Udal aurrekontuetarako parte-hartze prozesuaren inguruan

Irungo udal gobernuak 2015eko aurrekontuetarako martxan jarri duen parte-hartze prozesuak zeresan handia eman du azken asteotan. Santano jaunak 1,5 milioi euro mahai gainean jarri ditu hiritarrek zein proiektutan inbertitu erabaki dezaten. Oposizioko taldeok komunikabideen bitartez jakin genuen irailean egitasmo horren berri; beraz, talde politikoekin adostu gabeko ekimena jarri du abian, berriro ere, minorian gobernatzen duela ahaztuta. Begi bistakoa da alkate sozialistak, beregan ohikoa den moduan, komunikabideetako titularrak eta marketing-a lehenetsi dituela gainerako korporazioko kideekiko errespetuaren aurrean.

Iraila amaieran Ogasuneko batzorde berriemailean parte-hartze prozesu horren berri galdetu genuen eta erantzuna horretan lanean ari zirela izan zen. Ez genuen prentsan irakurritakoaz haratagoko informaziorik jaso eta PSEk ez zuela ez metodologiarik ezta funtzionamendu araurik ere salatu genuen publikoki. Gobernu sozialistaren gardentasun falta eta inprobisazioa agerian geratu ziren batzorde hartan.

Horrelako prozesu garrantzitsu batek udal talde politikoen adostasunarekin abiatu behar zuela deritzogu, eta kasu honetan ez da horrela izan. Alkate sozialistak ez du adostasunik bilatu nahi izan. Udalbatzaren eskumena da aurrekontu partidak zehaztea, ez alkatearena. Halaber, ez dugu ekarpenik egiteko aukerarik izan, bozeramaile batzordean prozesuaren metodologia aurkeztu eta handik ordu gutxitara Irungo elkarte desberdinekin bilera antolatu baitzuen egitasmoaren nondik norakoak azaltzeko. Zein da ekarpenak egiteko dugun tartea, publikoki alkateak bere parte-hartze prozesua zalaparta handiz saldu duenean eta, jada, eragile desberdinei horren berri eman dienean? Berriro ere, Santano jaunaren formak erabat deitoratzen ditugu.

Abiapuntu egokia izango litzateke parte-hartzera bideratutako diru-partidaren zenbatekoa eta prozesua zehaztuko lukeen metodologia talde politiko guztien artean adostea. Ondoren, kopuru hori −edo beste kopuru bat− aurrekontu-proiektuan sartu, eta behin 2015eko udal aurrekontuak onartuta, parte-hartze prozesua martxan jarriko genuke guztion artean erabakitako diru-partida hori hiritarrek zertara bideratu nahiko luketen erabakitzeko.

Sistematizatutako eta araututako hiritarren parte-hartzean sinesten dugu, eta ideiak emanez eta iradokizunak eginez, hiritarrak hiriaren eraikuntzan eta hobekuntzan parte aktibo izatearen aldeko apustua egiten dugu. Horretarako ezinbestekoa iruditzen zaigu gizarte antolatuan oinarrituta, prozesuak sistematizatzea eta arautzea.

Horrekin lotuta, Hiritarren Parte-hartze Kontseilua eratzea proposatuko dugu gure hauteskunde programan; kontseilu anitza eta irekia, non alderdi politikoak, gizarte eta kultur eragileak, kirol elkarteak, auzo elkarteak eta hiritarrak ordezkatuak dauden. Bere betebeharrerako eta erabakiak hartzeko Udalak emandako boterea izango lukeen kontseiluaren alde egiten dugu. Esate baterako, urtero, gastuaren lehenestearen eta burutuko diren inbertsioen beharrak eta irizpideak zehaztuko lituzke, aurretik egoeraren azterketa eginda, horiek aurrekontu proiektuan sartzeko aukerarekin, xedatutako kontrol eta irizpideak kontuan hartuta, baina beti arauak lehenago ezarrita eta arbitrariotasunera lotu gabe. Laburbilduz, denok denon beharrak entzungo lituzketen kontseilua izango litzateke, hiria egiten lagunduz. Parte-hartze prozesutik ateratako proposamenak erakunde eskudunak aukeratuko lituzke.

