Txingudi Ikastola: 50 urte hezkuntza euskaraz sustatzen

Azken urte honetan TXINGUDI IKASTOLAko 50.urteurrena ospatu dugu. Ni ere Ikastolako ikaslea izan nintzen, eta, beraz, gertutik jarraitu ditut ospakizunak. Horren harira, nire haurtzaroko hainbat ezagunekin eta lagunekin, urteak igaro ondoren, berriro ere harremanetan jartzeko eta garai hartako bizipenak gogora ekartzeko aukera izan dut.

Goraipatzekoa da hasierako garai haietan, 60. hamarkadan hain zuzen ere, guraso eta irakasleek izan zuten ausardia eta gaitasuna, kontutan izanik legez kanpo aritu zirela orduko euskararen kontrako lege eta ikuskaritzak saihestuz. Halaber, txalotzekoa da izan zuten ikuspegi pedagogiko aurrerakoia. Sinesten zuten hezkuntza proiektu bat martxan jarri zuten;  hezkuntza ulertzeko modu bat izan zen.

Horretaz gain, hainbat urtez gelakide eta lagun izan nituenen izenak eta irudiak datorzkit burura eta bihotzera. Lau urtekin hasi eta hamalau urte bitartean, hain garrantzitsuak diren haurtzaroko hamar urte haiek nire nortasunean betirako marka sakona utzi zuten. Nire gurasoen oroitzapenek ere hunkitu egiten naute, bide berri hartan gurasoak izan baitziren Ikastolako proiektuan fede osoa jarri zutenak.

Gaur, ia 50 urte igaro ondoren, gure Euskal Herri maitearen historian gogoratua izango den Ikastolen hezkuntza proiektuaren sorrera, nire blogean tartetxo bat eskaintzeko moduko gaia dela uste dut.

Lerro hauek aprobetxatu nahi ditut, Txingudi Ikastolari nire zorionik beroenak helarazteko eta beste 50 urtez euskarazko hezkuntzaren alde lanean jarrai dezan animatzeko.