Irunen kontzientziazio eta prebentzio kanpaina bat egitea proposatu dugu

Spread the love

Irungo EAJ-PNV udal taldetik, koronabirusari dagokionez eta udan honek izan ditzakeen eraginak kontuan izanez, alkateari eta udal gobernuari zuzendutako eskaera bat erregistratu dugu; hiritarrak kontzientziatzeko, prebenitzeko eta sentsibilizatzeko kanpaina bat abian jar dadin eskatuz.

Normaltasun berri honetan, behin pandemiaren latzena pasa dugunean eta hilabeteak konfinatuta pasa ondoren, Irungo kaleetan, nahiz eta jaiei buruzko zehaztasun ezak eta udal gobernuak izan ez dituen prebentzio neurriek ez batere lagundu, hiritarren zati handi bat prebentzio eta segurtasun neurriak behar bezala betetzeak duen garrantziaz lasaitu egin dela iruditzen zaigu; higienea, distantzia soziala, maskaren erabilera… Azken egun hauetan gure kaleetan gertatutakoa ikustearekin nahikoa da; ekainak 20, 26, 27, 28 eta 30, besteak beste. Halaber eta tamalez, Irun zenbait komunikabideetako protagonista izan da bai, egunotan izan ziren pilaketa eta derrigorrezko distantzia ez betetzearen ondorioz. Gure ustetan, udal gobernuak bere baliabide guztiak martxan jarri izan balitu, saihestu edo prebenitu zitekeen egoera da hau. Horregatik, udaran zehar izan daitezkeen egoerak egoki saihestu edo kudeatu ahal izateko, neurri zehatz batzuk hartu beharra ikusten dugu. Egoera hura ezin da berriro gertatu.

Udan murgilduta gaude, egunak luzeagoak dira eta eguraldia ere hobea da garai honetan. Ondorioz, pertsona askok denbora gehiago pasatzen du kalean, aire zabalean. Familian, lagunen artean, bikotean zein banaka. Egoera honen aurrean, koronabirusari aurre egiteko, oso garrantzitsua da norbanakoaren erantzukizuna, noski, baina baita erakundeena ere.

Horregatik, nahiz eta neurriak jaiak edo ez jaiak baino lehen hartu behar ziren, batez ere beste herri batzuetan izandako gertakariak ikusi ondoren, eta gipuzkoarren %45,5ak maskara erabiltzen ez duela adierazten duten datuak kontuan izanik, EAJ-PNVtik uste dugu premiazkoa dela ahalik eta lehen uda honetarako informazio, prebentzio, sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpaina bat abian jartzea. Bai kaleetan eta baita sare sozialetan ere hedatu beharko litzakeena eta abiapuntu gisa honako neurriak kontuan eduki ditzakeena; posta bidezko informazio banaketa orokor bat, birusa eusteko bermerik onena banakako erantzukizun jarraitua mantentzeak duen garrantzia jasotzen duen informazioa helaraztea, gizarte distantzia mantentzea oso zaila den eremuetan informazio panel zehatzak jartzea, esparru itxietan maskarak erabili beharrari buruzko tamaina handiko informazio kartelak, etab. Eta nola ez, esan bezala, milaka irundarrek parte hartzen duten sare sozialetan ere prebentzio kanpaina bat martxan jartzea.