Irunek, hiria sustatzeko Txoke Plana behar du

Tokiko merkataritza eta ostalaritza lagunduko lukeen hiri diseinuaren aldeko apustua da gurea

Iosu Iguiñizek eta biok, tokiko merkataritza bultzatzeko plan baten beharra dagoela adierazi dugu gaur goizeko prentsaurrekoan. Ezaguna den bezala, Irungo merkataritzak bizi duen egoera ez da erraza. Besteak beste, kontsumo ohitura berriek, Internetak, azalera handiko merkataritza guneek, etab.ek bertako merkataritzari kalte egiten diote. Ondorioz, egoera horren aurrean, galdera bat plazaratu nahi izan dugu; nola erantzun beharko genioke, desagertzeko zantzurik ez duen, egoera horri?

Hala ba, egoera honi erantzuna eman ahal izateko, eta erantzun on bat garatu ahal izateko, gure ustez, ezer baino lehen ezinbestekoa da nondik gatozen, nora joan nahi dugun eta zer egin nahi dugun aztertzea. Izan ere, lehen aipatu bezala, erosketa-ohitura berriak dira, tokiko merkataritzaren gainbehera eragiten duten faktore garrantzitsuenetako bat. Nahiz eta ez den bakarra, noski. Udalak bere aldetik, gainbehera ganberari aurre egin diezaioketen ekintzak sustatu ahal izango ditu; saltokiak online salmenta-modu berrietara egokitu daitezen laguntzak eskaini, lokal hutsei ordainsari zergak areagotu, hauen merkaturatzea bultzatuz eta merkatarien eskuratzea lagunduz, besteak beste.  Hala ere, uste dugu neurri hauek ez direla nahikoak, benetako erantzunak eman ahal izateko, lehenik eta behin autokritika egin beharko litzateke. Irun ez da hiri erakargarria, eta Udalak asko du egiteko.

Iraganean, Irun Gipuzkoako eragile ekonomikoan bilakatu gintuen industria sendoan eta aduana zerbitzuetan sostengatzen zen. Hiri paisaiak errealitate horren inguruan biratzen zuen, eta bere desagertzearekin oraindik gainjartzea lortu ez duen beheraldian murgildu zen hiria. Are gehiago, azken urteotan, Irun irizpiderik gabe eraiki da urteetan zehar, hiriak duen identitatea indartzeko planik eta metodorik gabe. Indarrean izan diren gobernu sozialistek ez dute inolako konponbiderik eman. Besteak beste, porcelanas, San Juan Plaza, Urdanibia plaza eta Azken Portu Kiroldegia, begiratu besterik ez dago. Azken hau ibaiari bizkarra emanez eraiki da esaterako. Harrotasun irundarra, bertako ostalaritza eta tokiko merkataritza berreskuratzeko, Irunek benetako hiri-eraldaketa prozesu bati ekin behar dio. Zoritxarrez, badirudi, egungo gobernu sozialista ez dela, oraindik, hiriaren diseinuak gure merkataritzan eta ostalaritzan duen garrantziaz ohartu. Gure hiriaren erakargarritasunean eragiten du arazo honek, baita, ondorioz, balizko bezero edo/eta kontsumitzaile potentzialak gure hirian geratzea edo beste batzuetara alde egitea ere. Irun atseginagoa irundarrentzat eta erakargarriagoa bisitarientzat.

Horregatik, merkataritzari eta ostalaritzari irtenbide bat eskaini ahal izateko, Txoke Plan bat gauzatzeko proposamena plazaratu dugu. Epe laburrera begira, gaur egun, kohesiorik edo logikarik ez duten hiri-altzariak, kaleak eta plazak, irizpide berdin baten bitartez egokitu beharko lirateke. Era berean, ibai eremuak berreskuratu beharko lirateke, trenbide eremua birsortu eta hiria bat egin. Halaber, beste mugikortasun bat ere diseinatu beharko litzateke. Horrela, behin hau egin ondoren, ostalaritzaren eta tokiko merkataritzaren gaia modu zuzenean eta egokiagoan jorratzeko aukera edukiko genuke. Ekintza eraginkorrak eta errealak batzen dituen plan bat gauzatzea proposatzen dugu. Eta ez, orain arte bezala, bertako merkatua eta ostalaritza sustatzea lortzen ez duten eta helburu zehatzik ez duten, ekintza gutxi batzuk.

