Guztion hobe beharrez, laguntzeko garaia da

Spread the love

Irungo udal-gobernuari, Covid 19 birusaren hedapenari eusteko beharrezko erabakietan gure babesa helarazi nahi diogu. Baita hainbat administrazio-mailatan hartzen ari diren neurriei ere, hala nola Euskadiko udalerrien elkartea, Eudel, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua. Salbuespen egoera baten aurrean gaude, eta honek erantzukizun politikoak ditugunon ardura eskatzen du, baita talde-lana eta koordinazioa lehenestea ere. Gure eginbeharra, erantzukizunez eta zentzuz jokatuz, bizi dugun krisi egoera gainditzen eta honen ondorioak arintzen lagun dezaketen erabaki onenak hartzen laguntzea da. Ekarpen desberdinen, proposamen eraikitzaileen eta egonkortasuna eskainiko duen babesa eskainiz.

Era berean, denok batera egon behar dugu, helburuak beti izan behar du berdina; Irun eta bertakoen ongizatea. Hiritarren jarrera eredugarria izan da egunotan, kasuak kasu, hartutako neurriak behar bezala bete dituzte. Horregatik, guk ere, politikariok, neurria emateko unea da. Birusaren aurkako borroka da gure aurrean duguna, horregatik, edozein sumindura eragin dezaken egoera saihestu behar da. Irteera bakarra adimen partekatua da, eta ez autoritate monopolizatua. Koordinatzeko unea da, eta ez batzuen ezta besteen protagonismoarena. Izango da denbora aurrerago egin den kudeaketari buruzko balorazioak egiteko. Halaber, aukera aprobetxatuz, esker oneko mezua helarazi nahi diogu hiritar guztiei; hartu diren neurriak bete eta errespetatu dira, elkarlanerako eta lankidetzarako mugimendu ikaragarria egon da, enpresek beren ekoizpena eten dute maskarak eta biserak egiten laguntzeko, 200 pertsonak 24 ordu baino gutxiagotan boluntario-lanak egiteko izen eman zuten. Harro nago gure hiriaz, eta uste dut, ikusitakoak ikusita, denok egon gaitezkeela eta egon behar dugula harro.

Horren harira, pandemia horren ondorioak pairatzen dituzten pertsona guztiei elkartasuna adierazteko mezua plazaratu nahi izan dugu. Lehen minututik laguntzeko prest egon gara, eta hor jarraituko dugu. EAJ-PNV gure hiriari mesede egingo dion eta inor atzean utziko ez duen beharrezko neurri guztiak aurrera eramateko prest dago eta egongo da. Egoera honetatik aterako garelako, aurrera egingo dugu eta elkarrekin begiratuko dugu etorkizunerantz.

Gure udal taldeak hasieratik pertsonen beharrak entzun ditu, eta hainbat proposamen jarri ditu mahai gainean. Era berean, Udalak proposatu dituen neurriak aberasten eta hobetzen saiatu gara. Laguntzeko asmoarekin, gure hiriaren eta Udalaren esku jarri gara. Alkateak badaki gure taldearekin kontatu dezakeela, eta badaki, halaber, gure erabateko laguntza duela.