Kredituen Aldaketaren aldeko botoa emango dugula jakinarazi dugu

Gobernu sozialistak proposatutako Kreditu Aldaketaren aldeko botoa emango dugu ostiral honetan. Duela hilabete Irungo Udaleko alderdi guztiek onartutako Txoke Plana osorik garatzeko helburua duen kreditu aldaketa. Egoera zaurgarria bizi duten pertsonen, merkatarien, autonomoen, eta ostalarien egoera hobetzeko gizarte eta ekonomia laguntzak barneratzen dituen plana.

Irungo herritarren ongizatea eta gure hiriaren susperraldia dira gure lehentasunak, eta gure taldeak argi dauka ezin dugula denbora galdu. Talde guztiok, elkarrekin egin behar dugu aurrera, indarrak batuz egoera zail hau gainditzeko eta Iruni ahalik eta etorkizun onena eskaintzeko. Liskar antzuak, pertsonalismoak eta interes indibidualak alde batera uzteko garaia da, horregatik kreditu aldaketaren alde bozkatuko dugu ostiraleko ohiko osoko bilkuran.

Baina ezin gara hemen geratu. Orain, inoiz baino gehiago, gure helburu bakarra pertsonen ongizateak izan behar du, eta laguntzek haratago joan behar dute. Txoke-planak sortzen joan diren behar batzuei erantzuten die, baina ez ditu dauden gabezia guztiak betetzen. Bizi dugun eta laster biziko dugun krisi-egoera hau ahalik eta ondoen konpontzeko udalak gehiago egin dezake, eta hala egin behar du. Oraindik bete gabe dauden behar guztiei erantzuna eman behar diegu. Era berean, eta aurrera egoki egin ahal izateko, 2020ko aurrekontua birformulatzeko plan bat beharko dela ere adierazi dugu. Udalak hurrengo jarduketen egutegia aurreikusi eta landu behar du horretarako. Indarrak batu eta guztien arteko akordioak lortu behar ditugu. Has gaitezen lanean batasunetik, gure hiriak laster beharko dituen bultzadatan. Gure taldea, beti bezala, laguntzeko eta indarrak batzeko prest dago, hala beharrezkoa den berreraikuntza ekonomikoa eta soziala indartzeko eta ziurtatzeko.

Amaitzeko, lankidetzaren eta koordinazioaren garrantzia azpimarratu nahi izan dugu. Egoera honek erantzukizuna eta koherentzia eskatzen digu. Irunek aurrera egin dezan, gure udalerritik haratago joan behar dugu. Gure ekintzak eta ekimenak gainerako erakundeekin koordinatu behar ditugu. Denok bat egiten badugu, udal taldeek, erakundeek eta herritarrek, lortu dezakegu.

Aurrekontua birmoldatzea eta laguntzetarako 2.500.000 euro gehiago bideratzea proposatu dugu

Irundarrek bizi duten eta datozen hilabeteetan bizi dezaketen egoera aztertu ondoren, gure taldeak beharrezkotzat jotzen du, urte honen hasieran onartutako aurrekontua osorik birmoldatzea. Irungo egungo beharrei erantzuten ez dien aurrekontua da egun duguna, horregatik, une honetan premiazkoak ez diren proiektuetara bideratutako zenbait partida ekonomiko, pertsonak, merkataritza, ostalaritza, eta autonomoak laguntzeko bideratzea planteatzen dugu.

Udalak datozen hilabeteetan eman beharko duen erantzuna hobetu eta osatzeko landu ditugun proposamenek 2.500.000 euro inguruko kopurua batzen dute. Irun aurrera atera dadin eta bizi dugun egoera eraginkortasunez gainditu dezagun funtsezko ekintza-multzoa da.

Gure proposamenak

Gure hiria bultzatzera, berriro ere berpiztera, 1.000.000 euro gehiago bideratzea proposatzen dugu. Tokiko merkataritza, ostalaritza eta kultura bultzatzeko bonoak sustatuz, baita jada martxan den Txoke Planean ematen diren zuzeneko laguntzak zabalduz ere. Hori bai, ezinbestekoa iruditzen zaigu laguntza zuzen horiek Lanbidek eskaintzen dituenekin bateragarriak izatea, gaur egun ez da halakorik aurreikusten eta.

Era berean, funtsezkoa iruditzen zaigu gizarte arloari laguntza gehiago bideratzea. Adinekoei, egoera zaila bizi duten familiei, egoera delikatuak eta ahulak bizi dituzten pertsonei zuzendutako gizarte-laguntza poltsak 1.000.000 eurotan handitzea proposatzen dugu. Diru kopuru hau GLLetarako eta laguntza berezietara, Etxez Etxeko Arreta Zerbitzura, Gipuzkoako Elikagaien Bankura, Gazteekin eta Gurasoekin programetara, bideratzea proposatzen dugu. Halaber, funtsezkoa iruditzen zaigu adinekoentzako laguntze-zerbitzu bat sortzea.