Planak, ideiak kudeatu, premiak bateratu eta sinergiak sortu beharko lituzke. Eta horretarako, ezinbestekotzat jotzen dugu planaren garapenean hainbat eragileen parte hartzea, esaterako; arkitektoen elkargoa, urbanistak, erakunde desberdinak, auzo elkarteak, hiriko elkarte desberdinak, etab. eta, nola ez, baita Udaletxeko talde politiko guztiak ere. Gizarte-profil desberdinen beharrak kontuan hartuta, hiri hobea eta osatuagoa sortzeko aukera izango dugu. Inklusioa, berdintasuna, dibertsitatea eta mugikortasun jasangarria kontuan dituen hiria.

Irunek etorkizunerantz begiratu behar du. Irundarrek etorkizunean zein hiri izango duten jakiteko eskubidea dute. Are gehiago, gaur egun arazo direnak, etorkizunean arazo izan ez daitezen, berehalako neurriak behar ditu Irunek. Eta, hemendik aurrera, Iruni etorkizun oparoa eskaini ahal izateko, epe luzerako plana behar da, helburuak eta ekintzak zehazten dituen proiektua.

Azken finean, Irunek ezin du orain arte jarraitu duen bide bera jarraitu. Egun dugun hiri-paisaiak, hiriaren nekea eta mimo falta agerian uzten ditu. Abangoardiako hiri erakargarri eta atsegin baten aldeko apustua egiten dugu guk. Hiri altzarietan kohesioa edo logika duena, eta, horretarako kaleetako elementuek koherentzia bat izan behar dute. Horrela, bai irundar hiritarrentzat eta tokiko merkataritzarentzat hiri atsegin bat osatuz. Eta horretarako ezinbestekoa da gaur azaldu dugun planaren beharra.

Irunen Segurtasun eta Bizikidetza Ituna behar du

Gaur goizean Segurtasun eta Bizikidetza Ituna garatzeko bere proposamena jakitera eman dugu. Segurtasunaren alorreko jarduera desberdinak bateratuko lituzkeen ituna behar du Irunek, helburu zehatzek osatu beharko luketena eta Irun hobe bat sustatuko lukeena. Itun hoben bitartez segurtasun emaitza zehatzak eskuratuko lituzke Udalak, hori bai, itun hau kolaboraziotik osatu beharko litzateke. Irungo Udaletxean dauden talde politiko guztiek, elkarteek eta hiritarrek ere parte hartu beharko lukete prozesu honetan.

Irungo Udaltzaingoak dituen 25 plaza hutsak beteko dituzten hautagaiak, aukeratze prozesuak gainditu dituztenak, orain astebete Euskal Poliziaren Akademian sartu ziren. 25 plaza hauetako 13, Bateratutako Euskal Polizia Akademiak egindako deialditik ateratzen dira, eta beste 12, Udaletxeak 2018an hasi zuen oposaketa prozesutik. Denboran momentu desberdinetan deitutako prozesuak izan arren, biak duela hilabete bukatu ziren biak.    

Berri honen aurrean, pozten gara noski. 7 hilabeteko prozesu honi esker, 2020ko ekainerako gutxi gorabehera, Irunek 25 agente berri izango ditu. Izan dien urte korapilatsuen ondoren, agenteen erretiro dezente eta bitarteko-kontratazioak legez egin ahal izan gabe, baina orain, prozesu honen bitartez ia pertsonalaren % 25a berrituko da, Irungo Udaltzaingoan eta baita hirian ere funski on eginez.

Hori bai, aukera ezin hobea izan daiteke hau gure hiritarren segurtasun mailaren pertzepzioa areagotzeko, baina horretarako ezinbestekoa izango da denbora honetan, agente berri hauen barneratzea ongi lantzea eta koordinatzea. Halaber, aukera ezin hobea izango da, Udaletxeko talde politiko guztiek gure hiriak behar duen Udaltzaingo Modeloa zein den argi badute; Udaltzaingoaren helburuak zeintzuk diren, zein diren lortu nahi diren emaitzak, bertan garatu beharko litzakeen parte-hartzeak nolakoa izan beharko lukeen, barne antolakuntza, etab. Aukera izateko, agente berri hauek sartzerako Udalak, egun ez duen, Udaltzaingo zerbitzu antolatu eta egitaratu bat eduki behar du.

