Irunek duen nekazal mundu oparoari, aukerak eta zabal bideak eskaini behar dizkiogu

Spread the love

Udal agendan baserritarraren beharrak eta proiektuak sartzeko konpromisoa hartu dugu

EAJ-PNVk baserri-munduak, bai inguru horietan bizi direnei eta lan egiten dutenei, baita hirian bizi direnei ere, eskaintzen dizkien aukera handiak indarrean jarri nahi ditugu

Estebenea eremuan, Olaberriako Bailaran hain zehazki egon gara gaur goizean, landa munduaren inguruan gure apustuak eta konpromisoak jakitera ematen. Irun hobetzeko, beste hainbat konpromisoz gain, landa munduan egin beharrekoa ez da makala, horregatik besteak beste, Km0-aren kontsumoa sustatzeko konpromisoa aurkezten dugu gaurkoan.

Azken hamarkadetan, Irun bere landa eremuari bizkarra emanez bizi izan da, eta bertako ingurune naturalak ezezagunak dira irundar askorentzat. Era berean, Udalak ez die jaramonik egin Bidasoa, Meaka, Olaberria, Lapitze eta Ventas-eko nekazal guneetan bizi diren eta bertan lan egiten duten pertsonen behar, kexa eta proposamenei. Eta gure taldeak, eta hala jaso dugu gure hauteskunde programan, nekazal munduak aitorpen soziala behar duela uste du. Baserritarrek egiten duten lana balioan jarri behar da, hauek ingurunea zaintzen dutelako, eta kalitatezko ekoizpena indarrean jartzen dutelako, besteak beste. Nahiz eta harrigarria iruditu, Irundar askok ez daki Irunen kalitate handiko produktuak ekoizten direla (baratza, eztia, haragia, etab. eta hau sustatu beharra dugu. Ezin ditugu alde batera utzi KM0 produktuak eskaintzen dituen abantailak, ez osasunean soilik, ingurumenean ere noski.

Are gehiago, ezinbestekoa da guretzat ezjakinean bizi diren irundar horiei hirian ditugun kalitatezko fruitu, barazki, haragi, ezti etab.en berri ematea. Horregatik Udalak laguntzak eta kanpaina informatzaileak aurrera eraman beharko lituzkeela uste dugu, eta guk hala egingo dugu.

Baserritarrek beraien beharrak eta proiektuak, udal agendan egotea behar dutela uste dugu, eta horretarako Udalaren eta baserritarren arteko Lan Mahaia eratzea proposatzen dugu, azken horiek beren intereseko gaiak eta beharrak mahaigaineratu ditzaten, eta era berean Udalak haien eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko bitartekaritza eta koordinazio lana egin dezan.

Era berean, landa eremuetako nortasuna eta idiosinkrasia mantentzeko lan egitea ere beharrezkoa dela ere uste dugu.  Baita nekazal jarduerak sustatzea ere, ekoizleei malgutasuna, erraztasuna eta laguntza eskainiz, haiek behar dituzten azpiegiturak eta oinarrizko zerbitzuak ahalbidetuz. Esaterako ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko hurbiltasuna eta tokiko produktuen merkaturatzea ahalbidetzea proposatzen dugu guk. Km0 produktuaren kontsumoa zeharka sustatuko genuke hala gainera.

Eta azkenik, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, hilabeteak, urteak, daramatzagu esaten beharrezkoa dela Olaberria Bailararen Babeserako Plana behin betiko gauzatzea. Horregatik, planaren idazketa sustatzea eta bertan zehaztutako ekintzak burutzea proposatzen dugu. Halaber, Ibarrolako Ubidearen Bailararen Babeserako Planaren idazketa sustatzea ere beharrezko ikusten dugu. Ezin dugu Irun hiri gris bilakatu, duguna zaindu eta hobetu egin behar dugu.