Ekonomia bultzatzeko politikak beharrezkoak dira Irungo enplegua eta industria hobetzeko

Spread the love

Besteak beste, Bidasoa Biziriken, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko koordinazioa areagotzea dugu helburu, Gipuzkoan eta Euskadin emaitza onak ematen ari diren ekonomia suspertzeko programak Irunen garatzeko

Industria enpresek euren jarduera garatzen duten inguruneak hobetzeko konpromisoa dugu; irisgarritasuna eta irudia

Gaur goizean Gabiria industrialdera gerturatu gara, gure hauteskunde programan, ekonomia eta enpleguaren bultzadari, eta industriaren garapenari buruzko proposamenak aurkezteko. Ekonomiaren bultzada gure hauteskunde programaren ardatz estrategikoetako bat da, garapen ekonomikoaren bidez enplegua hobetzea lortuko dugulako, eta, ondorioz, irundarren ongizatea egonkortu eta hobetzeko aukera izango ditugulako. Halaber, EAJ-PNVtik enplegu duinaren, egonkorraren eta kalitatezkoaren alde egingo du beti lan.

Irunek urte asko daramatza Gipuzkoako enplegu datuen zerrendako bukaerako postuetan. Hiriko langabezia tasak kezkagarria izaten jarraitzen du: Irunen %11.16a (3.514 pertsona), Gipuzkoan %7.9a eta EAEn %10.2a. Datu horiek kontuan hartuta, enpleguaren sustapena eta sorrera EAJ-PNVrentzat lehentasuna dira, eta kronifikatutako errealitate honetatik ateratzeko Irunek bere ahalegin, sormen eta baliabide guztiak ekonomiaren sustapenera bideratu behar ditu. Eta erronka hori ezin da gauzatu Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, enpresen eta unibertsitateen artean ez bada sinergiarik eta partekatutako estrategiarik sortzen. Erakunde arteko lankidetza funtsezkoa da gure hiriaren egoera ekonomikoa aldatzeko eta hobetzeko. Halaber, ez dugu ahaztu behar udalaren eskumenak diren mugikortasun politikek eta baita hirigintza politikek ere eragin handia dutela gure hirian. Beraz eskumen hauek ongi bideratu beharko lituzke Udalak eta Irun erakargarriagoa egin beharko genuke.

Beharrezko baldintzak hobetuko ditugu, hala Irungo hiritarrek Irunen euren lana gauzatzen jarraitzeko aukera izan dezaten. Irun hiri erakargarri bilakatzeko ahaleginak egin behar ditugu, bertan kokatu eta aberastasuna sortzen duten enpresentzat, bezero potentzialentzat, erakargarria gazte ekintzaileek enpresa berriak sortu eta beraien proiektuak garatu ditzaten. Horrela bakarrik lortuko da hirian enplegu berriak sortzea, enplegu duin, egonkor eta kalitatezkoak. Eta horretarako hurrengo proposamenak landu ditugu, besteak beste.

  • Bidasoa Biziriken, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko koordinazioa areagotzea, Gipuzkoan eta Euskadin hain emaitza onak ematen ari diren ekonomia suspertzeko programak Irunen garatzeko.
  • Bidasoa Bizirik Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elkar-Ekin Planean gehiago inplikatzea. Enplegagarritasunaren bitartez gizarte inklusiorako estrategia da, eta Gipuzkoan bazterkeria egoeran edo arriskuan zeuden 1950 pertsonek lana aurkitzea ahalbidetu du.
  • Trenbide Guneaz eta VIA IRUN proiektuaz baliatzea ekonomia jarduera berriak erakartzeko.

Halaber, industria sektorea sustatzeko eta laguntzeko apustua ere egiten dugu, historikoki, industriaren sektorea hiriko ekonomiaren oinarrietako bat izan da, dinamismoa eta enplegua sortuz. Gaur egun, 6.645 enpresak garatzen dute bere jarduera hirian. Horietatik, % 6 dira industriaren arlokoak, 335 guztira, 3.650 langilerekin (EUSTAT-en Establezimenduen eta Enpleguaren Azterketa, 2016).

Azkenik, industria-sektorea oso dibertsifikatuta dago, egun indarrean jarraitzen duten enpresak orain urte batzuetako krisiari aurre egin zioten enpresak dira. Europar Batasunak beharrean dagoen esparru gisa katalogatzen du gainera Irun, bere langabezia tasa EAEko batez bestekoa baino %20 handiagoa baita. Horregatik, Udalak eta Bidasoa Bizirikek eragile aktiboak izan behar dute, enpresen, Aldundiaren eta Jaurlaritzaren arteko bitartekaritzan.

Horren inguruan EAJ-PNVk proposatzen ditugun neurri batzuk:

  • Industria enpresen jarduera inguruak hobetzea, bai irisgarritasunari, bai irudiari dagokionez.
  • Lankidetza publiko-pribatuko esparruak bultzatzea, Irungo enpresen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren partaidetzarekin.
  • Tokiko enpresekin etengabeko harremana edukitzea, beraien beharrak ezagutzeko eta arazoei aurre egiten laguntzeko