Oraindik guztia eraikitzeko eta definitzeko dagoela uste du gure taldeak. Ez dugu ikusten Gobernu Sozialista, etorkizunera begira lanean ari denik. Egun Udaltzaingoak duen plangintza eta antolakuntzak ez ditu gaur egungo beharrak guztiz betetzen, horregatik egokitzeko beharra dagoela uste dugu. Ez zaigu iruditzen egungo ereduak hiritarren beharrak egoki erantzuten dituenik. Hiritarren beharrak, Udalak ematen duen erantzunarekin guztiz lerrokatuak egon beharko lukete. Horregatik, EAJ-PNVk Irunen Segurtasun eta Bizikidetza Ituna garatzea proposatzen du. Udaltzaingoak adostasun politiko zabala behar duela uste dugu. Horregatik Itun hau talde desberdinen arteko hitzarmen edo adostasun baten bitartez sustatzea proposatzen dugu. Udaltzaingoari jarduteko eremu zehatz bat egokitu behar zaio eta hau guztion artean egin beharko genuke. Datozen urteetan izango ditugun erronkak zorrotzat eta mota askotakoak izango dira, eta hauei aurre egiteko, kasu askotan segurtasuna gako izango da arrakasta lortzeko.

Are gehiago, Irun eraikitzerako orduan, Itunak segurtasunari dagokioneko gaietan udal talde guztien oinarri izan beharko lukeela uste dugu. Hala Iruni etorkizun hobe bat eskaini ahalko genioke, guztiok helburu bera izango baikenuke. Bide horretan argi ditugu jorratu beharko liratekeen beharrak zeintzuk diren:

Alde batetik, segurtasun-politikek segurtasuna bermatu behar dute, bere zentzu zabalenean, baina pertsonen bizi-kalitatea ere zaindu beharra dute, pertsona guztien arteko bizikidetasun baketsua bermatuz. Eta hartarako, EAJ-PNVtik beharrezko ikusten dugu, prebentzio programak eta ekimenak bultzatzea. Balioak defendatzen dituen segurtasuna babesten dugu guk, hala sozialki elkartutako hiri duina eduki dezagun.

Halaber, Udaltzaingoaren gertuko modelo baten aldeko apustua egiten dugu. Udaltzaingoaren ereduak eraginkorra izan behar du, pertsonekiko hurbila, eta horretarako beharrezkoa da hiritarren eta elkarte desberdinen parte hartzea sustatzea, hauen beharrak egoki erantzun ahal izateko. Era berean, sare lana ezinbestekoa da, erakunde desberdinak eta hirian ditugun arreta-zerbitzuak, elkarlotuta edo elkar komunikatuta egon beharko lukete. Gainera, Udalaren erantzukizuna da ere, hiritarren segurtasun eskariez arduratzea. Eta nahiz eta hautematea, pertsonala eta subjektiboa izan askotan,  honek hiritarren ongizatean eta hauen lasaitasunean eragin dezake.

Azkenik, Ituna bi fasetan garatu beharko litzakeela uste dugu; lehenik Irungo udaletxeko alderdi politiko guztien adostasuna lortu beharko litzake, iruna egoki garatu ahal izateko. Eta behin hau lortu ondoren, itunaren nondik norakoak aberastu ahal izateko, hiritarrei zein elkarteei zuzendutako parte hartze bat zabaldu beharko litzake.  Irun guztion artean eraiki behar delako, udal talde, elkarte eta hiritarren artean.

Urtebete itxaron ondoren, Irunen beharrezkoak diren hobekuntza batzuk egingo dira. Zoritxarrez guztiak ez dira berri onak

Laster, hiriko hainbat bidetan hobekuntzak egingo dira. Gure Auzo Planean jasotako hobekuntzak, 2018ko Kreditu Aldaketako Osoko Bilkuran gure taldeak proposatu eta bultzatu zituenak. Orduz gerotik, neurri horiek Udalbatzaren gehiengoarekin onartu zirenetik, 365 egun baino gehiago daramatzagu esperoan. Hala ere, pozten gara, azkenean, gobernu sozialistak gure proposamenen aurrean erreakzionatu izanagatik eta laster, obra hauek abiaraziko dituztela jakitera eman izanagatik. Esaterako; Pinarren, bertan dagoen haur parkeko jolastokia berrituko da. Behobian, Bidasoa ibaitik doan bidegorria, Zaisa atzeko aldetik doan zatia konponduko da. Bestalde, Santiagon, Tadeo Murguía kalean eta San Miguelen, Peio Bixente kalean, espaloien irisgarritasuna hobetuko da, baldosa ez labaingarri berriak jarriz. Ventas auzoan, berriz, pertsonen segurtasuna hobetuko da, Elizatxo etorbidetik Euskotreneko geralekuraino dagoen bidea egokituko da, seinaleztatutako eta argiztatutako espaloi berri batekin.

