Kredituen Aldaketaren aldeko botoa emango dugula jakinarazi dugu
Gobernu sozialistak proposatutako Kreditu Aldaketaren aldeko botoa emango dugu ostiral honetan. Duela hilabete Irungo Udaleko alderdi guztiek onartutako Txoke Plana osorik garatzeko helburua duen kreditu aldaketa. Egoera zaurgarria bizi duten pertsonen, merkatarien, autonomoen, eta ostalarien egoera hobetzeko gizarte eta ekonomia laguntzak barneratzen dituen plana.
Irungo herritarren ongizatea eta gure hiriaren susperraldia dira gure lehentasunak, eta gure taldeak argi dauka ezin dugula denbora galdu. Talde guztiok, elkarrekin egin behar dugu aurrera, indarrak batuz egoera zail hau gainditzeko eta Iruni ahalik eta etorkizun onena eskaintzeko. Liskar antzuak, pertsonalismoak eta interes indibidualak alde batera uzteko garaia da, horregatik kreditu aldaketaren alde bozkatuko dugu ostiraleko ohiko osoko bilkuran.
Baina ezin gara hemen geratu. Orain, inoiz baino gehiago, gure helburu bakarra pertsonen ongizateak izan behar du, eta laguntzek haratago joan behar dute. Txoke-planak sortzen joan diren behar batzuei erantzuten die, baina ez ditu dauden gabezia guztiak betetzen. Bizi dugun eta laster biziko dugun krisi-egoera hau ahalik eta ondoen konpontzeko udalak gehiago egin dezake, eta hala egin behar du. Oraindik bete gabe dauden behar guztiei erantzuna eman behar diegu. Era berean, eta aurrera egoki egin ahal izateko, 2020ko aurrekontua birformulatzeko plan bat beharko dela ere adierazi dugu. Udalak hurrengo jarduketen egutegia aurreikusi eta landu behar du horretarako. Indarrak batu eta guztien arteko akordioak lortu behar ditugu. Has gaitezen lanean batasunetik, gure hiriak laster beharko dituen bultzadatan. Gure taldea, beti bezala, laguntzeko eta indarrak batzeko prest dago, hala beharrezkoa den berreraikuntza ekonomikoa eta soziala indartzeko eta ziurtatzeko.
Amaitzeko, lankidetzaren eta koordinazioaren garrantzia azpimarratu nahi izan dugu. Egoera honek erantzukizuna eta koherentzia eskatzen digu. Irunek aurrera egin dezan, gure udalerritik haratago joan behar dugu. Gure ekintzak eta ekimenak gainerako erakundeekin koordinatu behar ditugu. Denok bat egiten badugu, udal taldeek, erakundeek eta herritarrek, lortu dezakegu.