Txingudiko bidea: Hiriak eta pertsonak elkartzeko egitasmoa, gure apustu nagusia

Duela egun batzuk, gure hauteskunde programan eramango dugun proiektu sendo baten aurkezpena egiteko aukera izan nuen. Bertan, Txingudi badiako hiru udalerrien bizikletentzako eta oinezkoentzako ibilbidezko loturaren alde EAJ-PNVk egiten duen apustua berretsi eta datorren agintaldian, beste administrazioekin elkarlanean, Udaletxetik proiektuari bultzada ematen jarraitzeko konpromisoa azaldu nuen.

EAJ-PNVtik 2013ko apirilean hasi ginen planteamendu hori lantzen Eusko Jaurlaritzarekin batera, eta urte hauetan irmo mantendu dugu gure apustua administrazio guztien inplikazioa lortzeko helburuarekin. Irunerako eta eskualderako proiektu oso garrantzitsu eta estrategikoa da, eta horregatik lortu nahi izan dugu eskumena duten erakunde guztien babesa. Hilabete hauetan, Plan Zuzentzailea lantzearekin, Txingudi eremuan urrats garrantzitsuak eman dira, plan horrek, besteak beste, Hendaia, Irun eta Hondarribiaren loturarako alternatiba desberdinak zehazten dituelarik.

Alternatiba horien artean, Plaiaundi Institututik, Pierre Lotti eta ibaiertzetik barrena, nazioarteko zubietara doan ibilbidearen aldeko apustua egiten dugu EAJ-PNVtik.

Plaiaundi Institutuko atzeko aldea, egun utzikeria egoeran aurkitzen dena, leheneratutako eremuan bilakatuko da, eta bertatik igarotzeko aukera izango dute oinezkoek zein txirrindek. Bideak Pierre Lotti-tik jarraituko du Bidasoa ibaiertzera iritsi arte, gaur egun ezezaguna eta iristeko zaila den puntua da eta badiara eskaintzen dituen bista ederrengatik berreskuratu beharreko gunea. Hortik Santiago zubirako igarobidea Adif-eko trenbide azpiko pasabidearekin eta, tren geltokiaren parean, Euskotren-eko trenbide azpiko pasabidearekin konponduko litzateke. Ondoren, dagoen kota desberdintasunari Santiagoko Interpretazio Zentrorainoko arrapala bikoitzarekin emango zaio irtenbidea.

plaiaundi_hr

Ibilbide horren erakargarritasuna eta proiektuaren alderdi turistikoa balorean jarri nahi ditugu, gure hiriko eremu natural pribilegiatu baten erabilera eta gozamena ahalbidetuko baitu, ingurumenarekiko eta Plaiaundiko parke ekologikoan dagoen fauna eta florarekiko errespetua nagusituz. Eremu horietan ezinbestekoa da aisialdiaren eta ingurunearen kontserbazioaren arteko kontziliazioa. Azkenik, gure hiriko zein eskualdeko mugikortasunean ekarriko duen aurrerapausoa nabarmendu nahi dut; azken batean, hiriak lotzeko eta pertsonak gerturatzeko helburua duen egitasmoa baita.