzitsua eta guztiek aberasten baitute hiria. Halaber, atxikimenduaz eta konpromisoaz gain, euskararen erabilera sustatzera bideratutako ekimenak eskaintzea garrantzitsua da eta honek ere udalaren erronka nagusi izan beharko luke.

Bide honetan, ezinbestekoa da etorkizuneko belaunaldiek, umeek eta gazteek, euskararen konpromiso horri eustea, eta horretan oraindik Irunen asko dago egiteko. Hizkuntza ikusiz, ikasiz eta hitz eginez gozatzea oso garrantzitsua da. Hau da gure helburua, gure etorkizuna izango diren belaunaldietan, euskararen erabilpena behar bezala sustatzea, eta datozen lekutik datozela ere, beraien egunerokotasunean euskaraz hitz egiteko, entzuteko eta irakurtzeko aukera izatea.

Hala ba, adin tarte guztientzako euskarazko kultur jarduera desberdinak sortzeko, hizkuntza-paisaia (kartelak, errotulazioak…) sustatzeko eta hizkuntza berdintasuna hiritarren artean zein Udaletxean bertan lantzeko beharra ikusten dugu. Honen harira, Irunen euskararen aldeko aurrera pausoak emateko helburuarekin, Aurrekontu proiektuari atxikitzeko hainbat proposamen aurkeztu genituen. Besteak beste, “Haurrak Parkean” egitasmoa. Haurrak eskolatik atera eta parkean dauden bitartean, jolasen bitartez, beraien arteko kooperazio eta elkarrekintza euskaraz sustatzeko helburua duen proiektua, Irunen aurrera eramateko proposamena luzatu genuen. Bide batez, gainera, horrelako ekimenekin Irun hirian eta baita Euskal Erkidegoan ere egin diren euskararen erabileraren hainbat azterketetan ondorioztatu diren beharrei, aisialdian euskararen erabilpena oso baxua dela, erantzuna emango genioke.

Halaber, aurtengo udazkenean leku izango duen “Euskaraldia” egitasmoaren garrantzia eta honen bi ardatz nagusiak ere azpimarragarriak direla uste dugu. Proiektu honek, batetik, hirian ditugun ahobiziei eta belarriprestei, hizkuntza ohiturak aldatzen jarraitzeko deia egingo die eta, bestetik, entitateak euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematera bultzatuko ditu. Eta bertan izan behar du Irunek, eta baita Irungo Udalak ere. Benetan, Udaletxetik euskararen normalizazioan aurrera pausoak eman nahi badira, eta euskara gure izatearen alorretako bat dela sinesten bada, horrelako egitasmoekin bat egitea eta hauek ahalik eta modu eraginkorrenean jorratzea, ekintza, jarduera eta baliabide aberats eta erakargarriekin, ezinbestekoa da. Udalak, betiere hiriko eredu izan behar du. Are gehiago, horregatik proposatu genuen Aurrekontuetan ekimen honi diru laguntza areagotzea. Hirian Euskaraldiari lotutako behar bezalako jarduera erakargarriak antolatzeko aukera eskaini ahal izateko. Guk beti defendatu baitugu, esateaz gain, egin eta erakutsi ere egin behar dela.

Tamalez, guk aurkeztutako eta hiriarentzat onuragarria izan daitezkeen jarduera hauen aurka bozkatu zuten, PSE, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP udal taldeek. Deigarria iruditu zitzaigun hauetako batzuen ezezkoa, ondoren egiten dutenaren kontrakoa defendatzen dutela esaten baitute. Politikan koherentzia eta ardura beharrezkoak dira. Gure ustetan, hiriaren onurara izan behar da erabakiak hartzerakoan kontuan izan beharreko irizpidea, eta ez interes partidistak. Hirian euskara eta honen erabilpena, behar bezala sustatu dadin modu baikorrean lanean jarraituko dugu. Gure ekimenak defendatuko ditugu, baina besteenak ere aztertu eta onuragarriak badira, hauek ere onartuko ditugu. Argi baitugu, norberaren interes politikoen gainetik, zalantzarik gabe hiritarrenak daudela.

