Iridoy: “Osakidetzak eta bere profesionalek gure proposamena irmoki bermatu dute”
Bidasoarako Plan Zuzentzaileak anbulatorio handi bat proposatzen du zentroan, eta 2.000m2-ko beste osagarri bat, Oinaurren, EAJk eskatu duen bezala.
Urtebete pasa da Irungo EAJ-PNVtik, gure hiriko zerbitzuen eta osasun-arretaren beharrak eta hobekuntzak aztertzeko, profesional eta adituekin lanean hasi ginela. Bide horretan, gainera, irundar askoren iritzia entzun eta jaso genituen, eta Irungo azken hamarkadako datuak eta biztanleriaren bilakaeraren etorkizuna ere aztertu genituen.
Egin genuen lanaren ondorioa argia izan zen: Irunek gaur egun erdigunean dugun anbulatorioa baino handiagoa den bat behar du, zerbitzu gehiago dituena eta erdigunean kokatuta dagoena. Anbulatorio zentral handi bat, zentroko anbulatorioa ordezkatuko lukeena, gaur egun herritarren beharrei nekez erantzuten diena. Hala jakinarazi dute, gainera, osasun-arloko profesionalek. Hala ba, egindako lanaren emaitza ikusita, eta mediku profesionalei entzun ondoren, irundarren lehen mailako arretaren eta ongizatearen aldeko apustu sendoa egin genuen EAJtik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari helarazi geniona: Irungo EAJk hiriaren erdigunean anbulatorio handi bat, beste txikiago bat Oinaurren, eta, Dunboakoa mantentzearen aldeko apustua egiten du.
Era berean, gure hiriaren erdigunean lursailen erabilgarritasuna aztertu dugu, eta anbulatorio berri honentzako kokapenik onena trenbidearen eremu berria dela ondorioztatu dugu. Kokaleku ezin hobea da, bere zentraltasunagatik eta irisgarritasun onagatik, geltoki intermodal berria bertan eraikiko baita. Ildo beretik, zentroan anbulatorio handi berri hau zenbat denboran izan genezakeen aurreikusi nahian, hirigintza-adituekin azterlan bat egin genuen, eta, 4 urteren buruan harekin konta genezakeela ondorioztatu zen, betiere kudeaketa eraginkorra bada, faseetan lan egiten bada eta borondate politikoa badago.
EAJtik, argi geneukan hasieratik, Irungo erdigunean egin behar zela esku-hartze handiena osasun-azpiegituretan, bertan biltzen baita biztanle gehiena. Apustu hori, geroago, Osasun Sailak eta Osakidetzak bermatu dute.
Izan ere, atzo, Osakidetzak Bidasoa 2023-2033 ESIaren Plan Zuzentzailearen berri eman zuen Legebiltzarrean. Eta EAJtik hainbat hilabetez proposatu eta defendatu dugun eta gure hiriaren egoera neurri batean hobetuko duela uste dugun proposamena erabat, irmo eta zalantzarik gabe, bermatzen du. Dokumentu honek berretsi egiten du zentroan 10000m2-ko anbulatorio handi bat behar dela, baina, horrez gain, aukera berri bat proposatzen du, erdialdean m2 horiek ez badaude: anbulatorio handi bat eraikitzea zentroan, 8000m2-koa, eta beste bat txikiagoa, 2000m2-koa, Oinaurren.
Errealitate horren aurrean, Santano alkateari eskatzen diogu ez dezala inbertsio hori alferrik galdu eta bete dezala Bidasoako ESIaren Plan Zuzentzailean eskatutakoa, osasun-arloko profesionalek eta adituek egin duten Planak jasotzen duena. Santano alkatea Irungo etorkizuna hipotekatzen ari da, zentroko egungo anbulatorioa 3600m2-ra zabaltzea eskainiz, berri eta handi baten alde egin beharrean. Ez ditu irundarren beharrak entzun, eta ezta osasun langileenak ere. Zentroko anbulatorioa zaharkituta dago, Irunek berria behar du, Oinaurrekoaz eta Dunboakoaz gain, lehenbailehen. Ezin dugu hiria adabakitzen jarraitu, nahikoa da aitzakiez eta EAJren aurkako diskurtso elektoralistez. Irunen aldeko apustua egiteko garaia da, eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa aprobetxatzekoa.