Erantzunik gabeko Udalbatza

Spread the love

Gobernua inbertsioen kudeaketan atzerapenak pilatzen ari da, 11 milioi euro kaxoi batean utziz, eta egoera honen aurrean ez du inolako erantzunik ematen

Apirileko osoko bilkurak leku izan du gaur Irungo Udaletxean. Erantzun gutxiko udalbatza izan da gaurkoa. Hainbat gai eztabaidatu ditugu gaurkoan, horien artean, aurkeztu dugun kreditu aldaketa bat deitzeko mozioaren nondik norakoak jorratu ditugu. Udalak dituen baliabideak, 2018ko ekitaldiko likidazioaren itxieraren ondorioz ditugun 4,5 milioi euro zehazki, aktibatzeko eta aplikatzeko balioko lukeen kreditu aldaketa.

Orain arte, argi geratu dena zera da, Santano alkateak ez du berea ez den eta bere irizpideetatik ateratzen den bestelako ideia eta planteamendurik onartzen. Ez du 2019rako aurrekonturik nahi izan eta ez dirudi Irungo aniztasuna ordezkatzen duen kreditu aldaketarik ere nahi duenik. Nahiz eta neurri hauek hiriak aurrera egiten lagunduko luketen.

Baina horretaz gain, mahai gainean jarri ditugun gai kezkagarriei ez die ere erantzuna eman nahi. Irunek 2018an ez du gastu-araua bete, inbertsioen kudeaketan atzerapenak pilatzen ari gara, eta horrek Udalak gainean daraman “motxila” gero eta gehiago handiagotzen du. Ondorioz, aurrekontua prorrogan dugunez eta 2018ko likidazioaren baliabideak martxan jarri ez direnez nahi, 11 milioi euro inguru ditugu kaxoi batean geldirik”. Horren aurrean, azalpenak eskatu dizkiogu bai gobernu sozialistari eta baita Santano alkateari ere, “egoera kezkagarri honi aurre egiteko, datozen urteetan aurrekontu-araudia betetzeari dagokionez, udalak zein estrategia duen galdetu diegu. Udalak estrategia bat izan behar du, bestela, egoera kezkagarri baten aurrean gaude eta datozen urteetarako arduragabekeria galanta litzake. Baina zer da erantzun gisa lortu duguna? Ezer ez, ezer ere ez, ez Ogasun arloko arduradunak ez alkateak berak ere, ez dute erantzunik eman, are gehiago, azken honek gaia desbideratu nahi izan du. Hortaz, egoera honen aurrean, Ogasun Batzorde bat deitzea eskatu dugu, egoera hau xehetasunez azal dezaten, eta horren aurrean nola jokatzeko asmoa duten ere azaldu dezaten.

Behin baino gehiagotan azpimarratu dugu, ezin dela inprobisazioaren pean gobernatu, Santano alkateak eta haren gobernu sozialistak duten kudeatzeko eta jarduteko erak, hiria eta bere pertsonak kaltetzen ditu. Erantzun eskasak, ez eraginkorrak, pertsonei egoera desatseginak eragiten dizkienak. Eta guk erantzunak nahi ditugu, erantzukizuna, Iruni laguntzen ez dion indibidualismo hori alde batera utz dezaten nahi dugu. Irunen errealitate bat bizi dugu, eta, jakina, ez da arrosa kolorekoa, ondorioz egoera horren aurrean, udal gobernuak erantzun egin behar du. Guk hala egiten dugu eta oposiziotik, gure esku dagoen guztia egiten dugu, ekimenak eta iniziatibak proposatzen ditugu Irunek aurrera egin dezan.