Orainari aurre egin behar zaio, etorkizuna begi bistatik galdu gabe

Spread the love

Hasi berri den ikasturte politiko berri hau gidatuko duten ildo edo ekimenak azaldu aurretik, Covid 19ak eragindako salbuespenezko egoera honen aurrean, irundarrek hilabeteotan egindako ahalegina eta erakutsitako konpromisoa aintzatetsi nahi ditugu. Egoera honetan, udal-politika gehienak sortu diren edo sortuko diren behar guztiei erantzutera bideratu beharko dira seguruenik. Baina horrek ez du esan nahi gure hiriaren onerako izan daitezkeen proiektu guztiak garatzen jarraitu behar ez dugunik.

Hiriak aurrera egin dezan beharrezko ikusten ditugun hainbat esparru sustatzearen aldeko apustua egiten dugu, hala nola; mugikortasun iraunkorra sustatzea, tokiko merkataritza eta ostalaritza bultzatzea, eta eskaintzen diren gizarte-laguntzak hobetzea eta osatzea. Era berean, etorkizuneko proiektu handiak garatzea funtsezkoa dela uste dugu, besteak beste, trenbidearen berroneratzea, Via Irun proiektua, 2021-2025 urte bitarteko PMUSa, Irun Hondarribiarekin eta Hendaiarekin lotzen duen bidegorria, kirol-instalazioak Txenpereneara eramatea. Lankidetza eta akordioa behar duten proiektuak. Izan ere, beti defendatu izan dugu: hiri-proiektu handiek adostasun politiko handia bildu behar dutela, eta etorkizunaren ikuspegi globalean oinarritu behar direla.

Mugikortasun iraunkorrari dagokionez, etorkizuna kontuan duen Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plan oso bat lantzea beharrezkoa ikusten dugu. Honen  harira, gainera, joan den uztailean jada, gure taldeak Kolon pasealekuan bidegorri zabal eta seguru bat jartzeko proposamena plazaratu zuen. Bidegorrien Sare osatu eta bateratu bat gauzatzeko proiektuaren lehen fasea izango litzateke hau. Halaber, funtsezkoa iruditzen zaigu energia berriztagarrien erabilera sustatzeko laguntzak ematen hastea ere.

Bestalde, merkataritza eta ostalaritza laguntzeari dagokionez, hiriko bi sektore hauekin harremanak izaten eta sendotzen jarraituko dugu. Hala dituzten beharrak lehen eskutik zeintzuk diren jakiteko aukera izango dugu, eta horrela, neurri egokiagoak eta eraginkorragoak planteatu ahal izango ditugu. Era berean, “Irun Aurrera” ekimenak eskaini zituen laguntza batzuen inguruko balorazioa eta hausnarketa egitea ere beharrezkoa ikusten dugu. Gure ustez, udal gobernuak, merkatari, aditu eta gainerako talde politikoekin batera, maiatzean abian jarritako “merkataritza-bonuen” eredua aldatzea eta moldatzea aztertu beharko luke.

Halaber, uste dugu ezinbestekoa dela orain arte eskainitako gizarte-laguntzek izan duten erantzunaren eta udaleko gizarte-zerbitzuen egoeraren inguruko hausnarketa bat garatzea. Arreta berezia eskaini behar diegu gizarteko pertsona ahulenei, badakigulako krisiak gehien behar dutenak zigortzen dituela.

Ekonomiari dagokionez, gure proposamena 2020ko aurrekontua birformulatzea da. Are gehiago, egoera honek urtebete baino gehiago irauteko aukera eduki dezakeela kontuan badugu. Gure planteamendua, hiriaren ongizatea hobetuko duten berehalako proiektuak lehenestea da. Ez dezagun ahaztu, urte hasierako egoerak ez duela zerikusirik egungoarekin. Horregatik, tamalez, bere garaian lehentasunezkoak ziren proiektu asko, orain, bizi dugun egoera dela eta, ez dira hala.

Orainari aurre egin behar zaio, baina ez dugu etorkizuna bistatik galdu behar. Horretarako, Irungo herritarren bizi-kalitatea eta ongizatea hobetuko duten hiri-proiektuak landu eta indarrean jarri beharko dira. Gure taldea, Irungo Udaleko bigarren indarra, prest dago, beti bezala, ideiak eta hobetzeko proposamenak proposatzeko eta guztiekin akordioa lortzeko. Horrela egin dugu beti.