Bizikidetza eta Aniztasun Plan bat behar du Irunek

Spread the love

Gaur goizean, Lander Ugartemendia eta biok, Irunek Bizikidetza eta Aniztasun Plana behar duela jakitera eman dugu. Irungo egoera geografiko eta soziopolitikoak bultzatu gaitu hiri anitza, eta, era berean, abegikorra izatera. Halaber, urteen joan etorrian irundar herritartasunaren osaera ere aldatzen joan da. Hori dela eta, uste dugu Irunek aniztasunerako eta elkarbizitzarako plan bat behar duela, proposamenak eta ekintzak biltzen dituena. Are gehiago, hiriari etorkizun hobe bat eskainiko dion gobernantza ereduan sakontzen lagunduko duen plana izango litzateke hau.

Etengabe aldatzen ari den mundu globalizatuan bizi gara. Egunero errealitate berriak azaleratzen dira, eta lehendik daudenak eboluzionatzen dabiltza. Eztabaidak sortzen dituzten aldaketak dira hauek askotan, bizikidetzarekin edo hezkuntzarekin eta aniztasunarekin zer ikusia duten eztabaidak. Esaterako, errefuxiatuekin, migrazioarekin, kultura-aniztasunarekin eta beste hainbat kasurekin zerikusia dutenak. Eta errealitate horien presentzia eta abordatzea ez dira beti diskurtso solidoan oinarritzen. Ondorioz, gure gizartearen oinarrizko balore, eskubide eta askatasunei eragiten dieten eta orain arte zalantzan jartzen ez ziren printzipioak zalantzan jartzen dituzten analisiak sortzen dira.

Horregatik, lau ardatz estrategikoz osatutako plan bat proposatu dugu; aniztasun kulturala, aniztasun funtzionala, bakearen kultura eta giza eskubideen kultura eta memoria historikoa kontuan dituena. Eta hurrengo pausoak beteko lituzkeena: hiriaren diagnostikoa, partekatutako helburuak, jarduera-ildoak, programa eta ekintza zehatzak, aurrekontu-egutegia eta betetzearen ebaluazio-sistema. Irundarrak aukera berdintasunerako joera du. Arrazoizko arau eta balioen bitartez, arazoei aurre egiten dion hiria da Irun, eta hala adierazi du azken urteotan batez ere. Guk, jakina, bide horretan sinesten dugu, elkarbizitzan, oinarrizko askatasunean eta eskubideetan sinesten dugu. Elkarte irundar irekia, inklusiboa, baketsua, parekidea, heterogeneoa, kultura artekoa, duina eta soziologikoa sustatu eta eraiki nahi dugu. Hala adierazi genuen gainera, gure hauteskunde programa aurrerakoi eta irekian.

Ildo beretik, planak izango beharko lituzkeen lau estrategia ildoak azaldu ditugu. Aniztasun kulturalaren inguruan, 2018ko Ikuspegiren datuen arabera Irunen kanpoan jaiotako 8.094 pertsona bizi dira, (irundar populazioaren %13 baino zertxobait gehiago). Hori dela eta, plan honek egoera honen diagnostikoa zein den adierazi behar du, baita zein zerbitzu eta baliabide dituen Udalak ere. Irun hiri kultura aniztasunetik, aniztasunaren kulturara igarotzeko sustatu behar diren ekimenak zeintzuk diren zehaztu behar ditu. Aniztasun funtzionalari dagokionez, planak pertsona horien beharrak kontuan hartu behar ditu, kontuan hartuta 2018an 3.194 pertsona zeudela %33 eta %75 tarteko minusbaliotasun maila batekin, eta 671 pertsona, % 75 baino gehiagokoarekin. Bakearen eta Giza Eskubideen Kulturari buruzko lerroan, Irunen, Udalak bultzatzen dituen ekintzek jasota egon beharko lukete, hauei koherentzia bat emanez. Bizikidetzari eta adiskidetzeari buruz ere hitz egingo du atalak, gainerako euskal erakundeek bultzatutako politikekin lerrokatuta. Azkenik, planak memoria historikoaren inguruan dauden ekimen berriak jaso behar ditu, memoria historikoaren berreskurapenean sakontzeko.

Plana elkarlanean egin behar dela ere azpimarratu dugu. Gizarte-eragileekin lankidetzan aritu behar da, herritarrekin lankidetzan, herritar guztien iritzia jasoko duen prozesu ireki baten bultzatu beharko litzake, eta gobernuaren eta oposizioaren arteko lankidetza ere ezinbestekoa litzateke. Gure taldeak, gure hiriarentzat onuragarriak diren planak, adostasunaren bitartez sustatu eta garatu behar direla uste du. Ez dugu egungo gobernuaren estiloa konpartitzen, honek ez du akordiorako alde lan egiten eta. Irunek Bizikidetza eta Aniztasun Plana behar du, eta uste dugu prozesu hori, irundar guztiontzat positiboa izango dela.