Etengabeko marketina Irungo gobernu sozialistaren bereizgarri

Spread the love

Ez da gaur goizeko kontua Irungo udal gobernu sozialistak etengabe egiten duen proiektuen salmenta. Berdin dio udalaren eskumenekoak izan edo beste erakunde baten parte-hartzea eskatzen duen proiektua izan; Santano jaunak aurrea hartu eta irundarroi egitasmo handiak iragartzen dizkigu, askotan aurreikuspen faltsuak sorraraziz. Horren adibide ditugu trenbide gunearen proiektua, San Miguel-Anaka eraberritzeko egitasmoa, Behobia eta Azken Portu auzoak Bidasoa ibaiaren ertzetik eraikiko litzatekeen bidegorriz lotzeko proiektua, etab. Zalaparta handiz oihartzuna eman eta ezerezean geratu diren proiektuen salmenta, hirian egiten ari diren obretara hilabete gutxiren buruan behin eta berriro egiten diren bisitaldiak… ohiko bilakatu dira Irungo gobernu sozialistarengan eta alkatearengan.

Irundarrak, aipatutako jokaera horretaz konturatu izan ez bagina bezala, bertako udal gobernu sozialistak azken asteotan ezagutu ditugun bi albiste elektoralistatzat jo ditu. Nork eta Santanoren udal gobernuak! Batetik, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza saileko ordezkariekin urtarrilean egin ditugun bileren harira, Oñaurre eremuan etxebizitza sozialak eta alokairuzkoak eraikitzeko asmoaren berri eman du Jaurlaritzak, eta bestetik, Sustapen ministro andereak, arazo teknikorik egon ezean, euskal «Y» 2019rako martxan egongo dela baieztatu du.

Deigarria iruditzen zaigu baieztapen hauek etengabeko marketina eta jarrera elektoralista erakusten duen gobernuarengatik eta alkatearengandik iristea. Azken aldian, Santano jaunak zalaparta handiz bisitaldi ugari egin ditu, batzuk birritan gainera, hirian martxan dauden obretara, hala nola, San Juango liburutegira, Urdanibia plazara, Gain Gainean-eko parkera edo Zentro Zibikora. Bisitaldi horiei agintaldiko azkeneko urtean gobernu sozialistak udal aurrekontuetarako martxan jarri duen hiritarren parte-hartze prozesua gehitu diezaiekegu.

Batzuetan, kanpokoak salatu baino lehen, komenigarria izaten da nork bere etxe barrukoa begiratzea. Eta salmenta eta marketin gaietan, Irungo gobernu sozialistari inork gutxi irabaziko dio.