Bestalde, beharrezkotzat jotzen dugu alde batetik, konfinamenduan indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeei zuzendutako laguntzak sortzea eta bestetik, Erosi eta Ikasi programaren partida handitzea. Hala beharra duten familien arreta hobetzeko, eta, gainera, laguntza horren bidez eskura daitezkeen materialen zerrenda zabaltzea ere garrantzitsua iruditzen zaigu.

Era berean, eta amaitzeko, azpimarratu nahiko genuke, orain inoiz baino gehiago, oso garrantzitsua dela aurrekontua birformulatzearen helburua, pertsonen ongizatea izatea. Ezin gara gutxieneko erabaki eta neurriekin konformatu, maximoetara joan behar dugu. Etor daitekeena aurreikusi eta hauei erantzun azkar bat eman behar diegu. Udalak ematen dituen aurrera pausoak eredugarriak izan behar dira, ez da inprobisatzeko garaia. Guztion artean Irunen alde egin behar dugu. Lor dezakegu, baina horretarako beharrezkoa da egungo beharrei eta etorkizunean etor daitezkenei aurre hartu eta erantzuna ematea. Ezin dugu denbora galdu. Behar batzuk ez badaude beteta, orain da erantzuteko momentua.

EAJ-PNVk 2020ko Aurrekontua birformulatzeko maximoen akordio baten alde egiten du

Bizi dugun krisi-egoera dela eta, eta pandemia honek gure hiriko ekonomian eta gure pertsonen eta familien bizitzan eragiten dituen kalte eta ondorioen aurrean, Irungo EAJ-PNVtik elkartasuna adierazi nahi diegu gaixotasunaren ondorioak gehien pairatzen ari diren pertsona zaurgarrienei. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiegu egunero, etengabe, laguntzeko helburu bakarrarekin, lanean ari diren profesional guztiei.

Hala ere, Irungo Udalak abian jarri eta gure taldeak babestu duen Txoke Planaren lehen fasetik haratago begiratu eta etorkizunerantz aurrera egiteko beharra ikusten dugu. Udalak denborak bizkortu behar ditu, datozen hilabeteetan sortuko diren behar ekonomiko eta sozial berriei egoki erantzuteko.

Jakin dugunez maiatzean Irungo Udaleko ohiko osoko bilkurei berriro ere ekingo zaie, eta aurreikuspenen arabera, lehen bilkura honetan, talde politiko guztien arteko negoziaketa beharko duen, 2020ko Aurrekontuaren berregituraketa onarpenera eramango da. Gure ustetan, Irungo pertsona eta familia askok bizi duten egoerari erantzuna eman beharko liokeen berregituraketa izan beharko luke honek. Halaber, beti egin dugun bezala, desberdinekin hitz egiteko eta maximoen akordio baten alde lan egiteko prest gaude. Irunek eta bere pertsonek hala merezi dute.

Horregatik, aurrekontuaren birformulatzeak, sortu daitezkeen behar berriak erantzun ditzan, arduratsuena eta zuhurrena, garrantzitsuak izan badaitezke ere premiazkoak ez diren inbertsio handiak atzeratzea dela uste dugu. Erantzukizunez jokatuz, eta bizi dugun ziurgabetasun egoera nabarmena dela ikusirik, pertsonen ongizatea ardatz hartuta eta izan daitezkeen interes politikoak nagusitu gabe, proiektuak lehenetsi eta hauek aldizkatzea beharrezko ikusten dugu. Hala, proiektu horien diru publikoa, pertsonek une honetan behar dituzten laguntza egokietara bideratzeko aukera izango luke Udalak.

Halaber, eta bukatzeko, gure taldean ziur gaude lehen txoke-plan honek ekimen, jarduera eta injekzio ekonomiko berriak beharko dituela. Bai GLLekin edo laguntza bereziekin estaltzen ez diren gizarte-ekintza berriak abian jartzeko, baita dendak, ostalaritza eta autonomoak beraien negozioak ixtera behartuta egon ez daitezen ere. Ez ditugu alde batera utzi behar, egoera kritikoak saihets ditzaketen beharrezko gastuak.

Aurrean dugun erronkak, ezohiko neurriak hartzera behartzen du Udala. Talde politikoek egoerak eskatzen duen eta herritarrek behar duten neurrira jokatu behar dugu.