Hala ere, zati txiki bat laster aktibatuko bada ere, 2018ko kreditu aldaketa hartan onartutako jardueren eta konpromisoen zati handi bat oraindik egin gabe geratzen da. Zoritxarrez guztiak ez dira albiste onak, eta urtebete igarota, oraindik onartu ziren proiektu dezente ez dira egin. Egoera kezkagarria da, proiektu horiek 2019an hasiko ez balira, horientzat ezarritako aurrekontua galduko da. Irungo hiri eta gizarte kalitatea hobetuko duten proiektuak, esaterako; 50.000€ Meaka bidean baranda babesle bat jartzeko eta bertako zubia hobetzeko, Ola sagardotegiaren parean. 10.000€, Berroako Lucas eraikinean gazteentzako 18 etxebizitza egokitzeko proiektu bat gauzatzeko, gaur egun erabiltzen ez diren etxebizitzak. 30.000€, Puianako bizilagunek eskatutako, Aristegui Enbaxadore Plazako argiztapena hobetzeko. 200.000€ Hego Ingurabideko 2. fasearen proiektua idazteko, oraindik gainera kontratatu ez den proiektua. Gure hiriko bide-zirkulazioa hobetzeko ezinbesteko ekintza, eta badirudi egungo gobernu sozialistarentzat garrantzizkoa ez den arazoa. Era berean, ez da egin dezibelioetako neurgailuen erosketa, 30.000 €-ko aurrekontua esleitu zitzaiona. Gure hirian dagoen kutsadura akustikoari buruzko neurri egokiak aztertu eta hartzea ahalbidetuko duten neurgailuak, eta halaber, zarata erregulatzeko ekintza egokituak eta pertsonalizatuak ezartzeko aukera emango lituzkeen neurria. Gobernuaren ezgaitasuna agerian geratzen da horrelakoekin, eta guzti hau erabat onartezina iruditzen zaigun. Jarduera horiek beharrezkoak dira herritarrek ongizate hobea izan dezaten, hiriak hobera egin dezan eta etorkizunera begiratu dezan.

Beraz, gure taldeak duen oposizio erantzukizuna ez du alde batera utziko. Gure taldeak beti gauzatuko du gainbegiratze- eta kontrol-erantzukizuna, Gobernu Sozialistaren kudeaketari dagokionez, une honetan ez baita batere eraginkorra. Horregatik, erantzukizunez erantzuteko eskatzen diogu, eta orain urte bete Udalbatzak onartutako neurri horiek behingoagatik martxan jartzea eskatzen diogu. Izan ere, proiektu horiek 2019. urtean garatzen ez badira, horientzat erabiliko den aurrekontua, koordinazio faltagatik eta kudeaketa eskasagatik galdu egingo dira.

Berdintasuna haurtzarotik sustatu behar da

2018an Irungo Indarkeria Matxistaren txostenean adierazten denez, iaz indarkeria matxistako 185 kasu izan ziren hirian

Berdintasunaren gizarte sentsibilizazioaren kulturan aurrera pausoak eman behar dira

Datorren azaroak 25ean, Emakumeen kontrako indarkeriaren Nazioarteko Eguna ospatuko da munduan, eta baita Irunen ere. Horren harira, hiriko berdintasunaren aldeko hainbat elkartek antolatu dituzten, eta guk parte hartuko dugun, ekitaldiak izango dira hirian zehar. Mota askotako jarduerak; hitzaldiak, ikastaroak, sentsibilizazio kanpainak… Premiazko jarduera positiboak guztiak, baina gure ustetan ez dira nahikoak. Beharrezkoa da egun honen inguruko ekitaldiak antolatzea, oraindik, tamalez, egunero baititugu indarkeria kasuak gure inguruan. Esaterako Irunen, lehengo urtean, indarkeria matxistako 185 kasu izan ziren, eta horietatik 125 genero indarkeriakoak, ikaragarria. Gure ustetan udalak egun egiten duena ez da nahikoa, haratago joan beharko luke. Horregatik, Irungo EAJ-PNVtik, berdintasuna txikitatik sustatzen lagundu dezaken eta hezkidetza kontuan duen, jostailu gida ez sexista lantzea proposatzen dugu.

