Irundarrek beren egunerokotasunean euskaraz egiteko neurriak sustatzeko, eta hiriaren ondare kulturalak berreskuratzeko konpromisoa azaltzen dugu

Euskarari behar duen bultzada emateko eta Irungo kaleetan euskara gehiago entzuteko neurri eta ekimen eraginkorrak gauzatzeko konpromisoa azaldu dut

Kulturari dagokionez, hirian ditugun ondare kulturalak berreskuratzeko agenda berri bat sustatzea eta parte-hartze egitasmoen bitartez bizia ematea proposatzen dugu

Gaurkoan kulturako proposamenak aurkeztu ditugu. Euskarari dagokionez, datorren agintaldiko erronka nagusia kaleko erabilera sustatzea da, ezin dugu euskara hezkuntza arlora bakarrik mugatu, kalean modu eraginkorragoan sustatu behar dugu, eta horretarako hainbat neurri landu ditu gure taldeak. Irundarrei beren egunerokotasunean euskaraz egiteko aukera eskaini nahi diegu. Eta bide horretan, ezinbestekoa da hirian ditugun euskararen sustapenaren aldeko elkarte zein eragileekin elkarlana bultzatzea oso garrantzitsua eta ezinbestekoa iruditzen zaigu. Hau da gure konpromisoa.

Aisialdiko erabilerari dagokionean, eskolaz kanpoko ordutegian haurrei eta gazteei euskaraz kirol eta kultur jarduerak antolatzeko hitza ematen dugu, baita euskarazko produktuen kontsumoa bultzatzeko ere. Halaber, euskararen erabilera merkataritzara zein enpresetara zabaltzeko programak sustatzen jarraituko dugu, Euskaraldiak eragin duen olatua aprobetxatuz eta hornituz.

Kulturari lotuta, berriz, Irungo hirian dagoen kulturaren inguruan historikoki Irun bere kultura dibertsitatearengatik bereizi izan da, eta horren adierazgarri dira antolatu diren ekimenak eta hiritarrei zuzendutako ekintzak. Hala ere, ondare historikoa zahartuta dagoela ikusten dugu, kultura azpiegiturak zaharkituta gelditu dira, eta kultur eskaintza ez da, inolaz ere, aberatsa. Horren harira, hainbat ideia jakitera eman ditugu, besteak beste; Kafe Antzoki bat eta aire librean hainbat ekitaldi antolatzeko anfiteatro kultural bat sortzea, zentroan ditugun ekintza kulturalak irungo beste auzoetara ere zabaltzea. Halaber, ahaztuta eta abandonatuta dauden, eta gure identitatea indartzen duten eremuak birgaitzea ere proposatzen dugu, besteak beste, Oteiza eta Basterretxearen tailerra, Junkaleko murallak eta Oiasso museo inguruko terma erromatarrak.

Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako sailburuak, berriz, aipatutako proposamenak eta planteamendua txalotzeaz eta babesteaz gain, hainbat gauza aipatu nahi izan ditu, besteak beste, “gure autonomia erkidegoak dituen neurri eta helburu nagusiekin bat egiten dute gaurkoan Xabier Iridoyk jakitera eman dituen proposamenak“. Euskarari dagokionean, Zupiriak “gure herrian euskarari bultzada bat emateko, elkarlana behar beharrezkoa da. Eta elkarlan horretan beharrezkoak dira erakundeak, baina are garrantzitsuagoak dira hirian dauden eragileak. Denok gara beharrezkoak” azpimarratu du. Kulturari dagokionean, hiru erronka nagusi azpimarratu ditu; elkarlana, demokratizazioa, hau da, parte hartzea eta berdintasuna. “Kultura gure nortasunarekin bat egiten duen kontzeptua da. Horregatik da hain garrantzitsua planteamendu kulturalak egiterakoan, elkarlana betiere kontuan izatea, ondorioz Iridoyk aipatu duen Euskadiko zirkuitu kultural bat lantzea eta sortzea oso interesgarria iruditu zait, horrela sareak lortuko bai lirateke eta irundarron aukera kulturalak indartu egingo litzateke” amaitu du esaten.

Ekonomia bultzatzeko politikak beharrezkoak dira Irungo enplegua eta industria hobetzeko

Besteak beste, Bidasoa Biziriken, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko koordinazioa areagotzea dugu helburu, Gipuzkoan eta Euskadin emaitza onak ematen ari diren ekonomia suspertzeko programak Irunen garatzeko

Industria enpresek euren jarduera garatzen duten inguruneak hobetzeko konpromisoa dugu; irisgarritasuna eta irudia

Gaur goizean Gabiria industrialdera gerturatu gara, gure hauteskunde programan, ekonomia eta enpleguaren bultzadari, eta industriaren garapenari buruzko proposamenak aurkezteko. Ekonomiaren bultzada gure hauteskunde programaren ardatz estrategikoetako bat da, garapen ekonomikoaren bidez enplegua hobetzea lortuko dugulako, eta, ondorioz, irundarren ongizatea egonkortu eta hobetzeko aukera izango ditugulako. Halaber, EAJ-PNVtik enplegu duinaren, egonkorraren eta kalitatezkoaren alde egingo du beti lan.