Azkenik, Udalak datozen egunetan euskaran aurrera pausoak emateko borondate erreala duela erakusteko aukera du. Pasaden azaroan izan zen Euskararen Aholku Batzordean, Euskaraldiaren egitasmoetan sakontzeko deialdi bat helaraziko zigutela esan zitzaigun, oraindik esperoan gaude, baina hemendik gutxira deituko dutelako esperantza dugu. Halaber, datorren astean izango den VI. Plangintzaldirako Euskararen erabilera Normalizatzeko Planaren inguruko bilkuran, gobernuak euskara sustatzeko duen borondatea norainokoa den erakusteko aukera izango du. Guk beti esan dugun bezala, Irunen eta bertako pertsonen alde, modu eraikitzaile eta arduratsu batean lanean jarraituko dugu.

Garai berri bat Irunentzat

Pasaden asteartean 2020rako aurrekontua onartu zenetik, eta nahiz eta uste dugun, proiektu honek ez dituela hiriak dituen beharrak %100ean erantzuten, honen onarpena errazten zuen abstentzioa eman genuen. Orduz geroztik, Irun egoera berri batean da, EAJ-PNVk zeresan handia duen aro berri batean.

Urtebeteko itxaronaldiaren eta blokeoaren ondoren, azkenean Irunek badu Aurrekontua. Baina, esan bezala gabezia dezente identifikatzen ditugu. Faltan botatzen ditugu besteak beste, aparkalekuak, immigrazioa, adinekoen egoera, mugikortasuna eta abandonatutako proiektuak bezalako gaiak arintzeko proposamenak eta ekintzak. Are gehiago, nahiz eta guk urtarrilaren 3an blokeotik ateratzeko zentzuzkoa zen eta onargarria zen proposamen bat aurkeztu, urtarrilaren 13an PSEren lurralde-zuzendaritza berak ontzat eman zuena, PSEk ez du gurekin, EAJ-PNVrekin, Udaleko bigarren indarrarekin, adostu nahi izan.

Gertakari horien aurrean, harrigarria egiten zaigu ikustea bai PSE eta bai Santano alkatea urduri daudela gertatutakoari buelta eman nahian. Gertaeren errealitatea desitxuratzen, EAJ kritikatzen eta herritarrei sinestarazi nahian, gainerako taldeak Aurrekontuaren akordio-negoziazioetatik kanpo uztea exijitu genuela. Gestalt psikologiak azaltzen duen bezala, batak besteak kritikatzen dituenean, batak bere buruaz hitz egiten du, bere jokaeraz eta jarreraz. Guk ez dugu exijitu, ezta egingo ere. Guk beti defendatu izan dugu desberdinekiko elkarrizketa eta akordioa, eta hala egiten jarraituko dugu, Irun guztiontzako hiria izatea nahi dugulako.

Santano alkateak, modu esklusiboan eta bakarrean akordio markoa hautsi zuela nabarmendu genuenean, agerian geratu zen, batetik, adosteko orduan EAJ-PNV ez dela inoiz izan PSEren lehentasun taldea, eta, bestetik, alkateak akordioan adostutako araua ez zuela bete. Ez zuen lehenik EAJrekin negoziatzeko betebeharra bete, eta EH Bildurekin eta Elkarrekin-Podemosekin aurrekontu-akordio itxi zuen. Santano jaunak bere hitza betetzen ez duela frogatzen duten jokabideak dira hauek.

Are gehiago, orain arte izan diren ez-betetzeetan sakontzen badugu, duela gutxi, 2020ko urtarrilaren 15ean zehazki, alkateak publikoki 2020ko aurrekontuari partida ekonomiko esplizitu bat gehitzeko konpromisoa hartu zuen. Irungo trenbide-espazioaren eremu osoaren antolamendua enkargatzeko konpromisoa. Baina, ez da horrela izan, berriro ere ez du bere hitza bete. Horregatik, begien bistakoak diren egoera hauen aurrean, zera galdetzen diogu geure buruari; Zer fidagarritasun du publikoki zerbaitekin konprometitzen den, baina gero nahi duena egiten duen pertsona batek? Guretzat, bat ere ez. Eta hauek ez dira hitz hutsak, ez gara deskalifikazioez ari, errealitateez ari gara, frogatutako portaerez.

