San Markos eguneko opilak

OPILAK - GASPAR MONTES ITURRIOZ3

San Markos eguna ospatzen dugu gaur Irunen eta inguruko hainbat herrietan (Hondarribia, Oiartzun, Pasaia, Errenteria…). Urtez urte iraun duen tradizio bat betetzen da apirilaren 25ean, non amabitxiak bere besotakoari −ezkontzen den arte− opila egiten dion. Burura etortzen zait haurra nintzenean San Markos bezperako ilusioa. Gogoratzen dut nola joan behar izaten nuen Hondarribira amona Frantxiska amabitxiaren etxera opila jasotzera. Han izaten zituen, punttu-punttuan, bere besotakoen opilak prest.

Etxera eraman eta nire anai-arrebaren opilen ondoan nirea jartzen nuen. Han gelditzen ziren hurrengo egun arte, San Markos eguna iritsi arte ezin baitziren dastatu. Horixe zen, hain zuzen ere, gure amaren agindua. Bitartean, opilak begiratu, arrautzak kontatu, txitoak alderatu eta familian opilei buruz egiten genuen hitz. Biharamunean, apirilaren 25ean, opilak bedeinkatu eta zapi batean bilduta mendira igotzen ginen familian zein lagunekin egun ederra pasatzera.

Gaur egun, garai hartan bizi genituen ilusioak errepikatu egiten dira gure haurren artean. Urtero, San Markos egunean bizi genituen emozio haiek, Bidasotarrok gure oroimenean gorde ditugu, eta gure ohituren artean opila eguna ere gehitu dugu. Bere jatorritik ospakizunak aldaketak izan baditu ere, funtsean amabitxiaren eta besotakoaren harremana estu mantentzen duen ohituraren emozioak eta ilusioak, belaunaldiz belaunaldi, bizirik irauten dute.

Egun honetaz gozatzeko aukera duzuen guztioi, on egin!

Irunek behar duen aldaketa ekartzeko PREST!

2010ean Irungo EAJ-PNVko lehendakariak alkatetzarako hautagai izateko proposamena egin zidanean, erronka garrantzitsua ikusi nuen begien aurrean. Ilusio handiz hartu nuen erronka, errespetuz eta arduraz. Lau urte pasa dira ordutik, Irunen alde buru-belarri lanean igarotako lau urte. 1994 urtean afiliatu nintzen Eusko Alderdi Jeltzalean eta hainbat urtez alderdi barruan kargu desberdinak izan ditut, tartean lehendakari-ordearena. Alderdia baztertu gabe, irakaskuntzan jardun dut 26 urtez. Ez pentsa, baina irakasle eta ikastetxe bateko zuzendari lanetan urte horietan guztietan ikasitakoak, gaur egun, politikan oso erabilgarriak zaizkit: erakunde baten kudeaketa, talde-lana, erakunde eta enpresekin elkarlana, entzuteko ahalmena, erabakiak hartzeko gaitasuna…

Nire ibilbide politikoan, atzo egun garrantzitsua bizitu nuen. Nire alderdiaren eta alderdikideen babesarekin, datorren urteko udal hauteskundeetan EAJ-PNVko zerrenda-buru hautatu ninduten aho batez. Bada, nire eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiet lerro hauen bitartez nigan jarritako konfiantzarengatik. Erronka, 2011koa bezala, aparta da. Erakargarria, polita. EAJ-PNVren hiri-proiektua gauzatzea ahalbidetuko didan erronka. Pertsonak dira gure hiri-proiektuaren ardatz nagusiak; hain zuzen ere, ekonomiaren suspertzean eta irundarren bizi kalitatea hobetzean oinarritutako hiri-proiektuarenak. Hiru urteotan hiri-proiektu horretan oinarritutako hainbat ekarpen eta proposamen egin ditugu, eta norabide horretan lanean jarraituko dugu.

Udaletxean egindako lanaren baitan, kalean, hiritarrei entzunez eta beren behar eta arazoei irtenbidea emanez, agintaldi honetan egindako lana nabarmendu nahi dut. Une oro, hiritarren zerbitzura egoten ahalegindu naiz, oposiziotik ditugun aukera eta eskumenen barruan nire babesa eta laguntza erakutsiz. Horretaz gain, EAJko zinegotziekin batera egin dugun talde-lana azpimarratu nahi dut eta udaletxetik kanpoko lana eta zinegotziarena uztartuz hautetsiek erakutsi duten prestutasuna eta konpromisoa goraipatu nahi ditut.

Azkenik, hiriaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dut. Ohorea da niretzat Irunen alde lan egitea eta EAJ-PNVn prest gaude horretarako.