Irunek urte asko daramatza Gipuzkoako enplegu datuen zerrendako bukaerako postuetan. Hiriko langabezia tasak kezkagarria izaten jarraitzen du: Irunen %11.16a (3.514 pertsona), Gipuzkoan %7.9a eta EAEn %10.2a. Datu horiek kontuan hartuta, enpleguaren sustapena eta sorrera EAJ-PNVrentzat lehentasuna dira, eta kronifikatutako errealitate honetatik ateratzeko Irunek bere ahalegin, sormen eta baliabide guztiak ekonomiaren sustapenera bideratu behar ditu. Eta erronka hori ezin da gauzatu Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, enpresen eta unibertsitateen artean ez bada sinergiarik eta partekatutako estrategiarik sortzen. Erakunde arteko lankidetza funtsezkoa da gure hiriaren egoera ekonomikoa aldatzeko eta hobetzeko. Halaber, ez dugu ahaztu behar udalaren eskumenak diren mugikortasun politikek eta baita hirigintza politikek ere eragin handia dutela gure hirian. Beraz eskumen hauek ongi bideratu beharko lituzke Udalak eta Irun erakargarriagoa egin beharko genuke.

Beharrezko baldintzak hobetuko ditugu, hala Irungo hiritarrek Irunen euren lana gauzatzen jarraitzeko aukera izan dezaten. Irun hiri erakargarri bilakatzeko ahaleginak egin behar ditugu, bertan kokatu eta aberastasuna sortzen duten enpresentzat, bezero potentzialentzat, erakargarria gazte ekintzaileek enpresa berriak sortu eta beraien proiektuak garatu ditzaten. Horrela bakarrik lortuko da hirian enplegu berriak sortzea, enplegu duin, egonkor eta kalitatezkoak. Eta horretarako hurrengo proposamenak landu ditugu, besteak beste.

  • Bidasoa Biziriken, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko koordinazioa areagotzea, Gipuzkoan eta Euskadin hain emaitza onak ematen ari diren ekonomia suspertzeko programak Irunen garatzeko.
  • Bidasoa Bizirik Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elkar-Ekin Planean gehiago inplikatzea. Enplegagarritasunaren bitartez gizarte inklusiorako estrategia da, eta Gipuzkoan bazterkeria egoeran edo arriskuan zeuden 1950 pertsonek lana aurkitzea ahalbidetu du.
  • Trenbide Guneaz eta VIA IRUN proiektuaz baliatzea ekonomia jarduera berriak erakartzeko.

Halaber, industria sektorea sustatzeko eta laguntzeko apustua ere egiten dugu, historikoki, industriaren sektorea hiriko ekonomiaren oinarrietako bat izan da, dinamismoa eta enplegua sortuz. Gaur egun, 6.645 enpresak garatzen dute bere jarduera hirian. Horietatik, % 6 dira industriaren arlokoak, 335 guztira, 3.650 langilerekin (EUSTAT-en Establezimenduen eta Enpleguaren Azterketa, 2016).

Azkenik, industria-sektorea oso dibertsifikatuta dago, egun indarrean jarraitzen duten enpresak orain urte batzuetako krisiari aurre egin zioten enpresak dira. Europar Batasunak beharrean dagoen esparru gisa katalogatzen du gainera Irun, bere langabezia tasa EAEko batez bestekoa baino %20 handiagoa baita. Horregatik, Udalak eta Bidasoa Bizirikek eragile aktiboak izan behar dute, enpresen, Aldundiaren eta Jaurlaritzaren arteko bitartekaritzan.

Horren inguruan EAJ-PNVk proposatzen ditugun neurri batzuk:

  • Industria enpresen jarduera inguruak hobetzea, bai irisgarritasunari, bai irudiari dagokionez.
  • Lankidetza publiko-pribatuko esparruak bultzatzea, Irungo enpresen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren partaidetzarekin.
  • Tokiko enpresekin etengabeko harremana edukitzea, beraien beharrak ezagutzeko eta arazoei aurre egiten laguntzeko

Irundarrek gure hiriko kaleetan segurtasun handiagoa hauteman dezaten, lan egingo dugu

Irunen Segurtasunaren eta Bizikidetzaren inguruko Ituna sustatzeko konpromisoa gailentzen dugu, ordezkari politikoen eta sozietate zibil antolatuaren arteko komunikazio kanalak hobetuz

Hurbiltasuneko Poliziaren ereduan lanean jarraituko dugu, besteak beste, hiritarren segurtasun pertzepzioa berreskuratzeko eta areagotzeko

Ezer baino lehen, irundarrek egun oraindik segurtasun eza hautematen dutela azpimarratu dugu, eta horren harira, EAJ-PNVk herritarren segurtasunean aurrera egiteko, eta pertzepzio horrek hobera egin dezan, lan egiteko apustua egiten dugula. Hiri-segurtasunean aurrera egiteak, era berean, irundarren bizi kalitatea eta ongizatea hobetzea ekarriko duela deritzogu, eta hasieratik hau izan da gure helburu nagusienetako bat.