Beraz, eta egoera berri hau ikusirik, eta Irunen PSE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek osatutako aliantza berri bat azaleratzen ari dela dirudien honetan, guk lanean jarraituko dugu eta Irungo herritar guztien interesak eta beharrak defendatuko ditugu. Santano alkatearen egungo oposizio eraikitzaile eta alternatibo bakarra gara. Planteamenduak ditugu, proiektuak, agintaldiko urte hauetan gure ideiak aurrera ateratzeko ilusioa ere badugu. EAJ-PNVk, PSEk Irunen duen proiektu politiko agortuaren, proiektu alternatibo bideragarri bakarra eusten du.

EAJ-PNV da Irunen PSEren proiektu politiko bukatuaren alternatiba bideragarri bakarra

Gure proposamen guztiak tinko defendatu ditugu, baina beste taldeetako askoren alde ere bozkatu dugu, Irun blokeotik atera dadin eta aurrera egin dezan

Gure taldearen helburua beti izango da, Irungo eta bertako pertsonen onura. Halaber, desberdinen eta berdinen arteko elkarrizketa eta akordioa defendatzen ditugu, baita gure boto-emaileak eta desberdinak ere… Gaur, gure proposamenak defendatu ditugu, onargarriak eta hiriaren beharrei erantzuten dietenak; berdintasuna, prebentzioa, aparkalekua, energia-trantsizioa, ongizatea, euskara, gazteria, kirola, segurtasuna, hiriaren bultzada, auzoak…, baina beste talde batzuen ekimenen alde ere bozkatu dugu. Are gehiago, ez dugu Irunek aurrera egiteko behar duen 2020rako aurrekontua oztopatu.

Koherenteak eta arduratsuak izan gara. Urtarrilaren 3an, oraindik aurrekonturik gabe geundenez, bigarren proposamen bat egin genion udal gobernuari, bizi genuen blokeo egoeratik ateratzeko. Momentu oro gure jarrera baikorra agerian geratu da. Irun pertsona guztientzako hiria izatea nahi dugulako; oraingoa eta etorkizunekoa, lehen mailako hiria, aurrerakoia, anbizio handikoa, erreferentea, bizikidetzan oinarritua, eta atsegina.

Bilerak eta topaketak egin diren arren, agerian geratu da prozesu guzti hau PSEk, bere interes alderdikoiak aurrera eraman ahal izateko, sortutako tranpa izan dela. Akordiorako jarrera ikusarazi nahi izan dute, eta hori ez da inolaz ere benetakoa izan. Politikan eta bizitzan, esateaz gain erakutsi ere egin behar da, eta Alderdi Sozialistak erakutsi du ez duela Irungo Udaleko bigarren indarrarekin akordiorik lortu nahi. Santano alkateak eta PSEk ez dituzte ordezkatzen ditugun 7.000 pertsonak errespetatzen. Gaur, inoiz baino gehiago, horren lekuko izan gara, gainera, Irunen aliantza berri bat azaleratzen ari dela ikusi da; PSE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek osatua. Hala, PSEk nahiago izan du EAJrekin duen Itun Globala hautsi, Udaleko ordezkaritza txikiagoko taldeekin adostuz, eta EAJ-PNV alde batera utziz. Jarduketa honek alkate jauna fidagarria ez dela erakusten du.

Are gehiago, akordio horren ondorioz, udal-gobernu sozialistak eta gainerako taldeek, hala nola, hirian behin-behineko aparkalekuak sortzearen aldeko, isolamendu-egoeran dauden adinekoei laguntzeko zerbitzu berri bat sortzearen aldeko, Euskaraldia eta euskara sustatzearen aldeko, gure hirian gazteei zuzendutako jarduera berriak sortzearen aldeko, eta besteak beste, gure hiriaren erdialdean bidegorria ezartzeko azterlan bat egitearen ldeko proposamenen aurka bozkatu dute.

Azkenik, Irungo interes orokorren alde dugun apustua nabarmendu nahi izan dugu. Esan eta frogatu ere egiten dugu. Beste batzuk, ordea… Zer? Ez du ezertarako bide bat predikatzeak, eta beste  batetik ibiltzeak… beste behin ere, agerian geratu da EAJ-PNV dela gobernu sozialistaren eta Santanoren proiektu politiko burutuaren alternatiba bakarra. Guk, oposizio eraikitzaile batetik, irundar ororen interesak eta beharrak defendatuz lanean jarraituko dugu.