Hitzetatik ekintzetara

Spread the love

Horixe da, hain zuzen ere, gaur arratsaldeko Udalbatzan gobernu sozialistari EAJ-PNV udal taldetik eskatuko dioguna. Gaur arratsaldean Irungo Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana jorratuko dugu Osoko Bilkuran, eta dokumentuaren alde egingo dugun arren, idatzita dagoena ekintzetan bilakatzea ezinbestekoa dela esango diogu udal gobernuari, askotan asmo hutsean geratzen baitira paperean jasotako ideiak. Bat egiten dugu aurkeztutako txostenarekin eta horrekin lortu nahi diren helburuekin, udalean euskararen erabilera bermatzeko eta areagotzeko ematen diren urratsen alde baikaude. Baina ez gara horrekin bakarrik konformatzen; haratago joan behar dugu, udaletxe barruan euskararen normalizazioan ibilbide luzea baitugu oraindik egiteko. Irungo Udaleko langileen artean egin den azterketa komunikatiboaren emaitzetan oinarritu ditut baieztapen hauek. Bertatik hainbat ondorio atera dira: alde batetik, euskararen erabilerarik baxuena langileen eta politikarien arteko harremanetan ematen da, azken hauen ondorioz. Bestetik, langileek euskaraz gehiago egiten dute udaletxetik kanpo beren harreman eta egunerokotasunean lanean baino. Aipatutako datu hauek guztiek Udaletxeak bere langileak erdaldundu egiten dituela erakusten dute, eta hori ezin dugu onartu.

Benetako ahaleginak egin behar ditugu udaletxean euskarari merezi duen lekua emateko eta argi daukat EAJ-PNVtik Irungo Udalean euskararen erabilera sustatzearen alde lanean jarraituko dugula. Horren harira, adibide bat ekarri nahi dut gogora: 2014ko aurrekontuetarako, eguneroko lanean erabiltzen ditugun hainbat aplikazio informatiko euskaraz jartzeko eskaera egin genuen, langileei, askatasun osoz, tresna informatikoen erabilera zein hizkuntza ofizialetan egin nahi zuten aukeratzeko helburuarekin. Udalbatza horretan udal gobernuak langileei aukera hori eskaintzeko konpromisoa hartu zuen, baina ez du esandakoa bete. Gainera, aurreko plangintzan, jada, jasota zegoen irizpide hori. Berriki udal langileen ehun ordenagailu baino gehiago aldatu dira aplikazio informatikoak euskaraz jartzeko aukerarik eman gabe. Hori al da gobernu sozialistak euskararekiko duen konpromisoa? Argi dago ez duela ez benetako konpromisorik ezta borondaterik ere. Beren interesa itxura hutsean geratzen da.

Azkenik azpimarratu nahi dut euskararekiko konpromisoa eguneroko jardunean erakusten dela. Horregatik, benetako inplikazioa eskatuko diogu udal gobernuari.