Ordezkari politikoen eta gizarte zibil antolatuaren arteko ituna izango litzake. Era koordinatu eta antolatuan lan egiteko tresna erabilgarria, hala Irun bizitzeko hiri seguruagoa, atseginagoa eta lasaiagoa eginez. Halaber, gai honetan aurrera egiteko besteak beste Hurbiltasuneko Polizia ereduaren ezarpenean sakontzea proposatzen dugu. Gobernuan geundenean, eta Udaltzaingoaren lidertza gure esku zegoenean indarrean jarri genuen eredua da hau, horregatik datozen urteetan eredu honek eskaini ditzakeen aukera guztiak martxan eta indarrean jartzea ezinbestekoa deritzogu. Bertako hiritarrek segurtasun maila nabaritzea garrantzitsua da oso guretzat, eta neurri honen bitartez honetan aurrera pausoak emango genituzke.

Horretaz gain, maila guztietan Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazio handiagoa sustatzearen aldeko apustua ere egiten dugu; Komunitate Poliziaren irudiaren garapenerako programa pilotua ezartzea proposatzen dugu, emakumeentzako gaueko segurtasun neurri handiagoak ezartzea, eta nola ez, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko koordinazioan aurrera egitea.

Azkenik, Irunen gertatzen diren delitu kopuruak murrizteko lan egingo dugu EAJ-PNVtik, eta era berean, auzoetako hobekuntzen bitartez, irundarrek zein bisitariek segurtasun handiagoa senti dezaten ere lan egingo dugu. Hau da nire konpromisoa, gure konpromisoa.

Irunek duen nekazal mundu oparoari, aukerak eta zabal bideak eskaini behar dizkiogu

Udal agendan baserritarraren beharrak eta proiektuak sartzeko konpromisoa hartu dugu

EAJ-PNVk baserri-munduak, bai inguru horietan bizi direnei eta lan egiten dutenei, baita hirian bizi direnei ere, eskaintzen dizkien aukera handiak indarrean jarri nahi ditugu

Estebenea eremuan, Olaberriako Bailaran hain zehazki egon gara gaur goizean, landa munduaren inguruan gure apustuak eta konpromisoak jakitera ematen. Irun hobetzeko, beste hainbat konpromisoz gain, landa munduan egin beharrekoa ez da makala, horregatik besteak beste, Km0-aren kontsumoa sustatzeko konpromisoa aurkezten dugu gaurkoan.

Azken hamarkadetan, Irun bere landa eremuari bizkarra emanez bizi izan da, eta bertako ingurune naturalak ezezagunak dira irundar askorentzat. Era berean, Udalak ez die jaramonik egin Bidasoa, Meaka, Olaberria, Lapitze eta Ventas-eko nekazal guneetan bizi diren eta bertan lan egiten duten pertsonen behar, kexa eta proposamenei. Eta gure taldeak, eta hala jaso dugu gure hauteskunde programan, nekazal munduak aitorpen soziala behar duela uste du. Baserritarrek egiten duten lana balioan jarri behar da, hauek ingurunea zaintzen dutelako, eta kalitatezko ekoizpena indarrean jartzen dutelako, besteak beste. Nahiz eta harrigarria iruditu, Irundar askok ez daki Irunen kalitate handiko produktuak ekoizten direla (baratza, eztia, haragia, etab. eta hau sustatu beharra dugu. Ezin ditugu alde batera utzi KM0 produktuak eskaintzen dituen abantailak, ez osasunean soilik, ingurumenean ere noski.

Are gehiago, ezinbestekoa da guretzat ezjakinean bizi diren irundar horiei hirian ditugun kalitatezko fruitu, barazki, haragi, ezti etab.en berri ematea. Horregatik Udalak laguntzak eta kanpaina informatzaileak aurrera eraman beharko lituzkeela uste dugu, eta guk hala egingo dugu.

Baserritarrek beraien beharrak eta proiektuak, udal agendan egotea behar dutela uste dugu, eta horretarako Udalaren eta baserritarren arteko Lan Mahaia eratzea proposatzen dugu, azken horiek beren intereseko gaiak eta beharrak mahaigaineratu ditzaten, eta era berean Udalak haien eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko bitartekaritza eta koordinazio lana egin dezan.

Era berean, landa eremuetako nortasuna eta idiosinkrasia mantentzeko lan egitea ere beharrezkoa dela ere uste dugu.  Baita nekazal jarduerak sustatzea ere, ekoizleei malgutasuna, erraztasuna eta laguntza eskainiz, haiek behar dituzten azpiegiturak eta oinarrizko zerbitzuak ahalbidetuz. Esaterako ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko hurbiltasuna eta tokiko produktuen merkaturatzea ahalbidetzea proposatzen dugu guk. Km0 produktuaren kontsumoa zeharka sustatuko genuke hala gainera.

Eta azkenik, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, hilabeteak, urteak, daramatzagu esaten beharrezkoa dela Olaberria Bailararen Babeserako Plana behin betiko gauzatzea. Horregatik, planaren idazketa sustatzea eta bertan zehaztutako ekintzak burutzea proposatzen dugu. Halaber, Ibarrolako Ubidearen Bailararen Babeserako Planaren idazketa sustatzea ere beharrezko ikusten dugu. Ezin dugu Irun hiri gris bilakatu, duguna zaindu eta hobetu egin behar dugu.

