Beharrezkoa ikusten dugu San Juan plazako eraikin berria diseinatzeko, parte hartze prozesu bat martxan jartzea
Gure hiriko eraikin esanguratsuen eta leku historikoen eraldaketei edo eraikuntzei ekiteko planteamendu berri baten berri eman dugu gaur goizean. EAJ-PNVtik uste dugu badela garaia Irunen politika irekiagoa, gardenagoa eta batez ere, parte-hartzaileagoa egiteko. Etorkizunak egiteko modu berrietara bideratzen gaitu, eta politikak behar hauetara egokitu behar dira gure hiria diseinatzeko orduan. Halaber, ideia oparoak eta aberatsak jaso ahal izateko, eztabaida eraikitzaileak sustatzea ere ezinbestekoa da.
Hilabete hauetan zehar, EAJ-PNVtik ideiak proposatu ditugu, Irun etorkizun hobe baterantz bideratzeko. Politika irekiak eta berritzaileak proposatu ditu, egungo gizartearen beharrei behar bezala erantzuteko. Baina badirudi egungo gobernu sozialistak nahiago duela entzungor egin, eta iraganeko eta iraungita dauden politikak aplikatzen jarraitu. Irun bete gabeko promesa politikoz betea dago, ekintzekin baino, hitz gehiagorekin, eta iristen ez diren aldaketekin. Izan ere, ez dezagun ahaztu egungo alkate den Jose Antonio Santanok, ekainaren 15ean, bere inbestidura-hitzaldian esan zuena, “parte hartzeko eta entzuteko bide berriak irekitzea. Iritzi bakoitza garrantzitsua delako, denon artean konponbide hobeak hartzen ditugulako”. Tamalez, oraindik irundarrak esandakoa gauzatzeko esperoan daude.
Gobernu sozialistak oraindik ere, arkitektonikoki udaletxearekin eta San Martzial baselizarekin lehiatzen den eraikin baten aldeko apustua egiten duela nabarmendu dugu. Ekarpen zaharkituak eta prekarioak jasotzen dituen proiektua da hau, 2003-2004 urteetan, duela 15 urte, 62.000 irundarretatik 2.000ak parte hartu zuten prozesu batek ezarri zituenak. Proiektu honek, estetikatik haratago joanda, neurriz kanpoko dimentsioak jasotzeaz gain, San Juan Harriko zutabe delikatua neutralizatzen du. Irunek Hondarribiaren aurrean duen independentziaren irudia, gure historiaren sinbolo garrantzitsuenetako bati, protagonismoa kentzen dio. Are gehiago, eraikin honek San Juan Plazatik San Martzial ermitaren ikuspegia ere betiko ezkutatuko luke. Badirudi alderdi sozialistak bere horretan jarraitzen duela, eztabaida publikoari ihes egiten, eta jarrera horrek asko kezkatzen gaitu. Hiri bat ez da irizpide partikularren arabera eraiki behar. Zer pentsatzen dute irundarrek? Prest al zaudete gure ondare historikoa, bulego-eraikin baten ondorioz, baztertuta eta baliogabetuta gera dadin? Guk argi daukagu, herritarrek iritzia eman behar dute, eraikin berriek, hala nola gune historikoen eraldaketak, ezin dute gure hiriaren esentzia eta nortasunaren kontra joan.
Hala nola, udal-gobernuak 2019 urte amaieran 2020rako aurrekontu-proiektua aurkeztu zuela kontuan izanik, eraikin horri zuzendutako 8 milioi euroko urte anitzeko partida bat bideratzen zuena, proiektua urtebete atzeratzea proposatu genuen. Ondorioz, premiazkoagoak, sozialak, mugikortasunekoak, tokiko merkataritzakoak eta abar diren beste gai batzuk jorratu eta konpondu ahal izateko. Halaber, 2020an herritarrei kontsulta ireki bat egiteko planteamenduaren beharra plazaratu genuen. Belaunaldien urratsak eta gure hiriaren garapenak aurrera egin dute, eta ezin gara konformatu duela hainbeste urteko planteamendu batekin. Hasiera batean gobernuak atzera bota zuen proposamen hau, baina, azkenean, Aurrekontuen Osoko Bilkuran, udal gobernuak ahoz eta publikoki konpromisoa hartzea lortu genuen. Dagoeneko esleituta zegoen enpresari proiektuaren alternatiba bat baino gehiago eskatzeko konpromisoa hartu zuten. Orain emandako hitza betetzea espero dugu, eta batez ere herritarrek, talde politikoek bezala, iritzia eman ahal izatea. Izan ere, Irungo erdigunean kokatuko den eraikin batek, herritarren parte-hartzea jaso behar du, garrantziagatik, zenbatekoagatik, eta sinbolismoagatik.
Ildo beretik, urteetan gobernu sozialistak, hirian garatuko diren proiektuen inguruko parte-hartzeaz hitz egiten duenean egiaztatu ahal izan dugu, bere proposamenen legitimazioaz ari dela. Hau da, jendeari beren asmoen berri ematen diote, eta beren interesak betetzen dituen proposamen batekin zundaketaren bat egiten dute. Baina hori ez da parte hartze gardena, hori espedientea betetzea da. Hori ez da parte-hartzea sustatzea, ez da politika egiteko modu berri bat, ez da etorkizuna, ez da progresioa, ez da pertsonek eskatzen dutena. Parte-hartzeak funtziona dezan eta kultura bihur dadin, benetakoa izan behar du: herritarren esku-hartzeak, aktiboa izan behar du prozesuaren fase guztietan. Adibidez; arazoak eta beharrak identifikatu, lehentasunak zehaztu, helburuak zehaztu, diseinuan esku hartu…
Amaitzeko, hori ez dela kasu isolatu bat helarazi dugu. Gauza bera gertatzen da Junkal plazatxoarekin, Terma erromatarren eraikin berriarekin, Ikust-Alaiko liburutegi zaharraren birgaitzearekin… Gobernu sozialistak inolako parte-hartze ekintzarik egin gabe eta adostasun eta akordio politikorik gabe egingo dituen lanak dira. Hau ez da hiria egiteko modua, ez da elkarlanaren adibide, eta ez da Irun izatea merezi duen hiria izateko bidea.