Irunen, bere auzoen eta kaleen, identitatea berreskuratuko dugu

Spread the love

Erakunde publikoekiko, gizarte eragileekiko eta hiritarrekiko kolaborazioaren aldeko apustua egiten dugu, Irunek berriro ere bere distira eta harrotasuna izan dezan

Hiriaren espazioak berreskuratzeko, baita ere auzoak konektatzeko eta higikortasuna errazteko konpromisoa hartu dugu

Hiriaren eraberritzearen inguruan landu ditugun proposamenak kaleratu ditugu gaurkoan. Gure hiria geldirik dago, iraganean bereizten zuen bizitasun urbanoa eta soziala galduz doa. Ondorioz, EAJ-PNVtik egoera aztertu nahi izan dugu eta hiru hiri-eremutan lehenetsi ditugu esku-hartzeak; alde batetik Irungo sarbideak, gure hiriaren aurkezpen karta, Iparralde-Gal-Rekondo, Behobia. Bestetik, hiriko Alde Zaharra, ezinbestekoa deritzogu hirigune historikoan beharrezko kohesioak sustatzea. Eta azkenik, irungo zabalgunea edo zentroa izango genuke. Elkarren artean loturarik ez duten auzoak aurkitzen ditugu bertan, trenbide bretxak zatitzen dituenak. Hortaz, Irun lotzeko apustua egiten dugu guk, egungo gobernuak proposatzen duen azaleko itxuraldaketa alde batera utzi eta, asmo handiko proiektu batekin amesten dugu: trenbideak estali, lotura berriak sortu, aisialdirako espazio berriak eraiki, etab. Halaber, ezin ditugu alde batera utzi babesa eta suspertzea behar duten Irungo esparru berde eta naturalak, Olaberriako eta Meakako bailarak, eta berreskuratuak izan behar duten ur fronteak, Bidasoa Ibaia, Txingudiko padurak…

Hirigintza ikuspegitik, Irun modernoagoa eta abangoardiakoa bilatzen dugu. Pertsonentzako Irun adeitsuago baten aldeko apustua egiten du, bai hiritarrentzat eta baita bisitarientzat erakargarriagoa dena. Distira eta harrotasuna duen Irun nahi dugu” esan du Iridoyk. “Eta irundar harrotasun hori berreskuratzeko, Irunek begirada aldatu behar du eta hiri-transformazio prozesu handiari ekin egin behar dio. Hori bai betiere erakunde publikoen eskutik, baita gizarte eragileekin eta hiritarrekin elkarlanean ere. Elkarlan eta akordio gabe, kudeaketa ez da inoiz eraginkorra izango eta.

Etorkizuneko proposamenak; epe labur eta luzean

Hiriak arlo horretan dituen beharrei erantzuteko, Irundar guztiei modu libre eta autonomoan mugitzea ahalbidetzen dieten ekintza zehatzak jasotzen dituen Irisgarritasun Plan bat egiteko apustua dugu, arrapala berriak, igogailuak, etab. Bestalde, eraikinen efizientzia energetikoa hobetzeko diru laguntzak eskaintzeko proposamena ere landu dugu, leihoak aldatzeko, fatxaden isolamendua hobetzeko… Hirian kalte gehien dituzten kaleak berrurbanizatzearen aldeko apustua ere badugu, besteak beste; Lapize, Berio, San Miguel auzoko hainbat kale, Artia, Alde Zaharra eta Junkaleko plazatxoa, eta Blaiako bidegurutzean zubi eta biribilgune berria eraikitzea.

Azkenik eta bukatzear, beste hainbat proposamen azpimarratu ditugu; eraikuntzak sustatzea hiriguneko orube abandonatuetan, hala nola kale Nagusian, Estazio eta Zubiaurre kaleen arteko bidegurutzeetan, eremu konplexuen garapena bultzatzea: Korrokoitz, Panpinea, Iparralde-Gal, Iparralde-Rekondo, Mendipe eta Lastaola, hiria eraberritzeko ezinbestekoak direlako, San Miguel-Anakako garapen urbanistikoaren aldeko apustua ere helarazi dute jeltzaleek, baita Trenbide Gunea eraberrituko duen arnas luzeko proiektua adostea, gobernu zentrala, elkarteak, gizarte eragileak eta hiritarrak inplikatuz ere.

Bere aldetik Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko bozeramaileak, bere babesa eskaintzeaz gain, zera esan nahi izan du, “hiri hau” esan du, Irunek aldaketa  behar du, bultzada, eta horretarako hemen funtzionatzen duen taldeaz gain, bai Gasteizen, Eusko Jaurlaritzan, bai Madrilen zein Europan funtzionatzen duen taldea behar du. Eta horretan bermea, Eusko Alderdi Jeltzalea da, EAJ-PNV da. Sozialistek urte asko daramate Irun gobernatzen, baina haiengatik izan al dira trenbide eremuan eman diren lehen pausoak? Beraiek egin al zuten horren eskaera? Beraiek lortu zuten akordioa? Ez, EAJ-PNVk egindako eskaeraren ondorioz lortu zen. EAJ-PNVk Irunekin duen konpromisoari esker. Eta horrela jarraituko dugu egiten beste hainbat proiekturekin, baina horretarako Irunek Eusko Alderdi Jeltzalearen lidergoa behar du, Xabier Iridoyren lidergoa, kudeaketa eraginkor horri bide eman diezaiokeena“.