Plaiaundiko kirol instalazioak lekuz aldatzeko, alternatibak mahai gainean jarri eta aztertzeko unea da

Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJ-PNV taldeak gaur goizean erregistratutako zuzenketa baten bitartez, Plaiaundiko kirol instalazioak lekuz aldatzeko kokaleku berri bat ahalik eta azkarren bilatzeko eta aurkezteko konpromisoa bete dezan eskatu dio Santanoren udal gobernuari. Proiektuak aurrera egin, eta Irungo Udalaz gain, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bere finantziazio konpromisoa bete dezaten, guztiz beharrezkoa da udal gobernuak kirol instalazioak nora eramango diren erabakitzea eta zehaztea.

2007an hainbat alternatiba aztertu ziren kirol instalazio berriak kokatzeko. Azkenean, mahaigaineratutako zazpi kokaguneetatik aukera posible bakarra Zubietakoa zela ondorioztatu zen. Sei urte baino gehiago pasa dira azterketa eta ondorioztapen horietatik, eta gaur egun instalazioen leku-aldatzea errealitate bilakatzetik urrun dago, 2007an planteatutako aukera posible bakarra −Zubietakoa− epe laburrean ezingo delako gauzatu, eta ordutik alternatiba gehiago ez direlako aztertu.

Denbora honetan guztian prozesua geldirik egon da gobernu sozialistak kirol pisten kokaleku berriaren inguruan urratsik eman ez duelako. Erakunde desberdinek konpromisoak hartu dituzte Plaiaundirekin, baina proiektuak aurrera egin dezan eta konpromiso horiek bete daitezen, ezinbestekoa da kirol instalazioentzat eremu berri bat bilatzea eta zehaztea. Gai honetan aurrera egiteko eta bere garaian aztertu ziren zazpi aukerak edo alternatiba berriak berriro ere mahai gainean jartzeko unea da, lehen bailehen kokaleku berria erabakitzeko.