Irunen haur eta gazteentzako dauden zerbitzu eta jarduerak, ez dira nahikoa

Hiriaren etorkizunerako ezinbestekoa den sektore honi babes handiagoa eskaintzeko konpromisoa hartu dugu, bai eta ikastetxeak gazteria-politikak egiterakoan inplikatzeko ere

EAJ-PNVk “Irun Gazte Plana” izenpeko plan bat egitea proposatu dugu, Irungo haur eta gazteen egoeraren diagnostikoa jaso ahal izateko, eta, halaber, aplikatu eta bultzatu beharreko neurri sorta bat lantzeko

Irun eta bere pertsonak ongizate eta egonkortasun handiagoko ingurune batean bizi ahal izatea helburu duen hobetze proposamenak dakartzagu gaur. Haurtzaroa eta gazteria etorkizuna dira, gure etorkizuna, eta horregatik egun indarrean dauden zerbitzu eta jarduerak aztertu ondoren, Irunen gabezia bat dagoela ikusi dugu. Zerbitzu eta ekintza hauen eskaintza eskasa dela bistaratu dugu, horregatik zerbitzu hauek areagotzeko arrazoia. Eta lehen ekimen gisa, sektore honetarako udal politika guztiak planifikatzeko eta antolatzeko plan bat garatu nahi dugu. Izan ere, 2018ko EUSTATen datuen arabera, Irunen 0 eta 30 urte bitarteko 17.671 pertsona bizi ziren, biztanleriaren %29,7a. Horien artean, 11.238 adin txikikoak ziren, %19. Datu garrantzitsuak eta oso esanguratsuak. Are gehiago, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legeak, 17. artikuluko, 36. zatian, <<gazteria-politiken antolaketa eta kudeaketa>> udalerrien berezko eskumena ezartzen duela kontuan izanda.

Halaber, Irunen badira haur eta gazteei eskaintzen zaizkien zerbitzu eta jarduera ezberdinak, bai, baina ez dira nahikoak. Eta hau ez da pertzepzio hutsa, hainbat azterlan eta datu ofizialek babesten duten errealitatea baizik. Hori dela eta, egoera honen aurrean, gure taldeak Gazte Plana izeneko Plan Estrategiko bat sortzeko konpromisoa hartzen du. Hala bertan, udal-politika guztiak antolatuko lirateke, eta horiei guztiei koherentzia emango litzaieke, pertsona horien benetako beharrizanetara, haien adinaren eta egoera, egokituz.

Bestalde, Iridoyk, proiektu eta ekimenak aipatzera pasa aurretik, Irunek haurrentzako jarduera eskaintza handiagoa behar duela azpimarratu nahi izan du, besteak beste, “familia eta lana bateragarri egiteko formulak bilatu behar dira. Udalaren eta gazteriaren artean erakunde-lotura falta dagoela ere ikusten dugu, horregatik gazteentzat erreferentzia-gune bat sortzea proposatzen dugu,  eta, azkenik, beste gai askoren artean, ezinbestekoa deritzogu gazteriatik irundarraren emantzipaziorako laguntzak eta joerak erraztea edo eskaintzea“.

Proposamenak

Hori dela eta, egiaztatutako gabezia eta behar horiei irtenbidea emateko,”Gazte Plana 2019-2025″, garatzea proposatzen dugu. Era koordinatuan eta arlo bakoitzean (hezkuntzan, aisialdian, etxebizitzan, enpleguan eta abarren) Irungo haur eta gazteen egoeraren diagnostikoa jaso, neurriak proposatuko eta sustatuko dituen plana izango da. Ikastetxeak gazte-politikak egiterakoan inplikatzea ere bultzatuko dugu. Eta bi Haurtxoko/Ludoteka sortzea ere proposatzen dugu: bata San-Miguel-Pinarren eta bestea Behobia-54. poligonoan. Eskolaz kanpoko jarduerei laguntza handiagoa eskaini nahi diegu, eta ezinbestekoa deritzogu ikastetxeetako jardueren hezkuntza-gida sortzea, baita Irungo Gazte Kontseilua/Gazteriaren Kontseilua sortzea ere. Halaber, beste hiri batzuetako gazteekin truke-esperientziak sustatzeko beharra ikusten dugu, gazteen eta nagusien arteko bizikidetza-programak bultzatu eta euskaditik kanpo bizi, aztertu edo lan egin duten gazteen topagune edo meeting-point sistema bat ezarri. Eusko Jaurlaritzaren “GAZTELAGUN” programa sustatzea ere proposatzen dugu, 23 eta 35 urte bitarteko gazteentzako etxebizitza alokatzeko laguntzak. Eta azkenik, “GAZTEARTEAN” programa garatzen jarraitzea (haur eta gazteentzako aisialdia sustatuz).

 

 

 

Gobernantza ona izateak hiriaren aurrerapen egokia bermatzen du

Egungo gobernuaren estiloa hobetzeko konpromisoa dugu; gertuko politikak aurrera eramatea eta herritarrekin komunikazio bideak etengabe mantentzea

Parte-hartze erreal eta sistematizatuaren aldeko apustua egiten dugu, herritarrak subjektu pasibo izatetik aktibo izatera pasako liratekeelarik

Gobernantza Udal baten oinarrien alor garrantzitsua izan behar da, hiriak, Irunek kasu honetan, herritarrekin batera, modu koordinatuan eta egokian aurrera egin dezan. Udalak komunikazio sareak sortu behar ditu, egun ez ditugun sareak, horregatik zentzu horretan, gobernu estilo berri baten alde egin dugu. Gardentasunean, eraginkortasunean, parte-hartzean eta hurbiltasunean oinarritutako gobernantza baten alde.