Azkenik, argi utzi nahi dut EAJ-PNVn hiritarren parte-hartzea sustatzearen ideiarekin erabat ados gaudela, baina ondo egin behar dela uste dugu, etxea teilatutik eraikitzen hasi gabe, aurretik helburu argi batzuk eta prozesuari sinesgarritasuna emango dion metodologia zehaztuz.

Gobernu sozialistak ez du inolako interesik erakutsi EAJ-PNVren zuzenketak onartzeko

2011-2015 agintaldiko hirugarren aurrekontuen Udalbatza izan da gaurkoa; hirugarren aldia udal aurrekontuak PP-PSEren isileko akordioari esker onartzen direnak. Atzo goizean, komunikabideei esker gobernuak PPk aurkeztutako zuzenketa gehienei oniritzia eman ziela jakiten genuen bitartean, Ogasun ordezkaria gure proposamenak baztertzen ari zen. Akordioa itxia zegoen eta udal gobernuak ez du inolako interesik erakutsi gure proposamenak onartzeko.

Bere lehentasunezko bazkideaz (PP) haratago, minorian dagoen gobernuak ez du oposizioko gainerako taldeen adostasuna bilatzen. Errazagoa da oso gutxi exijitzen duenarengana hurbiltzea, zorrotzagoa denari hurbiltzea baino, nahiz eta hori hiriaren kaltetan izan. Gobernuaren jarrera horrekin galtzen ateratzen diren bakarrak irundarrak dira» baieztatu zuen.

Hiritarrei begira oso polita geratzen da minorian dagoen gobernuak akordiorik handiena bilatzen duela esatea, baina udaletxe honetan ez da hori gertatzen. Duela egun batzuk, Paez jaunak adierazten zuen zabalik zeudela taldeek egin zitzaketen proposamen eta iruzkinak entzutera ahalik eta akordiorik handiena lortuko zuten aurrekontuak lortzeko helburuarekin. EAJ-PNVtik baieztatu dezakegu hori gezurra dela eta gobernu sozialistak bere interes partidistak lehenesten dituela.

Etxeko lanak ondo eginda eta planteamendu zuhur batekin joan gara Udalbatzara. 2,2 milioi euro inguruko inbertsioa proposatu dugu. Jakitun gara Irun langabezia tasarik altuena duen Gipuzkoako udalerria dela, eta horregatik gure taldeak aurkeztutako proposamenek hiritarren ongizatea hobetzea eta tokiko enpresek egin zitzaketen obrei eta proiektuei esker, bertako ekonomia sustatzea zuten helburu.

Badirudi duela hilabete bat onartzen genuen eta gure hirirako hain beharrezkoa den “Ekonomia sustatzeko eta Familiak laguntzeko Inbertsio Plana” EAJ-PNVk Udalbatza honetan aurkezteak ez duela balio. Plan horrekin azaroan bilatzen zen helburuak, gaur ez du balio.

2015ean Gipuzkoako Foru Aldundiak izango duen diru-bilketaz hitz egin da, Fagorren itxieraren ondoriozko panorama ilunaz, etab. Baina, zergatik ez hitz egin azken egunotan entzun ditugun albiste positiboez? Edo zergatik ez kontuan izan Aldundiko zerbitzu teknikoen irizpidea Fagorren eraginez Gipuzkoako aurrekontua doitzea beharrezkoa ez dela diotenean? 

Laburbilduz, irundarren bizi kalitatea eta auzoetako eguneroko bizitza hobetzeko helburuarekin gaurko Osoko Bilkurara eraman ditugun 10 proposamenetatik, udal gobernuak bi besterik ez dizkigu onartu. Irunerako proposatzen genituen 2 milioi eurotik gorako inbertsioetatik 250.000 euro bakarrik onartu dizkigute. PSE eta PPren babesarekin onartu diren aurrekontuak hiriko ekonomia suspertzeko, irundarren ongizatea lortzeko eta auzoak hobetzeko helburutik urrun geratzen direla uste dugu. Horregatik guztiarengatik, EAJ-PNVk 2014ko aurrekontu proiektuaren kontra bozkatu du.