Duela gutxira arte esparru publikoan “ikusezina” zen errealitateaz jabetuta, argi eta garbi helarazi dugu, gure taldeak berdintasunaren aldeko politika gehiago eta hobeak garatzearen aldeko, eta indarkeria matxistaren aurkako, konpromiso argia duela. Emakumeen aurkako indarkeria, gaur egungo giza eskubideen urraketa hedatuenetako bat da, iraunkorrena eta suntsitzaileena. Horregatik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioaren inguruko jarrera publikoa ezinbestekoa da. Pertsona guztion oinarrizko eskubidea dena, eta baita demokraziarako funtsezko balioa dena ere, izaera publikoko kontua da. Eta horretan aritu gara gu beti, berdintasunaren alde lanean. Horregatik, egoera hauek, tokian tokiko administrazioak modu zentzudunean eta elkarlanaren bitartez, urte osoan zehar, kudeatu beharko lituzkeela uste dugu. Besteak beste, gure ustetan, berdintasun mota oro sustatzeak eta bermatzeak izan behar du Udalaren eguneroko jarduna, eta bide horretan, ezinbestekoa ikusten dugu etorkizuna begietan izatea. Datozen belaunaldietako haur eta gaztetxoei eredu hekidetzaile-parekidea ahalik eta gehien gerturatu behar diegu.

Horretan ere, besteak beste, jendarteak, familiak eta hezkuntza komunitateak ere badu zer eginik, noski, baina udalak bide lagun izan beharko luke. Gabonak bertan ditugunez, lehen aipatu bezala, jostailu ez sexisten inguruko gida bat lantzea proposatzen dugu, ez bada aurten, datozen urteetarako. Berdintasuna txiki txikitatik landu beharreko kontua da, eta inguruan ditugun udalerri askok jada horrelakoak badituzte. Euskara arloak, euskarazko jokoak sustatzeko gida bat lantzen du bai, baina honek ez du hezkidetza kontuan eta merkatuan dauden jostailu desberdinak ere ez dira begiesten. Irunen berriro ere, berandu gabiltza.

Gida hau gainera, publiko desberdineko multzoei bideratu beharko litzaieke; alde batetik, umeen eta gazteen gurasoei, bestetik hirian ditugun jostailu dendei, eta nola ez baita eskola eta ikastolei ere. Gidak aipatutako erabiltzaile guzti horientzako neurri edo aholku desberdinak jaso beharko lituzke. Haurrek oso gustuko izaten dituzte jostailu aldizkari edo gida hauek, baina sarri sexu estereotipoz osatuak egoten dira, eta honek haurren ikuspuntuan eta nahietan eragiten du, hezkidetza eta berdintasuna guztiz ekiditen. Horregatik, berdintasuna sustatzearen bidean, horrelako gida bat sortzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Haur eta gaztetxo hauen gurasoak, jostailuak erosterakoan ikuspegi hezkidetzailea kontuan izatea garrantzitsua da, baita dendariak sentsibilizatuta egotea ere, eta nola ez, ikastolak eta eskolak ere gida horren babesle izan beharko lirateke. Egindako lanari esker, gizarte sentsibilizazio kulturan aurrera pausoak ematea lortuko genuke.

Era berean, gida hirian ditugun elkarteekin elkarlanean osatu beharko litzake. Berdintasunaren inguruan ditugun gizarte-eragileekin eta herritarrekin lankidetzan lankidetzan aritu behar du Udalak, baita beste erakundeekin eta udaletxeko oposizioko taldeekin ere. Halaber, udaletxeko arlo desberdinek ere gida honen eratzean parte hartu beharko luketela uste dugu. Gure hiriarentzat onuragarriak diren jarduerak, adostasunaren bitartez sustatu eta garatu behar dira, guztion artean. Berdin dio gobernu zein oposizio izan.

Bizikidetza eta Aniztasun Plan bat behar du Irunek

Gaur goizean, Lander Ugartemendia eta biok, Irunek Bizikidetza eta Aniztasun Plana behar duela jakitera eman dugu. Irungo egoera geografiko eta soziopolitikoak bultzatu gaitu hiri anitza, eta, era berean, abegikorra izatera. Halaber, urteen joan etorrian irundar herritartasunaren osaera ere aldatzen joan da. Hori dela eta, uste dugu Irunek aniztasunerako eta elkarbizitzarako plan bat behar duela, proposamenak eta ekintzak biltzen dituena. Are gehiago, hiriari etorkizun hobe bat eskainiko dion gobernantza ereduan sakontzen lagunduko duen plana izango litzateke hau.