Gure ustetan, bertako erabakietan, hiritarren parte hartzea ez da kontzeptu huts bat. Bizi garen hiria eta espazioa modu koordinatu batean diseinatzean eta ulertzean datza parte hartzeak gure ustetan. Etorkizuneko Irun ezin daiteke egitura piramidal baten bitartez eraiki, alderantziz baizik, hiritarrak subjektu pasibo izatetik aktibo izatera pasa behar dute, hau da igorleak ere izan behar dira” adierazi du Iridoyk, eta “guk parte hartze mota hau sustatzeko konpromisoa dugu. Are gehiago, parte hartze eredu honetan auzo elkarteak ezinbestekoak direla iruditzen zaigu, beraien eginbeharra egokitzea eta finkatzea dugu helburu, baita beraiek udalarekiko duten kolaborazioa indartzea ere. Horretarako ezinbestekoa iruditzen zaigu, udal ordezkarien, hiritarren eta talde antolatuen artean, solasaldi espazioak sortzea. Eta nola ez, behin Hiritarren Parte Hartze Araudia onartzen denean, hura abiaraztea, eta ez egun arte bezala kaxoi batean uztea.

Udaletxe batek, zein gobernu edo alkate batek, hiriaren aniztasuna beti izan behar du kontuan, kasu honetan Irunena. Irun hiri anitza da, eta gustoko dugu, horregatik desberdinen arteko kolaborazioaren aldeko apustua egiten dugu. Ezinbestekoa iruditzen bai zaigu, gure hirian bizi dugun errealitateari erantzun egoki, egonkor eta osatu bat ematea. Ondorioz, parte hartze batean oinarritutako gobernantza bat indarrean jartzeko, udal webgune berri bat eratzea proposatzen dugu, praktikoagoa, erabilerraza, erakargarria eta informazioa bilatzeko sinplea. Hiritarrentzat Udalak duen informazioa eskuratzea errazagoa izan beharko luke. Honen harira, Udalak hiritarrei kontu emateko protokolo bat sortzea ere proposatzen dugu.

Irun etorkizuneko hiri aurreratu bilakatu nahi dugu,  parte-hartze eredu ireki bat duena, eta horretarako beharrezkoa da Udala hurbiltasunaren, gardentasunaren eta gaurko gizartearen behar berrietara egokitzearen adibidea izatea.

Irun eta bere pertsonak protagonistak diren programa aurkezten dugu

Irunen eta bere pertsonen onurak jasotzen dituen programa osatua eskaini ahal izateko, urte oso bat daramagu lanean. Denbora honetan, ezinbestekoa iruditzen zitzaigun hainbat erakundetako kargu publikoekin elkartzea, eta hala egin dugu, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta beste hainbat elkarterekin. Hala, etorkizuneko Irun osatuago bat eskaini ahal izateko, bilera horietan jasotako proposamenak eta iradokizunak kontuan izan ditugu gure programa lantzerako orduan.

Era berean, azken hilabeteotan bost mahai-inguru antolatu ditugu. Non gure hiri proiektuaren ardatz nagusietako ideia orokorrak aurkezteaz gain, gure proiektua aberasteko aukera ere izan dugun, bertaratu diren pertsonek eginiko ekarpen interesgarrien bitartez. Izan ere, hiriaren proiektua eta hauteskunde-programa dokumentu guztiz irekiak dira, ez dugu uste hauek estankoak izan behar dutenik.

Hasieratik, gure helburua guztion esperientzian eta errealitatean sakontzea izan da, bai instituzioen eta baita hiritarren errealitatean. Honek, koordinazioak eta lankidetzak, Irun erreferentziazko hiria izatera iristera lagunduko dute, baita guztion ongizatea hobetzera eta hiriaren onurarako proiektu berritzaileak lortzera ere. Bakoitzaren protagonismoak alde batera uzteko garaia dela uste dugu, denbora berriak dira hauek, Irunen eta bere pertsonen komenentziaz eta etorkizunaz hitz egiteko eta hausnartzeko garaia.

Irunerako bost ildo estrategiko

Gobernantza berria: Koordinazioan eta lankidetzan sinesten dugu, eta ez konfrontazioan. Horregatik, Udal gobernuak egun duen estiloa berritu nahi dugu, Udalak herritarrekin erlazionatzeko modua berritu nahi dugu. Gobernantza egokia ezinbesteko osagaia da, hiriak norabide egokian aurrera egin dezan.

Bultzada ekonomikoa: Gure hiriak duen ekonomia egoerarekin eta honen sustapenarekin konprometituta gaude. Irundarren ongizatea hobetu nahi dugu, eta dakigun bezala, enplegua da funtsezko ardatzetako bat pertsonek bizi-kalitate hobea izan dezaten; enplegu duina, egonkorra eta kalitatezkoa.

Irunek urte asko daramatza Gipuzkoako enpleguaren atzealdean, langabezi tasa kezkagarriekin, eta egoera honek, gure gizartearen garapena eta bizi-kalitatea arriskuan jartzen ditu guztiz. Horregatik, enplegua sustatzeko eta sortzeko politikak lehentasuna dira guretzat. Errealitate desolagarri honetatik ateratzen hasteko lan egin beharra dago. Ondorioz, garbi dugu guk gure ahalegin, sormen eta baliabide guztiak gure ekonomia indartzeko erabiliko ditugula. Baina hori ezin dugu bakarrik egin, ezinbestekoa da guztion arteko lankidetza. Hau da gure apostua.

