Errementari baserritik anbulatoriora

Eusko Jaurlaritzatik egindako gomendioei jarraituz, azken asteotan Irungo kaleen izenei bueltaka gabiltza. Jaurlaritzatik helarazitako irizpenean, diktadura frankistarekin lotura duten sinbolo edo pertsonen kaleen izenak aldatzeko gomendioa egiten da, eta horri jarraiki, Irunen badugu nondik hasi: Manuel Aznar Enbajadorea, Bergareche Jenerala, Ortiz de Zarate…

Baina gaurkoan ez dut horretan sakondu nahi. Joan den asteko Kaleen Batzordea prestatzen ari nintzela, Gipuzkoa etorbidean dagoen anbulatorioa etorri zitzaidan burura, urtetan “Hermanos Iturrino” izena eraman duena. Iturrino anaiak 1936ko gerra zibilean hil zituzten hiru anai falangista donostiar ziren, eta urteetan Irungo anbulatorioak haien omenezko izena eraman du. Nahiz eta ofizialki gaur egun Irun-Erdialdeko anbulatorio izena eduki, asko dira oraindik osasun zentroari “Hermanos Iturrino” deitzen dioten irundarrak. Hain zuzen ere, osasun zentro hori kokatzen den eremura iritsi nahi dut gaurko post honen bitartez; gure hiria zenbat aldatu den hausnartzera eraman nauen argazkira, alegia. Goian atxikitu dudan 1950. urteko argazkian, garai bateko Errementari etxea ikus dezakezue, Artaleku eta Gipuzkoa etorbideen artean eraikia, gaur egun anbulatorioa dagoen lursailean. Etorbide luzea, lasaia, jendetzarik eta, batez ere, autoen joan-etorririk gabekoa, erdibitzailearen alboetan etxebizitza-blokeak eta baserriak dituela. Asko aldatu da Irun mende erdi pasatxo honetan. Argazkiko etorbide lasaiaren lekuan mugimendua da gaur egun nagusi: merkataritza, eraikuntzak, trafiko handia, eta alde batetik bestera dabilen jendea ikus dezakegu orain. Garai bateko lasaitasun eta sosegutik urrun, hiri batean ohikoa den bizia du Gipuzkoa etorbideak.

Egia esan, noizbehinka denboran atzera egitea gustatzen zait, gure hiriak izan duen garapena ikusteko eta Irunen historia ezagutzeko.