Etengabe aldatzen ari den mundu globalizatuan bizi gara. Egunero errealitate berriak azaleratzen dira, eta lehendik daudenak eboluzionatzen dabiltza. Eztabaidak sortzen dituzten aldaketak dira hauek askotan, bizikidetzarekin edo hezkuntzarekin eta aniztasunarekin zer ikusia duten eztabaidak. Esaterako, errefuxiatuekin, migrazioarekin, kultura-aniztasunarekin eta beste hainbat kasurekin zerikusia dutenak. Eta errealitate horien presentzia eta abordatzea ez dira beti diskurtso solidoan oinarritzen. Ondorioz, gure gizartearen oinarrizko balore, eskubide eta askatasunei eragiten dieten eta orain arte zalantzan jartzen ez ziren printzipioak zalantzan jartzen dituzten analisiak sortzen dira.

Horregatik, lau ardatz estrategikoz osatutako plan bat proposatu dugu; aniztasun kulturala, aniztasun funtzionala, bakearen kultura eta giza eskubideen kultura eta memoria historikoa kontuan dituena. Eta hurrengo pausoak beteko lituzkeena: hiriaren diagnostikoa, partekatutako helburuak, jarduera-ildoak, programa eta ekintza zehatzak, aurrekontu-egutegia eta betetzearen ebaluazio-sistema. Irundarrak aukera berdintasunerako joera du. Arrazoizko arau eta balioen bitartez, arazoei aurre egiten dion hiria da Irun, eta hala adierazi du azken urteotan batez ere. Guk, jakina, bide horretan sinesten dugu, elkarbizitzan, oinarrizko askatasunean eta eskubideetan sinesten dugu. Elkarte irundar irekia, inklusiboa, baketsua, parekidea, heterogeneoa, kultura artekoa, duina eta soziologikoa sustatu eta eraiki nahi dugu. Hala adierazi genuen gainera, gure hauteskunde programa aurrerakoi eta irekian.

Ildo beretik, planak izango beharko lituzkeen lau estrategia ildoak azaldu ditugu. Aniztasun kulturalaren inguruan, 2018ko Ikuspegiren datuen arabera Irunen kanpoan jaiotako 8.094 pertsona bizi dira, (irundar populazioaren %13 baino zertxobait gehiago). Hori dela eta, plan honek egoera honen diagnostikoa zein den adierazi behar du, baita zein zerbitzu eta baliabide dituen Udalak ere. Irun hiri kultura aniztasunetik, aniztasunaren kulturara igarotzeko sustatu behar diren ekimenak zeintzuk diren zehaztu behar ditu. Aniztasun funtzionalari dagokionez, planak pertsona horien beharrak kontuan hartu behar ditu, kontuan hartuta 2018an 3.194 pertsona zeudela %33 eta %75 tarteko minusbaliotasun maila batekin, eta 671 pertsona, % 75 baino gehiagokoarekin. Bakearen eta Giza Eskubideen Kulturari buruzko lerroan, Irunen, Udalak bultzatzen dituen ekintzek jasota egon beharko lukete, hauei koherentzia bat emanez. Bizikidetzari eta adiskidetzeari buruz ere hitz egingo du atalak, gainerako euskal erakundeek bultzatutako politikekin lerrokatuta. Azkenik, planak memoria historikoaren inguruan dauden ekimen berriak jaso behar ditu, memoria historikoaren berreskurapenean sakontzeko.

Plana elkarlanean egin behar dela ere azpimarratu dugu. Gizarte-eragileekin lankidetzan aritu behar da, herritarrekin lankidetzan, herritar guztien iritzia jasoko duen prozesu ireki baten bultzatu beharko litzake, eta gobernuaren eta oposizioaren arteko lankidetza ere ezinbestekoa litzateke. Gure taldeak, gure hiriarentzat onuragarriak diren planak, adostasunaren bitartez sustatu eta garatu behar direla uste du. Ez dugu egungo gobernuaren estiloa konpartitzen, honek ez du akordiorako alde lan egiten eta. Irunek Bizikidetza eta Aniztasun Plana behar du, eta uste dugu prozesu hori, irundar guztiontzat positiboa izango dela.