Gizarte Sustapena: Pertsonak Gizarte Politikaren oinarria izan behar du beti. Edozein erakundek edo Udalek, zerbitzu horiek arreta pertsonalizatuko eredu baterantz orientatu beharko lituzkete; bere autonomiatik hasita, gero beren familia- eta komunitate-ingurunera zabalduz, Gizarte Zerbitzuen Euskal Legeak dioen bezala. Beraz, guk pertsonen bizi-baldintzak eta gizarte-kohesioa hobetzen lagundu nahi dugu, ez dadin inor gizartetik geratu.

Hiriaren biziberritzea: Hiri ikuspegi modernoagoa eta abangoardistagoa bilatzen dugu. Irun geldituta bai dago, are gehiago pixkanaka bere gizarte bizitasuna galtzen doa. Hiru dira berehalako jardutea behar duten hiriguneak; hirirako sarbidea, hirigune historikoak eta zabalguneak.

Gainera, ez dugu nahi eta ezin dugu alde batera utzi Irunen ditugun ingurune berde eta naturalak, horregatik horiek babestu eta bultzatu nahi ditugu, baita hiriko ur-fronteak berreskuratu ere.

Bizikidetza eta Segurtasuna: Bizikidetzaren eta Segurtasunaren aldeko Hiri Ituna lortzearen aldeko apustua egiten dugu. Horretarako, ordezkari politikoen eta gizarte zibil antolatuaren arteko ituna lortu nahi dugu, irundarrak errespetu giroan elkarrekin bizitzeko aukera izan dezaten, eta Irun hiri seguruagoa izan dadin.

Eta hori guztia kudeaketa eraginkorrago eta gardenago batekin. Jauzi kualitatiboa eman nahi dugu pertsonekiko tratuan, baita hiriaren planteamenduan eta identitatean ere.

Erantzunik gabeko Udalbatza

Gobernua inbertsioen kudeaketan atzerapenak pilatzen ari da, 11 milioi euro kaxoi batean utziz, eta egoera honen aurrean ez du inolako erantzunik ematen

Apirileko osoko bilkurak leku izan du gaur Irungo Udaletxean. Erantzun gutxiko udalbatza izan da gaurkoa. Hainbat gai eztabaidatu ditugu gaurkoan, horien artean, aurkeztu dugun kreditu aldaketa bat deitzeko mozioaren nondik norakoak jorratu ditugu. Udalak dituen baliabideak, 2018ko ekitaldiko likidazioaren itxieraren ondorioz ditugun 4,5 milioi euro zehazki, aktibatzeko eta aplikatzeko balioko lukeen kreditu aldaketa.

Orain arte, argi geratu dena zera da, Santano alkateak ez du berea ez den eta bere irizpideetatik ateratzen den bestelako ideia eta planteamendurik onartzen. Ez du 2019rako aurrekonturik nahi izan eta ez dirudi Irungo aniztasuna ordezkatzen duen kreditu aldaketarik ere nahi duenik. Nahiz eta neurri hauek hiriak aurrera egiten lagunduko luketen.

Baina horretaz gain, mahai gainean jarri ditugun gai kezkagarriei ez die ere erantzuna eman nahi. Irunek 2018an ez du gastu-araua bete, inbertsioen kudeaketan atzerapenak pilatzen ari gara, eta horrek Udalak gainean daraman “motxila” gero eta gehiago handiagotzen du. Ondorioz, aurrekontua prorrogan dugunez eta 2018ko likidazioaren baliabideak martxan jarri ez direnez nahi, 11 milioi euro inguru ditugu kaxoi batean geldirik”. Horren aurrean, azalpenak eskatu dizkiogu bai gobernu sozialistari eta baita Santano alkateari ere, “egoera kezkagarri honi aurre egiteko, datozen urteetan aurrekontu-araudia betetzeari dagokionez, udalak zein estrategia duen galdetu diegu. Udalak estrategia bat izan behar du, bestela, egoera kezkagarri baten aurrean gaude eta datozen urteetarako arduragabekeria galanta litzake. Baina zer da erantzun gisa lortu duguna? Ezer ez, ezer ere ez, ez Ogasun arloko arduradunak ez alkateak berak ere, ez dute erantzunik eman, are gehiago, azken honek gaia desbideratu nahi izan du. Hortaz, egoera honen aurrean, Ogasun Batzorde bat deitzea eskatu dugu, egoera hau xehetasunez azal dezaten, eta horren aurrean nola jokatzeko asmoa duten ere azaldu dezaten.

Behin baino gehiagotan azpimarratu dugu, ezin dela inprobisazioaren pean gobernatu, Santano alkateak eta haren gobernu sozialistak duten kudeatzeko eta jarduteko erak, hiria eta bere pertsonak kaltetzen ditu. Erantzun eskasak, ez eraginkorrak, pertsonei egoera desatseginak eragiten dizkienak. Eta guk erantzunak nahi ditugu, erantzukizuna, Iruni laguntzen ez dion indibidualismo hori alde batera utz dezaten nahi dugu. Irunen errealitate bat bizi dugu, eta, jakina, ez da arrosa kolorekoa, ondorioz egoera horren aurrean, udal gobernuak erantzun egin behar du. Guk hala egiten dugu eta oposiziotik, gure esku dagoen guztia egiten dugu, ekimenak eta iniziatibak proposatzen ditugu Irunek aurrera egin dezan.

