Urte eta erdi baino gehiago zain

Spread the love

Duela hiru urte inguru, Irungo Udalak, oposizioko taldeen eta gizarte-eragileen ekimenez, gure hiriko herritarren parte-hartzea arautuko zuen araudi bat lantzeko, talde eragile bat jarri zuen martxan. 2019ko otsailean, Partaidetzako Araudia amaitutzat eman zen, talde guztien, udal-teknikarien eta gizarte-ordezkarien adostasunarekin. Behin hau amaitu zenean, dokumentua behin betiko onartua izan zedin, Udalbatzara eraman besterik ez zen eraman behar. Baina, hori ez da egun arte gauzatu.

2019ko irailean, hauteskundeak pasa ondoren, gobernuko eta oposizioko egitura berriekin, Aurrekontu Parte-hartzaileen prozesuaren berri emateko bilera bat deitu zen. Bilkura horretan, laster, beste bilera bat deituko zela jakinarazi ziguten, bertan adostutako Araudiaren testua berriro onartzeko. Hitzak ordea hitz besterik ez ziren izan, osoko bilkurara ez eramateaz gain, egun oraindik ez zaigu atzerapenaren inguruko inolako azalpenik eman eta.

Ez da gaia jorratzen dugun lehen aldia, galderak eta kontsulta dezente egin ditugu, eta guztietan Udalbatzara laster eramango dutela erantzun zaigu. Oraindik esperoan gaude. Are gehiago, aurtengo uztaileko azken Batzorde Informatiboan, Irungo Herritarren Foroko kide batek horren inguruko galdera egin zuen, eta hauek Covid19ak eragin duen egoerarekin ezinezkoa izan zaiela adierazi zuten. Ez dugu ahaztu behar, 2019ko otsailetik 2020ko otsailera ez zela Covid-ik izan. Zergatik ez da oraindik araudia onartu, honek udal-teknikarien, talde desberdinen eta gizarte-ordezkarien adostasuna eta oniritzia baditu? Akaso gobernuari ez zaio interesatzen, Udalaren gardentasuna eta hiriko proiektu garrantzitsuetan herritarren parte hartzea sustatzen dituen araudi bat indarrean izatea? Gure ustez, ezinbestekoa da Araudi hau lehenbailehen Osoko Bilkurara eraman eta guztion artean onartzea. Guztion lanari esker eta adostasunarekin osatu den araudia baita hau.

Gainera, gure taldeak ekarpen baliotsuak egin zizkion araudi horri. Besteak beste; dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako informazio guztia eskuragarri jartzea eta unibertsalizatzea, udal-plataformetan udaleko talde politiko guztien ekimenei eta proposamenei buruzko informazioa eta xehetasunak esleitzea, eta hiriko partaidetza-prozesuak antolatu eta ebaluatzeko ordezkari politikoek, gizarte-eragileek eta teknikariek osatutako talde eragile egonkor bat sortzea. Era berean, herritarren parte-hartzea eta horren inguruko elkarteen dinamikak integratuko dituen partaidetza-eredu bat lortzea, hala bi dinamikak osagarriak izan daitezen.

Era berean, araudi honen bitartez Aurrekontu Parte-hartzaileen ahalmena handitzea lortzeaz gain, gardentasun handiagoa eta udal jarduerari buruzko informazio osatuagoa emango zaie herritarrei. Izan ere, uste dugu, aurrekontu parte-hartzaileak zentzu zabalagoan eta irekiagoan eratu behar direla, eta ez gaur egun egiten dena soilik jaso. Lan taldeko kide guztiek (talde politikoak, udal-teknikariak eta elkarteetako ordezkariak) onartutako ekarpen hauekin, etorkizunerantz begiratu eta erabakietan eta proiektuetan parte hartzearen eta informazioaren gardentasunaren aldeko apustua egiten dugu. Horrela, Irungo herritarren erabakitzeko ahalmena handitu eta parte-hartze aktiboa sustatuko da. Halaber, Partaidetzarako Araudi berri honek hiritar guztientzat eskuragarri egon beharko luke. Baita “irakurketa erraza” deritzon bertsioan ere, hala eskatu genuen egindako bileretan. Informazioaren erabilerraztasunaren alde egin behar delako. Ezin ditugu horrelako gai garrantzitsuak hainbeste lardastu.

Horregatik, Araudi hau izapidetzen has dadila eskatzen dugu, ahal bezain pronto behin betiko onar dadin. Covid19a ezin da izan aurrera ez egiteko arrazoia edo aitzakia. Are gehiago, udal gobernuak dagoeneko onartuta eta jardunean izateko urte eta erdi baino gehiago izan duenean. Aurrerapausoak ematen jarraitu behar da, eta gardentasunaren eta herritarrek Irungo proiektuetan parte hartzearen aldeko benetako apustua egin behar da.