Krisiaren eraginak gehien pairatzen ari diren familiei lagunduz, Berpiztuk Irunen egin duen lana txalotzen dugu

Spread the love

Xabier Iridoy Berpiztuk Irunen duen lokalean

Duela egun batzuk, Berpiztu Gobernuz Kanpoko Erakundeak Irungo Santiago kalean duen lokalera hurbildu nintzen erakundeak hirian lanean daramanetik honako balorazioa egiteko. EAJ-PNVtik hiritarren ongizatea bermatzeko lan egiten dugu, are gehiago egungo egoeraren aurrean. Langabezia tasa handiena duen Gipuzkoako hiria gara eta bertako familia askok, krisiaren ondorioz, egoera zailei aurre egin behar diete. Alboratu ezin den errealitatea da.

Irunen eskaintzen diren elikagaien banaketarako zerbitzuak udal gobernuari nahikoak iruditu arren, talde jeltzaleari beharrezkoa iruditzen zitzaigun laguntza handitzea; hori dela eta, Berpiztu GKE Irunen elikagaien banaketan lanean has zedin proposatu zuen gure taldeak 2012ko aurrekontuetarako, irundar gehiagori laguntza emateko.

Datuek baieztatzen dute EAJ-PNVren proposamena erabat beharrezkoa zela. 2012ko abenduan 12 izan ziren banaketa gunera hurbildutako familiak, eta joan den asteartean egindako banaketara 328 etorri ziren. Zoritxarrez, krisiak egoera zailetan jarri ditu irundar asko eta horren aurrean guk ezin dugu beste aldera begiratu.

Ustez, eskaintzen zena nahikoa zelakoan, udal gobernuak elikagaien banaketan ahaleginak handitzea beharrezkoa ez zela adieraziz erakutsi zuen jarrera deitoratzen dugu. Era berean, gogora ekarri nahi dut gobernu sozialistak lokal txiki bat uzteko erabakia hartu zezan, gure taldeak temati jokatu duela.