 

Irun ezin da inprobisazioen bidez gobernatu

Egun arte Santano alkateak Irunen aparkaleku arazo bat dagoela ez du onartu nahi izan, hala arazoa jasaten duten hainbat irundarrei bizkarra emanez

Gaur, apirilaren 24an, alkategaia eta Iruneko EAJ-PNVko bozeramailea den, Xabier Iridoyk, hirian urteetan zehar arazo izan den eta egun ere baden aparkalekuen gaia jorratzeko prentsaurreko bat eskaini du. “Irunek denbora asko darama aparkaleku falta daukala salatzen, egoera  eutsiezina da, eta hiritarretan artean krispazio asko sortu du gainera. Santano alkateak, egoera honen aurrean, ez du ez konponbiderik ezta erantzunik eman ere. Eta bat-batean, duela astebete, modu guztiz inprobisatuan, Arbesen eta Palmera Monteron dagoen aparkalekuaren arazoak irtenbide posible bat duela jakinarazi du” aipatu du jeltzaleak.

Are gehiago, behin-behinekoak ziren Juan Wollmer biribilguneko 110 aparkalekuak kendu ondoren, eta herritarren kexa-pilaren aurrean, Santano alkateak, bere burua zalantzan ikusita, komunikabideen aurrean irtetea eta orain arte jakitera eman ez zuen erantzuna aditzera eman zuen. “Argi geratu da, Santano alkatearen lehentasuna ez dela inoiz herritarrek bizi dituzten arazoei irtenbidea edo konponbidea ematea. Bere erantzunaren atzerapenean eta urteen itxaronaldian besterik ez dugu erreparatu behar. Hori bai, orain bat-batean, udal-hauteskundeak gainean ditugunean, alkatea erreakzionatzera behartuta ikusi dela dirudi” aipatu du Iridoyk. “Benetan Palmera Monteroko eta Arbeseko bizilagunek bizi duten egoerak arduratuko balu, arazoa nola ebatzi edo nola bideratu lehenago aztertuko luke, berak bazekien eta Juan Wollmer biribilguneko aparkalekuak behin-behinekoak zirela, Palmera Montero Gunea eraiki bitarteko konponbidea, eta hauek behin kentzerakoan arazoak izango zirela. Hortaz, zertan aritu da denbora guzti honetan Santano alkatea?  Zergatik ez da lehenago hausnartzen hasi? Agian ez zitzaion interesatzen? Eta zergatik orain bai? Zer da aldatu dena?” galdetu du Xabier Iridoyk.

Urte asko pasa dira, tartean bi hauteskunde, eta egun arte udal-gobernuak eta alkateak ez du onartu nahi izan Irunen, gure hirian, aparkaleku arazo bat dagoela. Ondorioz, orain konponbidea bilatzeko gogoeta hasi duela iragarri du, “sinestezina da, nola orain arte arazo honi bizkarra eman nahi izan dioten, nahiz eta milaka pertsonek, urteetan zehar, egunero aparkaleku arazoak jasaten dituen. Argi dago, hobe dela orain inoiz baino, baina egoera honek beste behin agerian uzten du Santano alkateak Irun egoki kudeatzeko duen ezintasuna” azpimarratu nahi izan du EAJ-PNVren alkategaiak.

Berandu eta gaizki 

Gainera, behin Santano alkateak publiko egin dituen proposamenak aztertuta, Iridoyk dena berandu eta gaizki datorrela adierazi du, “Santano alkateak, Belartzako magalean, 209ko aparkaleko proiektua berreskuratzea eta Artian 140 plaza, proiektu bideragarri batekin, alokairu beheratuan ezartzea. Orain proiektua <<bideragarria>> izan daitekeela dio, eta horregatik plazak salmentan atera baino, alokairuan atera daitezkeela, 30 eurogatik gutxi gorabehera. Horrelako baieztapena, zorroztasunik eta seriotasunik gabekoa, eta hauteskunde kutxua duena, erabat onartezina dela esan du Iridoyk. “Onartezina da horrela hitz egitea, engainua besterik ez baita. Oraindik ez dago ezta lanen kostua kuantifikatzen duen aurre proiektu ezagunik, ezta alokairua txikiagotzeko plana ere ez, hortaz guztiz zentzugabea iruditzen zait, alkateak hitz egin duen moduan hitz egitea, esan duen guztiak ez du ez doitasunik ezta zehaztasunik ere. Eta badakigu usteak erdia ustel”.

Beste behin, agerian geratu dira Santano alkatearen kudeatzeko eta egiteko moduak, “plangintzarik gabe, epe motzeko neurriak indarrean jarriz, hiria adabatuz. Eta bitartean, hiritarrek kasuetako onenean itxaron besterik ezin dute egin, Belartzako aparkalekuaren eraikuntzak, bi edo hiru urte iraungo baititu. Ulertezina“.

