Plaiaundiko kirol instalazioei behingoz bultzada emateko ordua

Spread the love

Atletismo pistan korrikalaria bueltaka ibiltzen den moduan, urteak daramatzagu Irunen Plaiaundiko kirol instalazioekin aurrera eta atzera. 1993an sinatu zen Txingudiko Plan Berezian, Plaiaundiko parke ekologikoaren erdian dauden atletismo pista eta errugbi zelaia lekuz aldatzeko premia azpimarratzen zen, gune naturalean kirol jarduerak eragin zezakeen inpaktua ekiditeko eta eremu ekologikoa babesteko helburuarekin. Ordutik aurrera hainbat leku aztertu dira kirol instalazioak bertara eramateko, besteak beste, Zubieta, Arbes, Oxinbiribil, Olaberria, Ibarla…

Horietatik guztietatik, 2007an Zubieta −Hondarribiko hiri-eremuan kokatua− lehenetsi zen Plaiaundiko kirol instalazioen lekualdatzerako. Eremu zabala, ondo komunikatua, etorkizunera begira handitzeko aukera handiak eskaintzen zituena, eta Miramongo teknologia parkearen zabalkuntzarekin batera garatuko zena. Abantaila horien guztien atzean kudeaketa zaila aurreikusten zen, denborak ondo baino hobeto erakutsi digun bezala. Zazpi urte pasa dira ordutik, eta errealitatea da Plaiaundiko kirol instalazioak bere horretan jarraitzen dutela. Udal gobernu sozialistak ez du urte hauetan guztietan harri bat ere mugitu eta aurrera egiteko unea dela uste dugu. PSEren ekimen eta borondate falta izugarria izan da; ez du inolako interesik erakutsi kirol instalazioak Plaiaunditik ateratzeko.

Berriki jakin dugu bi urteren epean Zubietan urratsik ematen ez bada, beste alternatiba batean pentsatu beharko dela. Jada galdu ditugun zazpi urteei ezin diegu beste bi gehiago gehitu gai honekin lanean hasteko; azkenean, Zubieta bada errugbi zelaia eta atletismo pistak hartuko dituen kokalekua, urratsak eman behar dira lekualdatzea ahalik eta denbora-epe laburrenean errealitate bilaka dadin.

Hori dela eta, behingoz, Plaiaundiko kirol instalazioen lekualdatzearen gaia heldu dezan eta bi urteko epean Zubietan egingo diren esku-hartzeei sinesgarritasuna emango dien egutegia aurkeztu dezan eskatu diogu alkateari. Halaber, momentua iristean, Zubieta baztertzen bada, beste alternatiba prest eduki behar dugula uste dugu, horrekin lanean hasteko. Horregatik, B plan horretan lanean jarraitu eta kirol instalazioen lekualdatzea baldintzarik hoberenetan eta denbora-eperik laburrenean bermatuko duen kokalekua aukeratu behar dela deritzogu. Gai honetan, Irunek ezin ditu beste hainbeste urte galdu. Luzapenik gabe, lanean hasteko ordua da.