Irundarrek beren egunerokotasunean euskaraz egiteko neurriak sustatzeko, eta hiriaren ondare kulturalak berreskuratzeko konpromisoa azaltzen dugu

Spread the love

Euskarari behar duen bultzada emateko eta Irungo kaleetan euskara gehiago entzuteko neurri eta ekimen eraginkorrak gauzatzeko konpromisoa azaldu dut

Kulturari dagokionez, hirian ditugun ondare kulturalak berreskuratzeko agenda berri bat sustatzea eta parte-hartze egitasmoen bitartez bizia ematea proposatzen dugu

Gaurkoan kulturako proposamenak aurkeztu ditugu. Euskarari dagokionez, datorren agintaldiko erronka nagusia kaleko erabilera sustatzea da, ezin dugu euskara hezkuntza arlora bakarrik mugatu, kalean modu eraginkorragoan sustatu behar dugu, eta horretarako hainbat neurri landu ditu gure taldeak. Irundarrei beren egunerokotasunean euskaraz egiteko aukera eskaini nahi diegu. Eta bide horretan, ezinbestekoa da hirian ditugun euskararen sustapenaren aldeko elkarte zein eragileekin elkarlana bultzatzea oso garrantzitsua eta ezinbestekoa iruditzen zaigu. Hau da gure konpromisoa.

Aisialdiko erabilerari dagokionean, eskolaz kanpoko ordutegian haurrei eta gazteei euskaraz kirol eta kultur jarduerak antolatzeko hitza ematen dugu, baita euskarazko produktuen kontsumoa bultzatzeko ere. Halaber, euskararen erabilera merkataritzara zein enpresetara zabaltzeko programak sustatzen jarraituko dugu, Euskaraldiak eragin duen olatua aprobetxatuz eta hornituz.

Kulturari lotuta, berriz, Irungo hirian dagoen kulturaren inguruan historikoki Irun bere kultura dibertsitatearengatik bereizi izan da, eta horren adierazgarri dira antolatu diren ekimenak eta hiritarrei zuzendutako ekintzak. Hala ere, ondare historikoa zahartuta dagoela ikusten dugu, kultura azpiegiturak zaharkituta gelditu dira, eta kultur eskaintza ez da, inolaz ere, aberatsa. Horren harira, hainbat ideia jakitera eman ditugu, besteak beste; Kafe Antzoki bat eta aire librean hainbat ekitaldi antolatzeko anfiteatro kultural bat sortzea, zentroan ditugun ekintza kulturalak irungo beste auzoetara ere zabaltzea. Halaber, ahaztuta eta abandonatuta dauden, eta gure identitatea indartzen duten eremuak birgaitzea ere proposatzen dugu, besteak beste, Oteiza eta Basterretxearen tailerra, Junkaleko murallak eta Oiasso museo inguruko terma erromatarrak.

Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako sailburuak, berriz, aipatutako proposamenak eta planteamendua txalotzeaz eta babesteaz gain, hainbat gauza aipatu nahi izan ditu, besteak beste, “gure autonomia erkidegoak dituen neurri eta helburu nagusiekin bat egiten dute gaurkoan Xabier Iridoyk jakitera eman dituen proposamenak“. Euskarari dagokionean, Zupiriak “gure herrian euskarari bultzada bat emateko, elkarlana behar beharrezkoa da. Eta elkarlan horretan beharrezkoak dira erakundeak, baina are garrantzitsuagoak dira hirian dauden eragileak. Denok gara beharrezkoak” azpimarratu du. Kulturari dagokionean, hiru erronka nagusi azpimarratu ditu; elkarlana, demokratizazioa, hau da, parte hartzea eta berdintasuna. “Kultura gure nortasunarekin bat egiten duen kontzeptua da. Horregatik da hain garrantzitsua planteamendu kulturalak egiterakoan, elkarlana betiere kontuan izatea, ondorioz Iridoyk aipatu duen Euskadiko zirkuitu kultural bat lantzea eta sortzea oso interesgarria iruditu zait, horrela sareak lortuko bai lirateke eta irundarron aukera kulturalak indartu egingo litzateke” amaitu du esaten.