Halaber, Santano alkateak proposatu duen beste konponbideetako bat, Gazteluzaharretik gertu dagoen aparkalekua 20 plazatik 41 plaza izatera handiagotzea izan da. “Hori bai, gunea ezagutzen duen edonork daki proposamen honek ez duela Arbesen eta Palmera Monteron sortzen den arazoa ebazten. Bi eremuen arteko distantzia besterik ez da ikusi behar, hortaz, beste inprobisazio bat argi eta garbi. Hala agerian geratzen dira, alkatearen plangintza eta etorkizuneko begirada eza. Kudeatzeko era honek, Irun partxez beteta izatea eragiten du, gure arazoetarako konponbide eraginkorrik gabe. Hau al da benetan Irunek eta bere herritarrek behar dutena? Partxeoa eta inprobisazioa? Guk etorkizunera, luzetara eta positiboan begiratzen dugu. Irun primerako hiri bat izatea nahi dugu. Eta horregatik Irunek jarreran, kudeaketan eta egiteko moduetan aldaketa behar du. Aparkalekua bezalako arazoek ezin dute hain erantzun eskasa eta elektoralista izan. Gobernu eta alkate batek hiriak dituen arazoak eta beharrak analizatu behar dituzte, hauek egoki planifikatu eta konponbide errealak eskaini. “Irun ezin da bihozkaden eta inprobisazioen bitartez gobernatu” esaten amaitu du Iridoyk.

Santano, Irun hobetzeko eta bere pertsonen ongizatea bermatzeko balio duten, 7 milioi euro blokeatzen ari da

Badira hilabete batzuk ezberdinen arteko akordioak bilatzeko Alkatearen ezintasuna ikusi eta salatzen dugula. Ez da gai Iruneri onurak ekarriko dizkion eta gure hiria hobetzea ahalbidetuko duten proposamenak aurrera ateratzeko ezinbesteko akordioak lortzeko. Eta erabakitzeko ezgaitasun horrek, hirian paralisia eta geldialdia sorrarazten du. Proiektu zehatzak dira, antzemandako beharrak, herritarren eskaerak, eta kaxoi batean gordeta daudenak, alkateak ez duelako nahi, edo ez delako gai beste talde politiko batekin akordioak lortzeko.

Gaur egun, Irungo Udala aurrekontu-luzapenean dago, nahiz eta martxoan Udalbatzako gehiengoak Alkateari Aurrekontuen Osoko Bilkura deitzeko eskatuz, mozio bat onartu zuen. Egoera horren aurrean, egoerari irtenbide bat eman beharrean, gobernu sozialistak eta Santano alkateak, aurrekontu faltak Irunen ez zuela eraginik sinetsarazi nahi izan zien irundarrei.

Baina ez, aurrekontu luzapen bat, erakunde bati, jarduerari eusteko eta inbertsioak egiteko aukera ematen dion mekanismo bat da, baina ez du ezer berririk hastea ahalbidetzen: ez inbertsio berriak, ez gizarte-ongizateko programa berriak, ezta aurrekontu parte-hartzaileetan herritarren proposamenak ere. Hau da, geldialdia eta paralisia.

Ez gabiltza huskeriez hizketan. Une honetan, 70,5 milioi euroko aurrekontua kudeatzen ari da Irun, 2019 aurrekontua 77,5 milioi euro baino gehiagokoa denean. Auzoetako jarduketetan, ongizate sozialeko hobekuntzetan edota egiten ari ez garen inbertsio berriak gauzatzen erabili litezkeen 7 milioi euro geldirik diru Irungo alkateak, desberdinekin adosteko ezintasunagatik. Hilabete bat igaro da mozioa onartu zenetik, eta ez dugu ikusten hiriaren aurrekontuen tramitazioa hasi nahi denik.

Are gehiago, paralisi egoera larritzen ari da. Duela egun batzuk, 2018. urteko likidazioa itxi du Irungo Udalak, eta honek beste 6 edo 7 milioi euro ditu (2019an sartuko direnak, azken zenbatekoa datozen egunotan jakingo da, 2018ko kredituen arabera).

Gure inguruko beste hiri batzuetan, udal gobernuek dagoeneko iragarri dute 2018ko likidazioaren emaitzetako diruarekin egingo dituzten jarduera eta inbertsio berriak. Irunek, ez. Baliabide horiek mobilizatzeko mekanismoa erraza eta ezaguna da: osoko bilkuran onartzen den kreditu-aldaketa bat.

Ezinbestekoa da ahalik eta adostasun handiena lortuz, udal taldeen artean, kreditu aldaketa bat adostea hala baliabideak mobilizatzeko. Gure hiriaren aniztasuna islatzen duen kreditu-aldaketa bat behar du Irunek, egun jasaten dabilen geldialdi eta luzapen egoera honetatik atera eta aurrera pauso batzuk eman ahal izateko.

Hori guztia dela eta, datorren apirilak 26an izango den udal osoko bilkurako, mozioa bat aurkeztu dugu. Bertan Santano alkateari, alderdi politikoekin negoziazioa hasteko eskatzen diogu, hala maiatzeko osoko bilkuran kreditu aldaketa proposamena egin ahal izateko, eta 2018 ekitaldiko likidazioa itxi ondoren eskura dauden baliabideak aplikatzeko.