Nekazal sektorea babesteko eta ekonomikoki suspertzeko beharra

Spread the love

San Isidro eguna gertu dugula aprobetxatuz, atzo goizean Irungo baserri bat bisitatzeko aukera izan nuen, lehen sektoreak bizi duen egoera eta landa inguruneetan garatzen den jarduera zuzenean ezagutzeko. Egia da Irun udalerri tertziarioa dela, baina ezin dugu ahaztu hiriko nekazal eremuetan egiten den lana.

EAJ-PNVren hiri-proiektuan ekonomiaren suspertzeak berebiziko garrantzia du, eta susperraldi ekonomiko hori lehenengo sektorean ere bultzatu nahi dugu. Hain zuzen ere, baserritarren errealitatea, dituzten beharrak, kezkak eta ardurak ezagutzeko egin genuen atzo goizeko bisita. Eragile sozial eta ekonomikoekin burutzen ari garen bileren eta topaketen baitan, gure kulturaren eta ekonomiaren parte den sektorea babesteko eta indartzeko, baserritarren eskaerak eta proposamenak ere ezagutu nahi izan genituen.

Baserritarrekin egin genuen topaketan hiritarrek tokiko produktuak kontsumitzeko garrantziari buruz kontzientzia hartzearen beharra helarazi ziguten, horrek ekonomiaren suspertzea, gure nekazal ingurunea baldintza ezin hobeetan mantentzea, eta ekoizlearen eta kontsumitzailearen arteko gertutasuna dela eta, CO2-aren isurpenak murriztea dakartzalako.

Halaber, landa inguruneek hiriari eta gizarteari egiten dioten ekarpena azpimarratu nahi dut, eta abeltzaintzako instalazioak berritzeko eta hiritarrei produktu osasuntsu eta kalitatezkoak eskaintzeko baserritarrek duten gaitasuna eta egindako ahalegina goraipatu nahi ditut. Krisiak lehenengo sektoreari ere eragin dio; baliabide eta diru-laguntza gutxiago dago makinerian inbertitzeko, produktuen kontsumoa aldatu egin da, belaunaldi-erreleboaren arazoari aurre egin behar izaten diote, etab. Hala ere, askok beren nortasuna eta bizimodua nekazaritzari eta abeltzaintzari lotuta mantentzearen aldeko apustua egiten dute. 

Bisitaldian zehar, Olaberriako Bailararen babeserako Plan Bereziaren aldeko apustua berretsi genuen, ingurumenaren aldeko defentsaren eta baserritarren erabilera tradizionalen −nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza− arteko beharrezko oreka nagusitu dadin. Landa ingurunearen eta hirigunearen arteko bretxa ekiditeko, azpiegiturak eta oinarrizko zerbitzuak bermatzeko beharra dugu. Horren harira, EAJ-PNVk 2013an auzo-bideak hobetzera bideratutako partidari 44.000 euro gehitzea proposatu zuen −udal gobernuak aurreikusitako 6.000 euroak nahikoak ez zirela kontuan hartuta−.

Era berean, Irungo Udalak Behemendi Landa Garapenerako Elkartearekin batera, Olaberria, Meaka, Ibarla, Behobia, Txenperenea eta Ventasko landa eremuetarako eskaintzen duen eskaera azpiko garraio publikoaren zerbitzua ekarri nahi dut gogora. Zerbitzu hau beharrezkoa da hirigunetik urrun dauden gune horietan bizi diren pertsonen leku-aldatzeak errazteko.

Azkenik, Irungo nekazal eremuek beren nortasuna eta idiosinkrasia mantendu dezaten, esku-hartzeak bultzatzeko EAJ-PNVk duen konpromisoa agerian utzi nahi dut.