Irunek behar duen aldaketa ekartzeko PREST!

2010ean Irungo EAJ-PNVko lehendakariak alkatetzarako hautagai izateko proposamena egin zidanean, erronka garrantzitsua ikusi nuen begien aurrean. Ilusio handiz hartu nuen erronka, errespetuz eta arduraz. Lau urte pasa dira ordutik, Irunen alde buru-belarri lanean igarotako lau urte. 1994 urtean afiliatu nintzen Eusko Alderdi Jeltzalean eta hainbat urtez alderdi barruan kargu desberdinak izan ditut, tartean lehendakari-ordearena. Alderdia baztertu gabe, irakaskuntzan jardun dut 26 urtez. Ez pentsa, baina irakasle eta ikastetxe bateko zuzendari lanetan urte horietan guztietan ikasitakoak, gaur egun, politikan oso erabilgarriak zaizkit: erakunde baten kudeaketa, talde-lana, erakunde eta enpresekin elkarlana, entzuteko ahalmena, erabakiak hartzeko gaitasuna…

Nire ibilbide politikoan, atzo egun garrantzitsua bizitu nuen. Nire alderdiaren eta alderdikideen babesarekin, datorren urteko udal hauteskundeetan EAJ-PNVko zerrenda-buru hautatu ninduten aho batez. Bada, nire eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiet lerro hauen bitartez nigan jarritako konfiantzarengatik. Erronka, 2011koa bezala, aparta da. Erakargarria, polita. EAJ-PNVren hiri-proiektua gauzatzea ahalbidetuko didan erronka. Pertsonak dira gure hiri-proiektuaren ardatz nagusiak; hain zuzen ere, ekonomiaren suspertzean eta irundarren bizi kalitatea hobetzean oinarritutako hiri-proiektuarenak. Hiru urteotan hiri-proiektu horretan oinarritutako hainbat ekarpen eta proposamen egin ditugu, eta norabide horretan lanean jarraituko dugu.

Udaletxean egindako lanaren baitan, kalean, hiritarrei entzunez eta beren behar eta arazoei irtenbidea emanez, agintaldi honetan egindako lana nabarmendu nahi dut. Une oro, hiritarren zerbitzura egoten ahalegindu naiz, oposiziotik ditugun aukera eta eskumenen barruan nire babesa eta laguntza erakutsiz. Horretaz gain, EAJko zinegotziekin batera egin dugun talde-lana azpimarratu nahi dut eta udaletxetik kanpoko lana eta zinegotziarena uztartuz hautetsiek erakutsi duten prestutasuna eta konpromisoa goraipatu nahi ditut.

Azkenik, hiriaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dut. Ohorea da niretzat Irunen alde lan egitea eta EAJ-PNVn prest gaude horretarako.