Garai berri bat Irunentzat

Spread the love

Pasaden asteartean 2020rako aurrekontua onartu zenetik, eta nahiz eta uste dugun, proiektu honek ez dituela hiriak dituen beharrak %100ean erantzuten, honen onarpena errazten zuen abstentzioa eman genuen. Orduz geroztik, Irun egoera berri batean da, EAJ-PNVk zeresan handia duen aro berri batean.

Urtebeteko itxaronaldiaren eta blokeoaren ondoren, azkenean Irunek badu Aurrekontua. Baina, esan bezala gabezia dezente identifikatzen ditugu. Faltan botatzen ditugu besteak beste, aparkalekuak, immigrazioa, adinekoen egoera, mugikortasuna eta abandonatutako proiektuak bezalako gaiak arintzeko proposamenak eta ekintzak. Are gehiago, nahiz eta guk urtarrilaren 3an blokeotik ateratzeko zentzuzkoa zen eta onargarria zen proposamen bat aurkeztu, urtarrilaren 13an PSEren lurralde-zuzendaritza berak ontzat eman zuena, PSEk ez du gurekin, EAJ-PNVrekin, Udaleko bigarren indarrarekin, adostu nahi izan.

Gertakari horien aurrean, harrigarria egiten zaigu ikustea bai PSE eta bai Santano alkatea urduri daudela gertatutakoari buelta eman nahian. Gertaeren errealitatea desitxuratzen, EAJ kritikatzen eta herritarrei sinestarazi nahian, gainerako taldeak Aurrekontuaren akordio-negoziazioetatik kanpo uztea exijitu genuela. Gestalt psikologiak azaltzen duen bezala, batak besteak kritikatzen dituenean, batak bere buruaz hitz egiten du, bere jokaeraz eta jarreraz. Guk ez dugu exijitu, ezta egingo ere. Guk beti defendatu izan dugu desberdinekiko elkarrizketa eta akordioa, eta hala egiten jarraituko dugu, Irun guztiontzako hiria izatea nahi dugulako.

Santano alkateak, modu esklusiboan eta bakarrean akordio markoa hautsi zuela nabarmendu genuenean, agerian geratu zen, batetik, adosteko orduan EAJ-PNV ez dela inoiz izan PSEren lehentasun taldea, eta, bestetik, alkateak akordioan adostutako araua ez zuela bete. Ez zuen lehenik EAJrekin negoziatzeko betebeharra bete, eta EH Bildurekin eta Elkarrekin-Podemosekin aurrekontu-akordio itxi zuen. Santano jaunak bere hitza betetzen ez duela frogatzen duten jokabideak dira hauek.

Are gehiago, orain arte izan diren ez-betetzeetan sakontzen badugu, duela gutxi, 2020ko urtarrilaren 15ean zehazki, alkateak publikoki 2020ko aurrekontuari partida ekonomiko esplizitu bat gehitzeko konpromisoa hartu zuen. Irungo trenbide-espazioaren eremu osoaren antolamendua enkargatzeko konpromisoa. Baina, ez da horrela izan, berriro ere ez du bere hitza bete. Horregatik, begien bistakoak diren egoera hauen aurrean, zera galdetzen diogu geure buruari; Zer fidagarritasun du publikoki zerbaitekin konprometitzen den, baina gero nahi duena egiten duen pertsona batek? Guretzat, bat ere ez. Eta hauek ez dira hitz hutsak, ez gara deskalifikazioez ari, errealitateez ari gara, frogatutako portaerez.

Beraz, eta egoera berri hau ikusirik, eta Irunen PSE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek osatutako aliantza berri bat azaleratzen ari dela dirudien honetan, guk lanean jarraituko dugu eta Irungo herritar guztien interesak eta beharrak defendatuko ditugu. Santano alkatearen egungo oposizio eraikitzaile eta alternatibo bakarra gara. Planteamenduak ditugu, proiektuak, agintaldiko urte hauetan gure ideiak aurrera ateratzeko ilusioa ere badugu. EAJ-PNVk, PSEk Irunen duen proiektu politiko agortuaren, proiektu alternatibo bideragarri bakarra eusten du.